Tabako Kerik Gabeko Euskadi
Berriak Segurtasuna
qrcode

Josu Erkorekak eta Fernando Grande-Marlaskak adostu dute Segurtasun Batzordea suspertzea Ertzaintzaren eta Estatuko segurtasun indar eta kidegoen arteko koordinazioa indartzeko

2021-02-26
  • Gasteizen egin duten bileran pandemian zehar egindako polizia-lana aitortu, zoriondu eta eskertu diote elkarri
  • Bileran aztergai izan dute bi gobernuak osatzen ari diren espetxe-sistemaren hurrengo transferentzia ere

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkoreka eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa gaur goizean elkartu dira Gasteizen bien eskumen-esparruko gai sektorial komunak aztertzeko. Bileran giro lasaia eta guztiz adeitsua gailendu da, eta, edukiei dagokienez, bilera emankorra izan da. Alde horretatik, Segurtasun Batzordearen bilera egiteko dagozkion lanak aktibatzea erabaki dute (Gernikako Estatutuaren 17. artikulua), kontuan hartuta batzordea ez dela elkartu 2017ko uztailaren 9tik. Josu Erkorekaren eta Grande-Marlaskaren ustez bilera beharrezkoa da Ertzaintzaren eta Estatuko segurtasun indar eta kidegoen arteko koordinaziorako eta segurtasunaren arloko erronka berriak elkarrekin aztertzeko.

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta ministroak pandemia hasi zenetik egindako polizia-lana aitortu, zoriondu eta eskertu diote elkarri. Agenteek egiten duten lana, ematen duten zerbitzu publikoa, balioetsi dute, pandemiaren lehenengo egunetik ari direla-eta herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzen, oinarrizko zerbitzuak eta ondasunak, osasun-materialaren hornidura eta azpiegitura kritikoen funtzionamendua bermatuz.  

Alde horretatik, Josu Erkorekak eta Grande-Marlaskak gaitzetsi egin dituzte azken egunotan izandako indarkeria-ekintzak. Bat etorri dira istiluei eta ordena publikoaren nahasmenduari buruzko analisian, eta adierazi dute gizartearen gehiengoaren portaera eredugarriaren aurrean gutxiengo batek eragindakoak direla.

ESPETXE-SISTEMAREN TRANSFERENTZIA

Bileran, besteak beste, laster egitekoa den eta Lurralde Politikako Ministerioko eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko lantaldeak osatzen ari diren espetxe-erakundeen transferentziaz ere hitz egin dute (Gernikako Estatutuaren 10.14 eta 12.1 artikuluak). 

PARTE-HARTZAILEAK  

Gaur goizean egin den bileran honako hauek ere izan dira: Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkari Denis Itsaso eta lehendakariordearen eta Ministroaren kabineteetako zuzendariak, Tatiana González San Sebastián eta Susana Crisóstomo, hurrenez hurren.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @Gob_eus
    2021-03-01

    Comentario de Twitter:
    🔵 Bileran laster egitekoa den #EspetxeSistema-ren transferentziaz ere hitz egin dute
    https://t.co/mcTt4Gvb2y https://t.co/AstMjY47a5

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Grande-Marlaska (Ministro de Interior); Denis Itxaso (Delegado del Gobierno)