Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak marihuana indoor hazten zuen talde kriminal bat desegin du Bizkaian

2021-02-27

“Lauki” izeneko operatiboaren baitan, Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiak 5 pertsona atxilotu zituen ikertu gisa droga-trafikoan ari zen talde kriminal bateko ustezko kideak izateagatik. Operatiboan Gueñeseko industria-pabiloi bat ikuskatu zuten, eta 900 marihuana-landare baino gehiago zituen indoor plantazio bat aurkitu zuten.

“Lauki” operazioa joan den ostegunean burutu zuten Gueñesen, Bizkaian, eta Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiak, Esku Hartzeko Unitatearen laguntzaz, 25 urtetik 34 urtera bitarteko 5 gizonezko atxilotu zituen. Guztiei droga-trafikoaren delitua leporatu diete. Polizia-baliabideek 900 marihuana-landare eta landareak barruan hazteko prestatutako instalazioa aurkitu zituzten industria-nabe batean.

Osasun Publikoaren aurkako Delituen Atal Nagusiak egin duen ikerketari 2020ko abenduan eman zitzaion hasiera, eta egiaztatu ahal izan zuen bost atxilotuek parte hartu zutela pabiloia egokitzen eta plantazioa zaintzen.

Industria-nabean egindako ikuskapenean era guztietako elementuak, besteak beste, bero-lanparak, haizagailuak, aire girotua, ureztatze-sistema automatikoa, haizebideak, isolatzaileak, filtroak, erauzgailuak eta abar zituen instalazio bat aurkitu zuten, bai eta aire konprimatuko karabina bat eta pistola simulatu bat ere, eta biak konfiskatu zituzten. Landareak ia helduta zeuden, ia berehala biltzeko moduan.

Sistema guztien funtzionamendurako beharrezko argindarra iruzurrez hartuta zegoen inguruko erregistro elektriko batetik, hori ere legez kontrako beste egintza bat izanik, eta, gainera, argindarraren horniduraren ikuspegitik, arriskuan jartzen zuen inguruko segurtasuna.

Ertzaintzak erretiratu egin zituen landareak hazteko erabilitako elementuak eta 900 marihuana-landareak. Bost atxilotuak gaur egunean zehar jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak