Eusko Jaurlaritzak, maiatzean, programa berri bat aktibatuko du, 100 milioi eurorekin, udalak Jasangarritasun energetikoaren Legera egokitzeko

2021-03-01
  • Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Eudelekin elkarlanean aritzeko beste mekanismo bat jarri du martxan suspertze ekonomikoa eta trantsizio energetikoa toki-erakundeen eskutik ere bultzatzeko
  • Maiatzean, informazio-saio batzuk antolatuko dira udalekin, udalerrietan eragin zuzena duten ekimen guztiak zehaztuz

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko ordezkariek EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko arduradun nagusiekin informazio-bilera egin dute. Bertan, bi erakundeek konpromisoa hartu dute haien arteko harremanak areagotzeko eta Eusko Jaurlaritzak berrikuntzaren, trantsizio energetikoaren eta ingurumenaren arloan dituen politikak euskal udalerri guztietara zuzenean iritsiko direla bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egindako bileran Arantxa Tapia sailburua eta Eudeleko lehendakari eta Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran izan dira buru.

Tapiak bere sailak udalerrietan aurreikusitako eta eragin handia izango duten ekintza-programa guztiak azaldu ditu; programa horiek oso garrantzitsuak izango dira legealdi honetan Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen jasangarrian aurrera egiteko.

Sailburuak azaldu duenez, eraldaketa sozioekonomiko eta energetiko nagusiek jarduketa estrategikoak eta garrantzitsuak beharko dituzte, Next Generation funtsei oso lotuta daudenak eta aste honetan ezagutzera ematen ari direnak bezalakoak; baina, aldi berean, Eusko Jaurlaritzak modu erabakigarrian babestuko dituen beste ekintza asko, xumeagoak eta zehatzagoak, ere beharko dira.

Bestalde, Gorka Urtaran presidenteak eskerrak eman dizkio sailburuari lehen eskuko informazioagatik, eta Udalekin koordinatuta aritzeagatik, “pozik gaude Eusko Jaurlaritzaren lan-ildoak ezin hobeto egokitzen zaizkigulako gure lehentasunekin. Gaur, Eudelen, erakundeen arteko lankidetzaren gidaliburua jaso dugu, gizarte-ongizate handiagoa duten, ekonomia berde berrian lehiakorrak diren eta ingurumenaren aldetik jasangarriak diren euskal herri eta hiriak egiteko. Eudelek lankidetza-kanala errazteko eta udalerririk txikienera irits dadin lan egingo du”.

Gauzatu Energia

Ekimen apurtzaile eta berritzaileena Gauzatu Energia programa berria da. Bertan Eusko Jaurlaritzak 100 milioi euro jarriko ditu udalen esku, Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019  Legea betetzen aurrera egin dezaten energia-planak beren gain hartzen eta gauzatzen laguntzeko.

2019az geroztik indarrean dagoen Lege horren bidez, erakunde publiko guztiei eskatzen zaie euren “energia garbiaren” adierazleak 2030era arteko denbora-eszenatoki batean hobetu ditzaten.

Legea betetzeko udalek inbertsio-ahalegin handia egin beharko dute. Horregatik sortu da 100 MM-ko hornidura eta bi lankidetza-formula dituen Gauzatu Energia programa.

Alde batetik, datorren udaberrian Energiaren Euskal Erakundeak jaulkiko duen programa bat, 10 milioi euroko dirulaguntzekin, Udalek eta toki-erakundeek beren "osasun energetikoaren" inguruan duten egoerari buruzko auditoriak egiteko.

Bestalde, Finantzen Euskal Institutuak kudeatutako “0” intereseko finantziazio-bide bat, energia garbiaren efizientzia- eta kontsumo-maila hobetzera bideratutako udalen auditoriatan aurreikusten diren ekintzen inbertsioei aurre egiteko.

Berrikuntza eta suspertzea tokian-tokian

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ahalegin berezia egingo du toki-erakundeek enpresa-berrikuntzako politiketan aktiboki parte hartzeko; hala, Enpresentzako Laguntza Plana 2021 eskaini du Toki eta Eskualde Garapeneko Agentziek, aldi berean, laguntza horiek euskal geografia osoan barreiatuta dauden enpresa txiki eta ertain txikienei helarazteko.

Gune kaltetuak eta lurralde-oreka

Halaber, Nagore Alkorta (Azpeitia) eta Antonio Santano (Irun) Eudeleko lehendakariordeek ere parte hartu duten bileraren zati bat INDARTU programari eskaini diote, Ezkerraldeko, Oarsoaldeko eta langabezia Euskal Autonomia Erkidegoaren batezbestekoaren gainetik duten lekuetako gune kaltetuetan ekonomia suspertzeko laguntzak (itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak) bideratzeko asmoz.

Programa horri landa-inguruneko eta itsasertzeko udalerritan ekonomia suspertzeko beste ekimen batzuk gehituko zaizkio, esaterako Erein, Leader eta Itsaspen, lurralde-oreka handiagoa ahalbidetzeko eta gune txikienak, bizitzeko erakargarriak izateaz gain, lan egiteko ere erakargarriak izan daitezen.

Ingurumena hobetzeko laguntzak

Halaber, euskal udalerrietan zuzenean eragingo duten beste hainbat jarduketari buruz ere hitz egin dute, hala nola energia berriztagarriak sortzeari, ingurumen-proiektuak bultzatzeari, Udalsarea Hitzarmena berritzeari, eta herri eta hirietako saneamendua eta arazketa hobetzeari buruz.

URA Uraren Euskal Agentziak udalerrien eskutik jarduten du, ubideak, ibaiertzak eta errekak lehengoratzeko, kontserbatzeko, berreskuratzeko eta ingurumena hobetzeko lankidetza-protokoloen bidez.


Era berean, partaidetza-prozesu bat irekitzea planteatu da toki-erakundeekin, hiri-erabilerako uraren ziklo integralari buruzko arautegiari, Plan Hidrologikoari eta uholde-arriskua kudeatzeko Planari ekiteko.

Arrantza- eta laket-portuak

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailera atxikitako Portuen Zuzendaritzak aurreikusi du esku hartzeak egitea, arrantza- eta laket-portuak hobetzeko jarduketen bidez kostaldeko udalerrietan eragina izango duten hobekuntzak eginez.

Horretarako, Mutriku, Bermeo, Hondarribia, Getaria, Lekeitio eta Ondarroa, Donostiako arrantza eta aisialdiko portuak hobetuko dituzte.

Elikadura

Tokiko eta sasoiko produktuak sustatzeko eta lehen sektoreari laguntzeko azokek eta merkatuek ere hainbat ekimen aipagarri dituzte.

EUDELek 2018ko urritik parte hartzen du Euskadiko Elikagaien Xahutzearen aurkako Plataforman, eta, beraz, haren lankidetza eta elkarrizketa garrantzitsuak izango dira hainbat ekintza gauzatzeko.

Tokiko merkatuek laster izango dute beren ordenantza. Ordenantza hori lantzen ari dira udalekin eta landa-garapeneko elkarteekin batera, eta Eudelek talde teknikoan parte hartuko du. Eta azpimarragarria da, halaber, Euskal Azoken Sarea ekimena, Gipuzkoan sortu baita, Euskadira zabaltzeko asmo argiarekin.

Udal guztientzako informazio-saioak apirilean

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta EUDELen zuzendaritzak informazio-saioak koordinatuko dituzte Eusko Jaurlaritzak jarduera horiei buruzko informazio zehatza udal guztiei eman diezaien.  Informazio-saioak apirilean egingo dira eta, EUDELen bidez, udalei behar besteko aurrerapenaz deituko zaie.  

 

 

 

 

2 iruzkin
  • 2021-03-01

    Proiektu jasangarri bultzatu ahalik eta gutxien edo ezer ere ez energia kontsumoz

  • 2021-03-01

    Establecer inversiones incluso en temas accesibilidad con mínimo impacto ambiental minimizando si no puede ser nulo consumo energético

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran (Eudeleko presidentea); Nagore Alkorta (presidenteordea) José Antonio Santano (Eudeleko presidenteordea)