Tapiak espero du txertoak ekonomiari segurtasuna emango diola, eta Euskadi une hori prestatzen ari da, bere enpresei mila milioi injektatuz

2021-02-26
  • “Txertoarekin, ekonomiari segurtasuna ematea lortuko dugu”
  • “Euskadin, enpresen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuten ari gara, 1.000 milioi eurorekin”
  • “Gardentasuna eskatzen diogu Espainiako Gobernuari, atzo iragarritako 11.000 milioi euroak nola eta zertara bideratuko dituen argitzeko”

 

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak, gaur goizean Radio Euskadin egindako elkarrizketan, gaurkotasuneko gai hauek nabarmendu ditu:

"Koronabirusaren eragina hobetu dugu, duela aste batzuetako egoerarekin alderatuta, baina 100.000 biztanleko 60 kasutik behera egin beharko genuke, eta oraindik asko falta da horra iristeko. Ezin ditugu neurriak besterik gabe lasaitu. Urratsez urrats aztertu behar da egoera, eta ez erlaxatu”.

“LABIko batzorde teknikoak joera aztertuko du, eta martxoaren 5erako baloratuko du neurriren bat malgutzea posible den, baina kontu handiz jarraitu behar dugu, txertoa jartxea gertu ikusten badugu ere, ez baita erlaxazio handiegirik izan behar. Hori akatsa litzateke”.

“Txertoa funtzionatzen ari da. Europan modu masiboan ekoizteko gai bagara –une honetan hori baita puntu kritikoa-, eta herritarrengana iristeko gai bagara, ekonomiari segurtasuna ematea lortuko dugu. Alemaniak konfiantza zantzuak ikusten ditu, eta hala adierazi du. Europako gurdiari tira egiten badio, Euskadi hor egongo da”.

“Bizkorrak izan behar dugu, eta une horretara iritsi behar dugu eutsi egin dion ehun ekonomikoarekin iristeko, gero hazi ahal izateko. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 1.000 milioi euroko laguntzak jarri ditu martxan, enpresentzat. Ez bakarrik egungo egoerari aurre egiteko, baita etorkizunari begira ere”.

“Europako funtsei buruz, jakina, gardentasuna eskatzen diogu Espainiako Gobernuari, atzo iragarritako 11.000 milioi euroak nola eta zertara bideratuko dituen argitzeko”.

“Gizartean tentsioa dago une honetan, eta ulergarria da; izan ere, laster urtebete izango da egoera horretan gaudela, baina urrats zuzenak eman behar ditugu, eta txertaketa-kanpaina behar bezala egin”.

“Euskadin Viralgen dugu, bigarren belaunaldiko txerto baten ekoizpen-zentroa, eta txerto hori aurrera badoa, ekoitzi ahal izango dugu. Europan horixe da, une honetan, alde kritikoa. Ameriketako Estatu Batuek ikerketaren alde ez ezik, fabrikazioaren alde ere egin zuten, eta Europak hori hobetu behar du. Eta hor egongo da Euskadi, eta, zalantzarik gabe, horrelako zentro bat izateak mesede egingo digu alderdi askotan”.

“Euskadi, unean uneko arazoari aurre egiteaz gain, etorkizunerako prest egon behar delako”.

“Adibidez, hidrogenoa irtenbidearen parte bat da, eta aurkeztutako euskal ekimenak 34 proiektu ezberdin garatzen ditu, eta horiei gehiago gehituko zaizkie. Europak trenak galdu ditu, hala nola, eguzki-energiarena, gehienbat Txinan ekoizten dena, baina eolikoan indartsuak gara eta hidrogenoan ere indartsuak izan behar dugu”.

“Parke eolikoen izapidetza ere onartu dute, eta hori garrantzitsua da. Ildo horretan, plan eolikoa berritzen ari gara, Euskadin beste kokaleku batzuk bilatzeko, eta indarrean dagoena martxan jarri zenean haize-sorgailuak desberdinak zirelako; orain hori guztia eguneratu behar da”.

“Egia da enpresa batzuek arazoak dituztela, baina aldeen interesen defentsan aurrera egin behar dugu, konfrontazio gaindiezinik sortu gabe. Herrialde aurreratuenei begiratu behar zaie, eta haiek bezala egin. Egoera horietan, gardentasuna funtsezkoa da akordioak lortzeko. Komunikazioa eta elkar lana behar dira, eta hori lortzeko aldatu egin behar da”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak