Berriak Segurtasuna

Erkorekak nabarmendu du atzokoa “batzar atsegina” izan zela eta hainbat gai aztertu eta bideratu zirela

2021-03-03

Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkoreka elkarrizketatu dute, gaur goizean, Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan. Bertan, gizartearen, instituzioen eta politikaren gaurkotasunaren gai nagusiak izan ditu hizpide.

Gaur goizean Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak azpimarratu du atzo lehen presidenteorde Carmen Calvorekin Moncloan izandako batzarra “atsegina” izan zela eta hainbat gai aztertu eta bideratu zirela, bertan.

Transferentzien inguruan, Erkoreka lehendakariordeak adierazi du asmoa, martxorako, esku artean dituzten lehentasunezko 7 eskumenak adostuta edukitzea, eta posible den kasuetan transferentzia gauzatu ahal izatea dela. Espetxe kudeaketaren eskumenari buruz, esan du, gaur egun transferentzia honek ez duela oztopo berezirik, eskumen potoloa dela eta hori lantzeak bere denbora behar duela, baina aurrera doala.  Bestalde, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren eskumena atzeratu egin dela onartu du. Josu Erkorekak esan du politika berri bat izanik Gobernu Zentralak, transferentzia gauzatu aurretik, landu beharra daukala, baina eskumena bideratzeko Espainiko Gobernuaren konpromisoa hor dagoela.

Koronabirusaren aurkako borrokari dagokionez, lehen lehendakariordeak kogobernantzan oinarritutako kudeaketa positiboki baloratu du; eta azaldu du astero ospatzen dela Lurralde arteko Osasun Kontseilua neurriak koordinatu ahal izateko.

Datorren ostiraleko LABI-aren bileran har daitezkeen neurrien inguruan galdetuta, Erkorekak esan du, datuak kontuan hartuta, ahal den neurrian, neurriak malgutu nahi dituztela, baina hori Batzorde Teknikoak egiten duen irakurketaren araberakoa izango dela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak