Ordizian eta Zaldibian nikel-mailak airean % 90 baino gehiago murriztu dira neurri zuzentzaileei esker

2021-03-02
  • Estandar europarrak erabiliz bi enpresek hartutako neurri zuzentzaileak eraginkorrak izan dira, eta azken sei hilabeteetan nikel-mailak beren muga-balioaren oso azpitik daude  
  • 2019ko irailetik abendura bitarteko eta 2020ko irailetik abendura bitarteko epeak alderatuz gero, nikela % 92 murriztu da, eta beste metal batzuk —adibidez, burdina, kobrea, manganesoa edo kromoa— % 73 eta % 92 artean
  • Eusko Jaurlaritzak bertan nahastuta dauden udalei emaitza horien berri eman die; datu on horiekin jarraitzea zainduko du, eta Euskal Autonomia Erkidegoan antzeko arazoak dituen beste lekurik ba ote dagoen analizatzen ari da bertan jarduteko
  • INOX Proiektuan jasotako ondorio berriak atera dituzten hogeita hamar bat eragile publikok eta pribatuk emandako laguntza ere eskertzen du. Ondorio horiek kontuan hartuz, orain, Estatuko gainerako herrialdeak prebenituko dituzte

 Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzak egiaztatutako emaitza onak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen (EGJI) Sailak Ordiziako eta Zaldibiako Udalei jakinarazi dizkie, ingurune horretan airearen kalitatea hobetzeko proiektua gauzatu ondoren.

Azterketan jasotakoaren arabera, emisioen kalitatea zuzendu duten bi enpresetan egindako inbertsioen bidez, Ordiziaren ipar-ekialdean eta Zaldibian nikel-mailak airean izugarri murriztea lortu da.  

2020ko bigarren seihileko balioak oso onak izan dira, eta ingurune horretan 2019ko udazkena eta 2020ko udazkena alderatuz (azken urte honetan neurri zuzentzaile guztiak ipinita eta bi enpresak aurreko urteko maila bertsuan funtzionatzen), nikela % 92 murriztu da. Gaur egun, balioak urtarrilaren 28ko 102/2011 Errege Dekretuan —airearen kalitatea hobetzeari buruzkoa— kutsatzaile horrentzako finkatutako muga-balioaren oso azpitik daude. 

Alderatutako aldi horretan, beste metal batzuen —airearen kalitatean arautu gabeak— kontzentrazioa ere murriztu da. Kaptadoreen bidez egindako neurketetan metal horiek nikelarekin erlazionatzen zituzten: burdin, kobre, manganeso eta kromoaren kontzentrazioak % 73 eta % 91 artean murriztu dira.

Hori guztia kontuan hartuz, gaur egun gune horretan metal eta PM2,5 partikulen mailak Euskal Autonomia Erkidegoko beste hiri-ingurune batzuen oso antzekoak dira, eta airearen kalitatean araututako muga-balioen oso azpitik daude.

Aztertu dituzten enpresei dagokienez, nikelaren muga-balioak ezartzen dituen aplikatzekoa den ingurumen-araudirik ez egon arren, bi instalazioek, aldizka, nikela kontrolatuko dute aztertutako fokuetan, eta erreferentzia gisa, Alemaniako legerian jasotako muga-balioa hartuko dute (TA Luft 2002. urtea).

Halaber, enpresek euren arazketa-sistemetan aldizkako mantentze-lanak egingo dituztela ziurtatuko dute, eta EGJIren Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzak alderdi horien jarraipen espezifikoa egingo du. Arazoaren berri izan zen unetik, bi enpresek jarrera proaktiboa eta soluzioak berehala bilatzen hasteko gogoa erakutsi zutela azpimarratu behar da.

Eusko Jaurlaritzak inguru horretako airearen kalitatearen jarraipena egiten jarraituko du, Urdaneta ikastolan kokatutako kaptadorean egunero laginak hartzen jarraitzen dutelako parte hartzen ari den INMA (Haurtzaroa eta Ingurumena) proiektuaren esparruan.

Bertan jasoko den informazioa interesgarria izango da immisio-datuen bilakaera egiaztatzeko eta burututako ekintzen eraginkortasuna denboran luzatzen dela ikusteko.

Ikasitako ikasgaiak / INOX proiektua

Ikasitako ikasgaien artean, eta ondorio gisa, esan behar da altzairu herdoilgaitzeko piezen arku-aire bidezko ebaketa-jarduera zatiki partikulatu txikiko (PM2,5) emisioaren eragile izan daitekeela identifikatu dela. Kasu horretan, altzairu herdoilgaitzaren ezaugarrien ondorioz, metal astunen  —adibidez, nikela eta kormoa— kontzentrazio handiekin azaltzen da.

Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak proiektu berri bat jarri du martxan altzairu herdoilgaitzeko arku-aire bidezko ebaketa-operazioa egiten duten jardueren inpaktua jasan dezaketen Euskal Autonomia Erkidegoko zonak identifikatzeko.

Proiektuari INOX Proiektua izena jarri zaio eta gaur egun gauzatzen ari da. Bestalde, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari eta gainerako autonomia-erkidegoetako ingurumen-organoei azterketa horri buruzko informazioa igorri zaie, euren lurraldeetan kokatzen diren jardueren inguruan kontuan hartzeko.

INFORMAZIOA: https://www.euskadi.eus/dokumentazioa/2021/ordizian-eta-zaldibian-atmosferan-nikela-egoteari-dagokionez-eginiko-azterlana-eta-hartutako-neurriak/web01-a2ingair/eu/

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak