Euskadik Estatuko araudia berrikusteko eskatuko du, industria elektrointensiboaren lehiakortasuna kaltetzen jarrai ez dezan

2021-03-03
  • Arantxa Tapia sailburuak topaketa izan du industria elektrointentsiboko ordezkariekin, azken araudi-proposamenen irismena aztertzeko
  • Eusko Jaurlaritzaren eta enpresen artean baterako lan-foroa sortzea proposatu da, planteamenduak koordinatzeko eta beste sektore batzuekin gatazkarik egon ez dadin

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, gaur arratsaldean, Euskadiko Industria Elektrointentsiboko ordezkariekin batu da, azken araudi-proposamenen ondorioak aztertzeko.

Bileran, industriako sailburuorde Javier Zarraonandia eta Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansola izan dira, besteak beste,eta baita honako enpresa hauetako ordezkariak: Arcelor Mittal, Petronor, Sidenor Aceros Especiales, S.L., Nervacero, S.A., Papresa, S.A., Papelera Guipuzcoana de Zikuñaga, S.A., Smurfit Kappa Nervión, S.A., Tubos Reunidos, S.L.U.,  Electroquimica de Hernani, S.A., Aludium, Aiala Vidrio, S.A., Fundiciones Wind Energy Casting II, S.L., Vicrila Industrias del Vidrio, S.L.; Befesa Zinc Aser, S.A.U., Tubacex, Olarra, MCC.

Egungo araudia zehatz-mehatz aztertzea eta industriari egin dakizkiokeen aldaketak eta/edo konpentsazio-proposamenak proposatzea erabaki da. Proposamen horiek Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoko Ministerioari bidaliko zaizkio.

Tapiak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak industria-politikan integratzen den politika energetikoan sinesten du, sektorea kostu energetikoetan lehiakor egingo duenean, industrian energiaren eskariaren aurrezpena eta kudeaketa sustatuz, berriztagarrien aprobetxamendua bultzatuz eta Euskadiko industriaren lehiakortasuna babestuko duen araudi-esparrua babestuz.

“Kontziente gara gaur egun sektorearen kostu elektrikoen eta Europako herrialde lehiakideetako –besteak beste Alemania eta Frantzia– industria intentsiboaren artean dagoen diferentzialaz”, esan du Tapiak. “Etorkizunean, handizkako merkatuetako energia elektrikoaren prezioa dela eta, gure ustez Espainiako merkatuak duen posizio lehiakorra hobe lezake, herrialde horiei dagokienez. Bestalde, gure ustez kostuen egungo diferentzial horren zati garrantzitsu bat egiturazkoa da, eta sistemaren kostu arautuetan oinarritzen da. Eta sistemaren kostu arautuetan bildu beharko genuke gure ahalegin guztia, eta, horretarako, ongi balioetsitako eta sistemarako defizit gehigarririk ekarriko ez duten proposamenak egin”.

Araudi berria eta Gobernuaren eta Enpresen arteko Foroa

Bileran, sistema elektrikoaren kostu arautuekin zerikusia duten oraintsuko araudi-proposamenak aztertu dira, besteak beste: kontsumitzaile elektrointentsiboen estatutua, sistema elektrikoaren jasangarritasunerako funtsa, tarifa-egutegi berria edo erreaktiboko eskakizun berriak.

Laburbilduz, oro har industriaren eta, bereziki, elektrizitate-kontsumitzaile handien itxaropenei erantzuten ez dien araudi bati bide ematen dioten alderdien batuketa.

Bi aldeek oso positiboki baloratu dute gaurko topaketa, arazoaren, energia-kostuetan duen eraginaren eta proposatutako neurrien berri zuzenean izateko.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren eta enpresen arteko lan-foro bat sortzearen alde agertu dira, araudiaren arrisku eta inpaktuetan sakontzeko, jarduera-proposamenak sortzeko eta lantalde batek beste sektore batzuekin gatazkak saihesteko. Foro horri esker, ibilbide-orri bat ezarri ahal izango da, Gobernu Zentralaren aurrean egin daitezkeen planteamenduetan modu koordinatuan aurrera egiteko.

 

2 iruzkin
  • 2021-03-04

    Erregai-pilen erabilera gehiago ere proposatzea; esaterako, ingurumen-inpaktua duten beste iturri batzuen mendekotasun energetikoa murriztea.

  • 2021-03-04

    Proponer también más uso de pilas de combustible por ejemplo reducir dependencia energética otras fuentes con impacto ambiental también.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak