Titulazio Dualak eta Nazioartekotze onespena dutenak, Euskal Unibertsitate Sisteman
- Euskadin unibertsitateko 41 titulaziok dute aitorpen duala; 380 ikasle ari dira haietan ikasten
- Gainera, 16 titulaziok Nazioartekotze onespena lortzen dute: euren prestakuntzak duen nazioarteko orientazioa aitortzen da
Gaur goizean, Donostian, Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, Unibasq — Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren zuzendari Iñaki Herasek, eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Moraisek gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetan nazioartekotze-aitorpena edo prestakuntza dualaren aitorpena duten Unibertsitateko Gradu eta Masterren eskaintza aurkeztu dute.
Bi aitorpen horiek (aitorpen Duala eta Nazioartekotze-aitorpena) Unibasq Agentziak emandako aipamenak edo zigiluak dira, agentzia honi baitagokio Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea ebaluatzea, akreditatzea eta ziurtatzea. Aitorpen horiek unibertsitate-titulazio oso bati edo titulazio bateko ibilbide jakin bati eman dakizkieke.
Prestakuntza duala aitortuta duten titulazioak
Unibertsitate-titulu dualtzat jotzen da bere prestakuntza praktikoaren gutxieneko bat kanpoko enpresa edo entitate batekin lankidetzan garatzen duena. Ikasleek prestakuntza bai gelan bai erakundearen edo enpresaren egoitzan jasotzen dute. 2020-2021 ikasturte honetan, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateek guztira 41 unibertsitate-titulazio dual ikasteko aukera ematen dute: 27 unibertsitate-gradu eta 14 unibertsitate-master. Ikasketa-modalitate horretan guztira 1.380 unibertsitate-plaza daude, horietako 1.012 Ingeniaritza eta Arkitekturako jakintza arloan, eta 368 Gizarte eta Lege Zientzien arloan.
Euskal Autonomia Erkidegoan Unibertsitate-titulu ofizial dualak aitortzea eta ezartzea (bai unibertsitate-graduak, bai masterrak) 2022rako Unibertsitatea+Enpresa Euskal Estrategiaren helburu nagusietako bat izan zen —Hezkuntza Sailak 2017an sustatu zuena—.
Gaur aurkeztutako kopuruek nabarmen gainditzen dute Estrategia horrek 2022rako ezarritako helburua —aitorpen duala zuten 25 titulaziotan kokatzen zen helburua—. 2018-2019 ikasturterako jada unibertsitate-titulazio dualen kopurua 22ra heltzen zen euskal unibertsitateetan (15 gradu eta 7 master), 370 ikasle ingururekin. Hiru urte eskasetan, beraz, ia bikoiztu egin da titulazio dualen eskaintza, eta modalitate honetan ikasten duten ikasleen kopurua hirukoiztu egin da.
Unibasq-en Aholku Batzordeak prestaturiko ebaluazio-protokoloak definitzen ditu Gradu edo Master tituluak (edo ibilbideak) aitortza duala izan dezan bete beharreko baldintzak. Horien artean daude:
- Prestakuntza praktikoan gutxieneko kreditu kopurua, kanpoko enpresa edo entitatearekin elkarlanean: Graduetan kredituen %25-50; Masterretan kredituen %40
- Lankidetza horrek gradu edo master amaierako lana ere bere baitan hartu behar du
- Bitariko batzorde akademikoaren bidez jarraipena egin beharra, tituluaren helburu eta konpetentziekiko koherentzia bermatzeko
- Enpresaren konpromisoa, ikasleen formazioa finantzatzeko konpromisoa –haiei ordainketak eginez-, bai enpresan tutoreentzako formazioa bermatzeko konpromisoa ere
Nazioartekotzearen aitorpena duten 16 titulazio
Aldi berean, euskal unibertsitateen titulazio ofizialei nazioartekotzearen aitorpena ematen ere hasi da Unibasq. Aipamen horrek unibertsitate-titulu batek duen nazioarteko orientazioari balioa ematen dio eta nabarmentzen du. Horretarako, honako hauek bezalako gaiak hartzen dira kontuan:
- Atzerriko unibertsitateekin elkarlana: curriculumaren antolamenduak, irakaskuntza-koordinazioak eta ebaluazioak aukera eman behar dute titulazioak artikulatzeko atzerriko unibertsitateekin lankidetzan.
- Irakasleek eta ikertzaileek hizkuntzetan goi-maila egiaztatzea, nazioartekotzea errazteko moduko hizkuntzetan irakasteko.
- Mugikortasun-programak, hirugarren hizkuntzetako eskaintza eta nazioartekotze-estrategia izatea.
- Titulazioko ikasleen mugikortasuna, bai atzerrira irtendako ikasleena bai nazioartetik hartutakoena
- Nazioarteko orientazioa lagunduko duen atzerriko hizkuntzetan eskainitako kreditu-ehunekoa
Nazioartekotzearekin lotuta Unibasq-ek egindako azken ebaluazioan 16 unibertsitate-titulaziok lortu dute aitorpen hori: 10 unibertsitate-graduk eta 6 masterrek.
Hezkuntza Saila jada lanean ari da Unibertsitatea+Enpresa Estrategia berria prestatzen. Estrategia horrek, aipatutako aitortza dualetan sakontzeaz gain, unibertsitate-titulazioen nazioartekotze-ikuspegian edo Unibertsitatea-Lanbide Heziketa erlazioan ere sakonduko du, beste hainbat elementuren artean.
Aitortza Duala eta Nazioartekotze onespena duten unibertsitate-titulazio ofizialen zerrenda