900 840 111 zerbitzuak, konfinamenduan, elkarrizketa klabea sortu zuen, erasotzailearen aurrean deitzen zuten emakume biktimen deiei erantzuteko
- Indarkeriaren biktima diren emakumeei telefono bidezko arreta emateko zerbitzuak 1.961 pertsonei eman zien arreta 2020an
- Taldea osatzen duten zortzi profesionalek autozaintza azpimarratu zuten, haien egoera emozionala babesteko
- “Edozein emakume izan daiteke indarkeria matxistaren biktima, hau genero-desberdintasunaren adierazpen nagusiena delako” nabarmendu du Artolazabalek
Bilbo, 2021/03/01
Satevi indarkeriaren biktima diren emakumeei telefono bidezko arreta emateko zerbitzuak (900 840 111) jarduketa-protokoloa aldatu zuen 2020ko konfinamenduko hileetan. Hala egin zuen, erasotzailearen aurrean deitzen zuten emakume biktimek monosilaboekin erantzun ahal izateko, haien deiaren motiboaren zantzurik eman gabe. Horretarako, elkarrizketa klabea sortu zen, zuzeneko erantzunak errazteko; protokoloak aktibo jarraitzen du, antzeko egoeretarako.
Hori da Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak eta Oiane Zarate zerbitzuko koordinatzaileak Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin eta Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin batera prentsaurrekoan aurkeztu duten nobedadeetako bat.
“Bagenekien 900 840 111 funtsezko zerbitzua zela, baina, ia dena gelditu zen hileetan, egokitzeko izan zuen gaitasuna ezinbestekoa izan zen”, esan du Artolazabalek.
Oro har, emakumeek zerbitzura egoera egokian daudenean jotzen dute. Dei gehien jasotzen den asteko eguna astelehena izaten da; izan ere, “orduan utzi dituzte emakumeek seme-alabak eskolan eta orduan ez dago erasotzailea haien alboan”. Konfinamenduan, une horiek desagertu egin ziren, “eta egun guztiak ziren berdinak”.
Zehazki, martxoaren eta maiatzaren bitartean, 422 emakumek deitu zuten 900 840 111 zenbakira, erasotzailearekin bizi ziren bitartean, “batzuek erasotzailea erosketa egitera edo zaborra ateratzera irten zela aprobetxatu zuten”. Gainera, beste 408 emakumek indarkeria eta/edo mehatxuak jasaten zituztela ohartarazi zuten, nahiz eta erasotzailearekin etxebizitza ez partekatu.
Sailburuak honako hau nabarmendu du: “edozein emakume izan daiteke indarkeria matxistaren biktima”, eta “hori genero-desberdintasunaren adierazpen nagusiena da”. “Gizon horiek emakumeen gainean indarkeria baliatzen dute, gizonak direlako eta besteak emakumeak direlako”, azpimarratu du.
Bestalde, Sateviren profesionalen taldea zortzi emakumek eratzen dute; taldeak autozaintzarako bere mekanismoak aplikatu zituen, profesionalen beraien konfinamenduan ere, biktimei arreta eta orientazioa emateko behar den egoera emozionala neutroari eusteko. Horretarako, laguntza-espazioak gaitu ziren, dei edo bideodeien bidez.
2020ko balantzea
Iaz, Satevik 2.674 dei jaso zituen, guztira 1.961 eskatzaileren eskutik. Dei horien jatorriari begira, %55 Bizkaikoak izan ziren, % 26 Gipuzkoakoak eta % 16 Arabakoak. Gainera, deien % 3 EAEtik kanpokoak izan ziren, gehienak Euskadin bizi diren biktimen pertsona hurbilen eskutik.
Arreta jaso zuten 1.961 pertsonetatik 1.322 indarkeria-egoeran dauden emakumeak eurak izan ziren. 468 biktimen hurbileko pertsonak izan ziren, eta 171, profesionalak. Arreta jaso zuten emakume guztietatik 13 haurdun zeuden, arreta jaso zuten unean, eta guztiak ziren bikotekideak edo bikotekide ohiak gauzatutako indarkeriaren biktima.
Arreta jaso zuten genero-indarkeriaren kasu guztietan, tratu txar psikologikoko zantzuren bat antzeman zen, eta 596 kasutan tratu txar fisikoa ere izan zen (% 48,10), 374 kasutan tratu txar ekonomikoa (% 30,19) eta 95 kasutan tratu txar sexuala (% 7,67). Azken hori dela eta, kontuan izan behar da datuaren erlatibotasuna; izan ere, biktimek ikusarazteko zailen duten tratu txar mota da.
Azkenik, 2020an jasotako deien batez besteko iraupena 27 minutukoa izan zen, eta horrek agerian uzten du zerbitzu honek duen esku-hartze psikosozialaren izaera. “Ez da bakarrik informazio edo bideratze zehatzerako bide ematen. Eskaintzen den esku-hartzean deitzen duen pertsonaren beharrak aztertzen dira eta, horretarako, irteteko ibilbidea bilatzen da, dagoen prozesuan laguntza etengabea eman dakion sustatzeko”, esan du Zaratek. Iraupena aurrez aurreko arreta psikosozialean izan ohi denaren antzekoa da.
Satevi
Eusko Jaurlaritzak gogorarazten du telefono-zerbitzu hau –24 orduz eta urteko 365 egunetan dago zabalik– berehalakoa, anonimoa, konfidentziala eta doakoa dela, eta ez duela telefonoaren fakturan arrastorik uzten. Gainera, Satevik online mekanismoa du; entzuteko eta/edo hitz egiteko desgaitasuna duten pertsonei aukera ematen die zerbitzua jasotzeko, zeinu-hizkuntzako interpreteek artatutako bideo-interpretazioko kanal baten bidez. 51 hizkuntzatan ematen dezake arreta.
900 840 111 telefonoan profesionalek, psikologoek, hezitzaileek eta gizarte-langileek ematen dute arreta, nagusiki, eta horiek etengabe ari dira prestakuntza jasotzen, emakumeen aurkako indarkeriaren eta berdintasunaren arloan ez ezik, arreta integrala emateko ezinbesteko diziplinetan ere: zuzenbidea, atzerritartasuna edo psikologia, besteak beste.
Zerbitzu hau emakumeen aurkako indarkeriaren biktima guztiei zuzentzen zaie, zentzu zabalenean; izan ere, ez du bakarrik lan egiten emakumeek bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik jasaten duten indarkeriaren inguruan, baita familia-inguruneko gizonen batek, besteak beste aitek, nebek, semeek eta abarrek gauzatutakoaren inguruan ere. Sexu-abusua, -erasoa eta -jazarpena, salerosketa, behartutako prostituzioa edo lan-eremuko jazarpena emakumeen aurkako indarkeria horren adierazpen ohikoenetako batzuk dira.
900 840 111 telefonoa biktima guztiei dago zuzenduta, administrazio-egoera edozein dela ere, erregularra ala irregularra, errolda izan ala ez, edo erasotzailearekin harremana izan ala ez.