Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Enplegu-erregulazioko espedienteetan sartu diren langileen kopuruak % 51 egin du behera aurtengo lehenengo bost hilabeteetan

2011.eko ekainak 27

 

  • 8.044 pertsona sartu dira enplegu-erregulazioko espedienteetan urtarriletik maiatzera bitartean
  • Aldi horretan 601 espediente erregistratu dira, 2010. urtean baino % 39 gutxiago

Sonia Pérez Laneko sailburuordea Legebiltzarraren aurrean mintzatu da gaur, Euskadiko Administrazioak ebazten dituen enplegu-erregulazioko espedienteen (EEE) egoeraren berri emateko. 2010eko urrian izan zuen azken agerralditik bai espedienteen kopuruak bai horietan dauden langileenak izan duten murrizketa azpimarratu du Pérezek.

2011ko urtarriletik maiatzera baimendutako espedienteak 601 izan dira, 2010. urteko epe berean baino % 39 gutxiago, eta 2009. urteko epe berean baino % 46 gutxiago.

Murrizketa are handiagoa izan da langileen kasuan; izan ere, 8.044 langile sartu baitira espediente horietan, 2010. urtean baino % 51 gutxiago, eta 2009.ean baino % 77 gutxiago.

Horrela, maiatzaren amaieran 16.139 langile zeuden enplegu-erregulazioan euskal enpresetan; eta hori 2009ko urtarriletik hona izandako kopuru txikiena da.

Enplegu-erregulazioko espedienteen eta horietan dauden langileen kopuruek duten beherazko joera horrek agerian uzten du industria-jarduera izaten ari den nolabaiteko susperraldia, eta enpresetan konfiantza berreskuratzen ari dela, industriaren sektorean baimentzen ari diren espedienteen kopuruak islatzen duen moduan.

Sailburuordeak espedienteen adostasun-maila handia azpimarratu du; izan ere, horrek agerian uzten baitu enpresaburuen eta langileen konpromisoa eta ardura barne-malgutasuneko konponbideak bilatu eta adosteko, kaleratzeen alternatiba gisa.

Horren ildotik, Gizarte Planen edukia aberasteko eta horien negoziazioan langileen partaidetza aktiboa sustatzeko beharra dagoela nabarmendu du, plan horietan behar diren neurriak jaso daitezen; alde batetik, espedienteen ondorioak leuntzeko (besteak beste, langileak beste lanpostu batzuetan jartzeko eta prestakuntza emateko neurriak), eta, bestetik, enpresaren jarraikortasuna eta bideragarritasuna ahalbidetzeko, barne-malgutasunaren bidez, berregituratze-planen ondorioen garrantzia murrizte aldera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan