Kontroleko osoko bilkura (2021/3/5)

2021-03-05

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, pandemiaren inguruko balantzeari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak pandemiaren inguruan bi balantze egin daitezkeela esan du: bat, giza balantzea; eta bestea, kudeaketarena. Giza balantzeari dagokionez, oroimena eta elkartasuna nagusitzen direla nabarmendu du. “Pertsona eta familia askok gertuko norbait galdu du edo ospitaleratze luzeak jasan dituzte.  Denok bezala. Hemen hitzak baino gehiago, gure enpatia eta elkartasuna adierazi nahi izan dugu: “Sempervirens”, beti gogoan”, adierazi du. Kudeaketaren balantzeari dagokionez, esan du birus ezezagun eta oso larri baten aurkako borroka etengabearen kudeaketa egin dela, arazo oso larriak gainditzeko etengabeko lana. “Zailtasun bakoitzari, “ur-bide” bakoitzari, konponbide bat eman behar izan diogu. Arazoak izan ditugu denok bezala eta izango ditugu, baina erantzun egin dugu”, gaineratu du.

Galdera, Jon Hernández Hidalgo Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Tubacexeko plantillaren egoerari buruz.

Lehendakariak agerian utzi du Eusko Jaurlaritzak Tubacexekin duen interesa eta arreta, eta azpimarratu du aspalditik ari direla lanean. Azken kontaktua joan den astean izan zen, sailburuak Tubacexeko zuzendaritzarekin eta ordezkaritza sindikalarekin harreman zuzena izan zuenean. "Elkarrizketarako eta bitartekaritzarako bide bat proposatu da, egoera kritiko hau gainditzeko akordio bat lortzeko. Enplegua galtzea da albisterik txarrena, eta, horregatik, bi aldeek irtenbide traumatikoak minimizatzeko bideak aztertu behar dituzte, birkokatzeen, aurre-erretiroen, eszedentzien edo pizgarri bidezko irteeren bidez ", zehaztu du.

Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa azpimarratu du eta gaineratu du laguntza-programa guztiak mantenduko dituela egoera gainditzeko, ahalik eta lanpostu gehien babesteko eta enplegu-aukera berriak sortzeko. "Hori da gure lehentasuna", adierazi du. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak, hasiera-hasieratik, "Jarduera eta enplegua babesteko era guztietako ekintzak" abiarazi dituela gogorarazi du: Elkargirekin kudeatutako Covid funtsa; Espainiako Gobernuari planteatutako ERTE eredua; Euskadin laguntza horiek osatzeko dekretuak.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Polularra- Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, COVID-19tik eratorritako krisi ekonomikoaren ondorioz prekarietatean dauden sektoreen babesgabeziari buruz.

Lehendakariak adierazi du pandemiaren eragina jasan duten eta jasaten ari diren euskal sektore ekonomiko guztiak Jaurlaritzaren eta erakunde publiko guztien babesa eta laguntza jasotzen ari direla. "Babesgabetasuna, prekarietatean dauden sektore eta kolektiboei ez, bat ere ez. Gertutasuna eta babesa bai, dena", adierazi du.

Hala, Urkullu lehendakariak nabarmendu du, ezezagunaren aurrean atsedenik gabeko borrokan, arazo oso larriak gainditzeko etengabeko lana lehenetsi dela; "Jaurlaritzaren dedikazioa izan da eta izaten jarraituko du". "Arazoak gertutik ezagutzen ditugu. Ez dut arazorik kontroleko osoko bilkura bakoitzean gogoraraztearekin. Horrela, jendaurrean erantzun ahal izango dut, Gobernuaren ekintza guztia azalduz. Ez zait gustatzen berriz ere egiaztatzea zuen irizpidea eta jarrera berdina izaten jarraitzen duela, Aurrekontua negoziatzera eseri nahi izan ez zutenean islatuta geratu zena", esan du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, pandemian zehar merkataritzaren eta ostalaritzaren aurka hartu diren neurrien ondorio sozialei buruz.

Lehendakariak ziurtatu du erabaki arduratsuak hartzen ari direla, ahalik eta orekarik onena bilatuz osasuna babestearen eta kalte ekonomiko eta sozialak murriztearen eta giza eskubideen zainketaren artean; eta, gaineratu du sektore kaltetuenei laguntzeko neurri guztiak aktibatzen ari direla. "Aste honetan Gobernu Kontseiluak merkataritzari laguntzeko neurri berriak onartu ditu. Turismo, ostalaritza eta merkataritzarako onartutakoei gehitu behar zaizkie. Iaz 70 milioi euroko laguntzak onartu genituen eta lehen hiruhileko honetan 37 milioi euro gehiago onartu ditugu ", zehaztu du. Lehendakariak berriro esan du etsai bakarra birusa dela, eta laguntzarik onena neurriak zorrotz eta erantzukizunez betetzea dela.

Galdera, Oihana Etxebarrieta Legrand EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Martxoaren 8ko kanpainak instituzioetan duen egoerari buruz.

Martxoaren 8ari begira, Lehendakariak azpimarratu nahi izan du berdintasunak zaintza-lanetan duen balioa. Zaintza-lana emakumeei egokitzen zaiela begi-bistako den honetan, Lehendakariak dei egin du zeregin horiek gehiago partekatzera emakumeen eta gizonen artean, baita erakunde publikoen eta familien artean ere; enpresen eta hirugarren sektorearen artean. “Denoi dagokigulako zaintzea, zaintza lanak banatu egin behar direlako. Emakume eta gizonen artean; gizartearen eta erakundeen artean. Hau denon artean egin beharreko lan bat delako. Azken finean, gizartean zaintzak antolatzea eta, bestetik, zaintzak erakundetzea, gizarte bat gizatiarrago bihurtzen du”, adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak