Berriak Segurtasuna

Eusko Jaurlaritzak adinekoen mugikortasun seguruan planteatzen diren erronka berriei buruzko hausnarketa-jardunaldi bat egin du

2021-02-24
  • 2020an sei pertsona hil ziren ibilgailu batek harrapatuta Euskadin. Horietako bost 65 urtetik gorakoak ziren.
  • Euskadiko biztanleriaren % 22k adin hori edo gehiago du EUSTATen datuen arabera, eta 2050ean zifra hori % 38ra irits daitekeela aurreikusten da.

Nuevos retos en la Movilidad Segura de las personas mayores/ Adinekoen Mugikortasun Segurua: erronka berriak” izenburupean, Jaurlaritzak jardunaldi bat egin du formatu birtualean adinekoek bide-segurtasunaren arloan dituzten premiak aztertzeko. Kolektibo hori 2021ko urtarrilean euskal herritar guztien % 22 zen, EUSTATen datuen arabera, eta, aurreikusten denez, ehuneko hori % 38ra iritsiko da 2050ean.

Jardunaldiaren aurkezpena Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak egin du, eta azpimarratu du garrantzizkoa dela “adinekoen gizarte-ingurua ezagutzea eraginkortasunez esku hartu ahal izateko bideko erabiltzaile horiei zuzendutako sentsibilizazio-ekintza bakoitzean eta guztietan, kolektiboaren segurtasuna hobetzeko helburuarekin”.

Iaz 38 pertsona hil ziren Euskadin trafiko-istripuen biktima, eta Euskadiko kale eta errepideetan ibilgailu batek harrapatuta sei pertsona hil ziren; horietako bost 65 urtetik gorakoak ziren. Zifra horiek jaisteko helburuarekin, Eusko Jaurlaritza modu aktiboan ari da lanean sentsibilizazioaren eta kontzientziazioaren arloan eta Zero Biktima Ikuspenarekin.

Jardunaldia zeregin horretan sartzen da, eta aurretik sektore ezberdinetakoak diren eta adinekoekin lan egiten duten profesionalekin egindako jarduera baten jarraipena da. Jardunaldia, hasiera batean, profesional horiei zuzenduta antolatu zen, baina Euskadiko hainbat lekutako adinekoen elkarteen ordezkariek ere parte hartu dute euren ikuspegia azaltzeko.  

Parte-hartzaileak lantalde ezberdinetan banatu dira adinekoei zuzendutako mugikortasun seguruaren arloan sentsibilizazio-lana nola egin eztabaidatzeko. Eztabaida horien ondorioen artean azpimarratu da garrantzizkoa dela adinekoen kolektiboak berak aktiboki parte hartzea etorkizunean planteatzen den edozein sentsibilizazio-ekintzatan.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcueraren esanetan,  “lan handia dugu egiteko eta koordinatuta egin nahi dugu gehiago jakiteko, eta inplikatuta dauden agenteen arteko hausnarketatik, eztabaidatik eta esperientziak eta jakintzak trukatzetik abiatu nahi dugu”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak