Eusko Jaurlaritzak 2021eko Euskadi Literatura Sarien deialdia onartu du (Gobernu Bilera 2021-3-2)

2021-03-02

Eusko Jaurlaritzak aurtengo Euskadi Literatura Sarien deialdia onartu du gaurko Gobernu Kontseiluan. Guztira 150.000 euro bideratzen ditu Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi modalitatetako lanik onenak saritzera, 18.000 euroko saria modalitate bakoitzeko. Bizirik dauden egileek 2020an kaleratutako lan onenak saritzen dira. Gainera saritutako lanen egileek, euskarazko itzulpenaren kasuan salbu, beste 4.000 euroko sari bat ere jasoko dute beraien lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batera itzultzen bada. Euskadi Literatura Sarien helburua idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzea eta zabaltzea da.

Euskadi Literatura Sariak honako zazpi modalitateetan banatzen dira:

  1. Euskarazko literatura: jatorriz euskaraz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2020. urtean argitaratuak.
  2. Gaztelaniazko literatura: jatorriz gaztelaniaz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2020. urtean argitaratuak.
  3. Euskarazko haur eta gazte literatura: jatorriz euskaraz idatzitako haur eta gazte literatura-sorkuntzako lanak, lehen aldiz 2020. urtean argitaratuak.
  4. Euskarazko literatura itzulpena: beste edozein hizkuntzatatik euskarara itzulitako literatura lan berriak, lehen aldiz 2020. urtean argitaratuak. Saria eskuratzeko aukera izango dute, baita ere, beste itzultzaile profesional batek gutxienez hamar urte lehenago argitaratutako lan beraren beste itzulpen batekin editatzen diren lanek.
  5. Literatura lanaren ilustrazioa: liburu tankeran argitaratutako literatura lanak (albumak, liburu ilustratuak, nobela grafikoak, komikiak), ilustrazio-zati esanguratsua dutenak. Lanaren zati ilustratua originala izan behar du, 2020. urtean argitaratua eta aurretik liburu moduan argitaratu gabea.
  6. Euskarazko saiakera: jatorriz euskaraz idatzitako saiakera-lanak, lehen aldiz 2020. urtean argitaratuak.
  7. Gaztelaniazko saiakera: jatorriz gaztelaniaz idatzitako saiakera-lanak, lehen aldiz 2020. urtean argitaratuak.

Saridunak modalitate bakoitzerako sortutako bost kideko epaimahaiak aukeratuko ditu. Epaimahaikide bakoitzak hautagai bat edo bi aurkeztu ahal izango ditu. Irabazleak gehiengoz erabakiko dira.

Euskadi Literatura Sarien irabazleak udazkenean ematen dira jakitera eta urteko azken hiruhilekoan egiten da sari banaketa ekitaldia ere

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko