Amaitu da Oka ibaiaren ezkerraldean, Gernika-Lumo eta Murueta artean, dagoen pasealekuaren paisaia-hobekuntzako lanen lehen fasea

2021-03-04
  • Amaitutako obrak Urdaibaiko oinezkoen konektagarritasuna ahalbidetuko duen azpiegitura berde bat gaitzeko proiektuaren jarraipena dira
  • Lanen bidez, eremu degradatu bat berreskuratu ahal izan da, zoladura berria jarriz eta material eta forma naturalak dituen atsedenleku berri bat eginez

Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko Urdaibai Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak Gernika-Lumoko Udalarekin lankidetzan sustatutako lan berriak jarraipena ematen die Oka ibaiaren goiko estuarioko pasealekuak eta aisialdi-guneak hobetzeko abian jarritako lanei. Kasu honetan, Gernika-Lumo eta Murueta arteko pasealekuaren hasierako zatian zaharkituta geratutako eremua hobetzea eta naturalizatzea izan da egindako lanen helburua.

Lanak Urdaibairen bihotza den eremuaren paisaia-hobekuntzarako estrategia berriaren barruan sartzen dira. Padurabidea izeneko eremu espezifiko honetarako idatzitako proiektuen helburua da Gernika-Lumo eta Murueta arteko pasealekuko hainbat gune zaharkitu eta esanguratsu egokitzea, material eta forma naturalak erabiliz. Obra hau gauzatzearekin amaitu da lan horien lehenengo fasea, 47.983 euroko inbertsioarekin.

Lanak eremuan dagoen hormigoizko plataforma berdintzeko eta pinu zurez oholeztatzeko izan dira. Material naturalak erabiliz eta gainazal lau eta okerrak konbinatuz, mihise berri bat sortu nahi izan da paisaian, tapiz moduan. Atsedenleku berrian, pasealekuaren hiri-periferian ondoen integratzen diren formak eta elementuak hautatu dira.

Biosfera Erreserbaren Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren testuinguruan, Urdaibairen oinezko konektagarritasuna ahalbidetuko duen azpiegitura berde bat egiteko proiektuaren barruan egindako lanak dira.

Oinezkoentzako zenbait ibilbide egokituz, goiko estuarioko bi ertzen arteko mugikortasuna eta komunikazioa hobetzea lortzen da, eta, aldi berean, pertsonen sarrera libre eta kontrolik gabekoari dagokionez, ingurumen-balio oso handiko zenbait eremu babesten dira, bai eta esku hartutako eremuko natura eta kultura ondareari balioa ematea ere.

Duela bi urte espazio horretan jarritako kontagailuen arabera, 3.000 pertsona inguruk erabiltzen dituzte astero ibilbideak, eta datu horrek agerian uzten du proiektuak arrakasta izan dezakeela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak