Eusko Jaurlaritzak ‘bherria’-ren beste edizio bat abiarazi du, lankidetza publiko-sozialerako beste modu batzuk sustatzeko

2021-03-04
  • Programa Euskadiko administrazio publikoko langileei zuzentzen zaie

Vitoria-Gasteiz, 2021/03/04

Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko Sailak bherria programaren beste edizio bat jarri du abian, lankidetza publiko-sozialerako modu berriak sustatzeko. Programa Euskadiko administrazio publikoko langileei zuzentzen zaie; helburua da herritarren aktibazio-proiektuak sendotzea, ekintza kolektibotik ingurunearen hobekuntzan eragina izango dutenak.

Gaur –osteguna– abiarazten den ziklo berri honetan, lehen zikloan –2017– parte hartu zuten pertsonekin eginiko diagnostikotik eta ideien kontrastetik abiatuta diseinatu den programa jarri da abian. Zehazki, edizio berria hiru lan-ardatzen inguruan egituratzen da: lankidetza publiko-sozialarekin zerikusia duten alderdietan ekintzarako gaikuntzako jarduera irekiak; toki-mailan proiektuak garatzeko ezagutza praktikoa eta baliagarria eskuratzeko ikaskuntza-komunitatearen aktibazioa, eta zenbait gairi sakontasunez heltzeko topaketa irekiak eta espezifikoak.

bherriaren nobedadeetako bat da miaketa-lana egingo dela, nazioarte-mailan administrazio publikoaren eta herritarren arteko elkarlanarekin zerikusia duten esperientziak detektatu, bildu, sistematizatu eta harremanetan jartzeko.

Proiektuak esperientzia propioak uztartzera bideratuko diren urteko hiru lan-topaketa jasotzen ditu. Gainera, urtean beste bi topaketa egingo dira, jardunbide egoki zehatz baten inguruan lan egiteko, eta azterketa-kasu bat aurkeztu eta aztertuko da, oinarri eta ikaskuntza gisa baliatuko dena.

2017tik

bherria proiektua 2017an abiatu zen, Agoren bidez, kolektiboan hausnartzeko espazioa emateko, ezagutza partekatzeko, gizarte-berrikuntzako ekimenekin harremanetan egoteko eta lankidetza publiko-sozialerako formula berriak bilatzen lan egiteko sarea eraikitzeko. Lehen edizioan –70 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten– jasotako gako nagusien bidez bherria dekalogoa osatu zen.

Urtebete geroago, BherriLab jarri zen martxan, herritar laborategia, ekipamendu publikoen kudeaketa komunitarioaren erronkari erantzuteko. Administrazio publikoko eta herritarren ekimenetako 170 pertsona baino gehiago batzea lortu zuen.

2020an, Bherria egoitzaren bidez, Euskadin herritarren aktibazio-prozesuak sendotu ziren; Euskadiko administrazio publikoko 30 teknikarik baino gehiagok parte hartu zuten.

bherria izena “berria” eta “herria” terminoen arteko hitz-jokoa da. Web-plataforma du (www.bherria.eus) eta, hartatik, prozesuaren beraren jardueraren segimendua egin daiteke.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan