Beatriz Artolazabalek esan duenez, “memoria kolektiboa eraikitzeak bizikidetza finkatzen lagunduko digu”

2021-03-03
  • Sailburuak 1976ko martxoaren 3ko gertakariak Zaramagako auzokide zela bizi izan zituen
  • Zaramagako San Frantzisko Asiskoa elizan zentro memoriala sortu izanak gertatu zena ez ahanzten lagunduko du

 

Vitoria-Gasteiz, 2021/03/03

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak gaur esan duenez, “lana dago egiteko, memoria kolektiboa eraikitzeko. Garrantzitsua da memoria kolektiboa sortzea, bizikidetza finkatzeko”. Martxoaren 3an Vitoria-Gasteizen izan ziren gertakarien 45. urteurrenean, sailburuak bost hildakoak ekarri ditu gogora: José Castillo García, Bienvenido Pereda Moral, Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente eta Pedro María Martínez Ocio. “Haien lan-eskubideak defendatzeagatik hil ziren”.

Beatriz Artolazabalek zuzenean ekarri ditu gogora 1976ko martxoan izan zituen bizipenak, Zaramagako auzokidea baitzen. “Nik 5 urte nituen, txikia nintzen, baina, halere, egun horiek buruan ditut gordeta, eta orduko sentsazioa gogoratzen dut, beldurrarena”. “Ahizpak eta biok kontzentrazio handiak ikusten genituen etxeko leihotik, jendea korrika, sua eta polizia armatua autobusetatik jaisten, kasko biribilekin eta koloretako zapiekin lepoan. Tiro-hotsak entzun izana gogoratzen dut. Gogoratzen dut, halaber, eskolara joateko San Frantzisko Asiskoa elizatik igaro behar genuela eta, bertan, langileen taldeek biltzarrak egiten zituztela, eta, batik bat, buelta izaten zela zaila, kontzentrazio handiak eta polizia armatua egoten baitziren. Txikiak ginen, baina bagenekien gertatzen ari zena larria zela, eta beldur ginen”.

Koldo Camporekin Radio Popularren izan duen elkarrizketan, sailburuak esan du martxoaren 3ko biktimen zentro memoriala sortu izana “gertakari tragiko horien aintzatespena” dela, eta “gertatu zenaren memoria presente mantentzeko modu bat” dela, “berriro gerta ez dadin lagundu dezakeena”.

Zehazki, duela egun gutxi, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Gasteizko Elizbarrutiak publiko egin zuten haien akordioa, Zaramagako San Frantzisko Asiskoa elizan egoteko martxoaren 3ko biktimen zentro memoriala.  Sailburuak esan duenez, zentro memoriala sortzeko gizarte-eragileen eta erakundeen arteko elkarlana beharko da, eta eskua luzatu die, elkarlanean jarduteko eta eraikitzeko. Bestalde, agente sindikal batzuen aldentzea gaitzetsi du; izan ere, bere iritziz, “memoriaren liburuaren kapitulu guztiak irakurri behar dira, eta ez gutxi batzuk”. “Biktimak gure memoria-politikaren erdigunean daude, eta aintzatespen hau egin behar zaie 1976ko martxoaren 3an Vitoria-Gasteizen izan ziren gertakariei”.

Zentzu berean, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren azken ekintzak aipatu ditu; Gerra Zibilarekin zerikusia duten bi ekimen aurkeztu ditu, oraintsu. Batetik, gerra horrek Euskadin utzi zituen biktima hilen datu-basearen web-bertsioa (hildakoen 20.970 fitxa jasotzen ditu), eta, bestetik, “2015-2020 aldirako EAEko Plana, hobien kokapena ikertzekoa, Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatu eta identifikatzeko” planaren azken emaitzak. “Estatu-mailan memoriaren arloan lan egiteko moduaren adibidea, eta zer gertatu zen ezagutzeko aukera bat; izan ere, batzuetan isilpean gordearazten da, baita familien barruan ere, berriz gerta ez dadin”.

Martxoaren 8a

Berdintasuneko sailburuak esan du martxoaren 8a aldarrikapen-eguna dela; “izan ere, oraindik bidea dago egiteko, Euskadin emakume eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko”. Horretarako, “sen ona eta erantzukizuna” aldarrikatu ditu. “Osasun-egoera zaila da, eta kontzentrazio masiboak kutsadura-foko izan daitezke”, esan du. “Modu asko daude berdintasunaren alde lanean jarraitu behar dugula aldarrikatzeko, eta erantzukizunetik abiatuta egin daiteke”.

Emakunderen kanpainak aurtengo martxoaren 8rako zaintzen eremuaren feminizazioa izango du ardatz, eta honako galdera hau planteatuko du: “nork zaintzen du?”. “Ikusezina ikusarazten saiatzen gara", esan du Artolazabalek. “Erdigunean zaintzak jarri behar dira, eta zaintzen duten pertsonen balioa nabarmendu; izan ere, gutxi baloratzen dira, eta guztiok behar ditugu zaintzak, gure bizitzako uneren batean”.

Euskadiko Berdintasun Legea 2005ean jarri zen abian, eta “aitzindaria” izan zen; orain, hura eguneratzea proposatzen da, “handizaleagoak eta berritzaileagoak izateko”. Berdintasuneko sailburuaren hitzetan, “arau berri horrek zaintzen eremua jasoko du eta, batik bat, desberdintasunaren adierazpen nagusienean zentratzen da, indarkeria matxistan; hala, laguntza gehiago bideratzen ditu emakume biktima eta haien seme-alabetara”.

Azkenik, sailburuak, elkarrizketan, Gazteria Legearen proposamena ere aipatu du; haren bidez, emantzipazio-adina jaitsi nahi da 2030erako, 30 urtetik 28 urtera. “Mahai gainean jarri dugu erakundeen eta Eusko Jaurlaritzako sailen arteko lankidetza zer beharrezkoa den, helburu hori betetzeko”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak