Etxebizitza Sailak bi euskal arkitektura estudio lagundu ditu Veneziako Bienalean parte hartzeko

2021-03-03
  • Arquimañak bere #openbike a erakutsiko du –“garraio urbanoaren, fabrikazio banatuaren, elkarbanatutako jakintzaren... inguruko manifestua” suposatzen duen bizikleta– bai ekitaldi italiarrean, bai eta 2021eko Seuleko Bienalean ere.
  • Pezestudio Getafeko parke baten diseinua dela eta izan da hautatua, espazio publiko autosufiziente eta bioanitza. Ideia horiek Bilboko plaza batera eramango ditu Designscapes europar proiektuari esker.
  • Bi estudioek Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dute Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren eskutik, bi ekitaldi internazionaletan parte hartzeko.

XVII. Veneziako Arkitektura Bienal Internazioanalak bi euskal estudio gazteen presentzia izango du Lurrande Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailaren Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren laguntzarekin. Espainiako Pabilioiak Arquimañaren (Donostia) eta Pezestudioren (Bilbo) lanak erakutsiko ditu maiatzaren 22tik azaroaren 21era ospatuko den aurtengo edizioan.

Bi sinadurak azken urte hauetan haien dinamismo eta sormenari esker nabarmendu dira, Euskadin zehar esker ona irabaziz. Arquimaña Iñaki Albisturrek eta Raquel Aresek osatutako estudio donostiarra da, duela 10 urte sortua (martxoaren 3an egingo du hamarkada, hain zuzen ere). 2017an Euskal Arkitekto Gazteentzako Peña Ganchegi Sarien finalista izan zen, bi urtean behin MUGAK Bienalaren harira antolatzen den saria, Eusko Jaurlaritzaren eta Peña Ganchegui Artxiboaren eskutik.

Arquimaña #openbike deritzon lanagatik hautatua izan da. Egileen arabera “garraio urbanoaren, fabrikazio banatuaren, elkarbanatutako jakintzaren, komunitatearen eta baliabideen erabilera arduratsuaren inguruko manifestua” da. Manifestu horrek “edonoren eskura jartzen ditu kutsatzen ez duen garraiobide bat fabrikatzeko metodoak, bizikleta”.

Veneziara ez ezik, Seuleko Arkitektura eta Hirigintza Bienalera (SBAU 2021) ere eramateko deia jaso du. Dominique Perrault arkitekto frantsesak zuzentzen du eta irailaren 16tik urriaren 31ra ospatuko da. Arquimañak hiriei eskainitako eremuan izango du lekua, zehazki, ‘Craft digital’ sekzioan.

Gainera, kasu honetan, bizikleta bertan fabrikatuko da, Hego Koreako ‘fab lab’ batean, “merkantziak garraiatu gabe bertako produkzioa berreskuratzea” posible dela frogatzeko. Arquimaña bereizten duena da, hain zuzen ere, bere fabrikazio-digital tailer propioa duela.

Agroplaza bat Venezian
Pezestudio, bestalde, bere Agroplazagatik izan da Veneziarako hautatua. Agroplaza espazio publikoak autosufizientzia teknologikoaren eta energetikoaren terminoetan birformulatzen dituen kontzeptua da, baita elikadura-autosufizientziaren arloan ere; ‘hiri biotikoa’ esaten diote. Elementurik nabarmenena eskala naturaleko balantzin dinamodun bat da.

Estudioa Maé Durantek eta Elisa de los Reyes Garcíak zuzentzen dute eta ingurumen-eragina murrizten duten espazioak, eraikitze-teknika ekologikoak eta testuinguru kolaboratibo, jasangarri eta barneratzaileak bultzatzen dituzte.

Agroplaza proiektua Bilboko Kirikiño plazara egokitzen ari da, 2020an hasi zen parte-hartze prozesu baten bidez. Designscapes proiektu europarrari esker jarri zen abian, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren  ‘Bitartez’ Sormen Lantegien laguntzarekin.

Bai Arquimañak, bai Pezestudiok, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren laguntza eta babesa jasoko dute Veneziara joan ahal izateko, eta lehengoaren kasuan, baita Seulerako ere. Zuzendaritzatik “euskal arkitektura gazteak eman dituen pauso berriekin poztasuna” adierazi dute eta “arkitekturaren estimulu, sustapen eta difusio-politikek eragina izan dezaten” espero dute.

MUGAK 2021 edizioa
Venezia eta Seuleko bienalak ez ezik, aurten Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren hirugarren edizioa, MUGAK, ere ospatuko da. Azaroan izango da Donostian, Gasteizen eta Bilbon ‘Ondarea eta modernitatea’ lelopean eta José Ángel Medina izango du komisario.

Euskadiko Arkitektura Institutua (EAI-IAE) izango da MUGAK-eko egoitza nagusia, eta aurtengo erakusketa handia hartuko du bere baitan, Carme Pinós arkitekto katalanaren ingurukoa. Aurreko edizioetan bezala, hainbat erakusketa, hitzaldi, tailer, bisita gidatu eta proiekzio izango dira arkitekturaren, artearen eta kulturaren arteko mugak esploratzeko asmoz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak