Gernikako Estatutua “denon artean ixteko” eta transferentziak betetzeko aukera Icetarekin ematea espero du Garamendi Sailburuak

2021-02-24

 

  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak nabarmendu du pandemiaren aurkako euskal lege batek gizartearen aurrean argituko lituzkeela koronabirusaren osasun publikoko krisiari aurre egiteko lege aukerak.

 

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak adierazi duenez, legealdi honetan Gernikako Estatutua osatuko da transferentziei dagokienez. Olatz Garamendiren irudiko, Miquel Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministro berriaren nazio aniztasunari buruzko profilak eta sentsibilitateak erraztu dezake eskumenak Euskadira eskualdatzea, besteak beste Espetxeena, hau “nahiko aurreratuta” baitago.

Garamendik esan du Icetarekin “Gernikako Estatutua denon artean ixteko aukera” ematea espero duela. Duela hilabete luze Carolina Dariasek utzitako ardura bere gain hartu ondoren, Iceta ministroak eta Sailburuak dagoeneko hitz egiteko aukera izan dute transferentziei buruz. Bi aldeek adostutako egutegiaren arabera, aurtengo apirila baino lehen transferitu beharreko lehenengo gai multzo bat dagoela gogorarazi ostean, Garamendik esan du EAEko hiru espetxeen (Zaballa, Martutene eta Basauri) eskuduntzaren negoziazioa “bide honetik” doala.  

Onda Vasca irratian egindako elkarrizketa batean, Espetxeen transferentziaren konplexutasuna azpimarratu du, preso, funtzionario, eraikin eta instalazio eta ekipamendu ugari baitakartza. “Horregatik, segurtasun eta kontu handiz egin behar da negoziazioa”, adierazi du. Nolanahi ere, Espetxe transferentziak martxa ona daramala berretsi du eta dagoeneko “gai guztien letra txikian” daudela lanean, eta “aurrera egitea lehenbailehen ixtea” espero duela.

Sailburuak azpimarratu du aurrerapen handiak egin direla beste transferentzia batzuetan ere, hala nola errepide bidezko garraioan eta ISSN kode bibliografikoan eta, nahiz eta ez hain aurreratuak izan, baita transferentzien lehen blokean jasotako gainerako eskumenetan ere; besteak beste, itsasertzaren antolamenduari eta kudeaketari, nekazaritza-aseguruei, segurtasun zerbitzu pribatuei eta turismo paradoreei dagokienez.

Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren transferentziaren atzerapenari dagokionez (egutegiaren arabera, iazko amaieran gauzatu behar zen), Garamendik onartu du “bere denbora” daramala, baina gaineratu du baduela bi aldeen borondate politikoa eta horrek atzeratzen ari diren arazo teknikoak gainditzea ahalbidetuko duela, batez ere arlo ekonomikoari eta segurtasun juridikoari dagokionez. “Teknizismo asko ditu, gai juridikoak, teknikoak eta ekonomikoak negoziazio zaildu dute, baina erregulazioa alde batera utzita, eskualdatzearen inguruan negoziatzen eta hitz egiten jarraitzeko aukera hor dagoela uste dugu, eta horretan aurrera egiten saiatzen ari gara”, adierazi du.

Gizarte Segurantzako Erregimen Ekonomikoaren kudeaketa eskualdatzeari dagokionez, “baikorra” dela esan du Sailburuak. “Nolabaiteko zailtasuna duen eskualdatzea izan daitekeen arren, Autonomia Estatutuan aurreikusitako eskumenetako bat baino ez delako”, azpimarratu du. “Estatutua hor dago, eta 41 urteren ondoren bete egin behar da hark esaten duena, baita Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren eskualdatzea ere, eta ez dugu kutxa bakarrarekin nahastu behar”, gaineratu du. “Zailtasun teknikoak izan ditzake, baina hori landu eta Euskadira ekarri behar dugu”, azpimarratu du.

 

Autogobernuari buruzko ponentziari dagokionez, Garamendik espero du Eusko Legebiltzarrak ponentzi horri berriro ekitea, “Gernikako Estatutua eguneratzea gai garrantzitsua delako gure erkidegoarentzat, Estatutuak badituelako urte dexente, gizarteak eboluzionatu duelako eta heldu beharreko urratsa delako”. Eusko Jaurlaritza lan horretan “sartuko ez” dela ziurtatu ostean, Legebiltzarrak “eskatzen duen horretan lagunduko duela” esan du.

Pandemiaren aurkako euskal legea. Honi buruzko lege baten beharrari buruz galdetu diotenean, Garamendik esan du ez lituzkeela “maila handiagoko beste arau batzuk urratuko, Alarma Egoerarena kasu”, eta gaineratu du arau hori ez litzatekeela “hainbat ebazpen judiziali aurre egiteko tresna” izango. Proposamen hau azken “ezbehar” judizialei erantzutea errefusatu ostean, Sailburuak azaldu du arau berriak beste behar bati erantzun nahi diola. “Pandemia salbuespenezko egoera zela uste genuen, hilabete gutxian dekretuen bidez aurre egiteko behar ziren tresnak izango genituela. Aitzitik, urtebete igaro da eta hemen jarraitzen du”, azpimarratu du. Errealitate horren aurrean, “pandemiari aurre egiteko ditugun tresnei segurtasun juridiko handiagoa emango dien” lege baten bideragarritasuna aztertzen ari direla azaldu du. Aurreratu duenez, pandemiaren aurkako legeak “ez lituzke maila handiagoko beste arau batzuk urratuko, hala nola ezarritako lege organikoak edo Alarma Egoera.

Gizarteari begira gauzak argituko dituen lege baten beharra nabarmendu du Garamendik. “Gizarteak uneoro zalantzarik gabe jakin dezan zer egin behar dugun eta zer neurrirekin aurre egin ahal diogun pandemiari”, erantsi du. Lege mailako garapenaren bideragarritasuna eta aukera aztertzeko fasean daudela, adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak