Culinary Action! Ekintzaileen Nazioarteko Foroa Gastronomiaren etorkizuna suspertzeko irtenbideak bilatzen ari da, ekoizpenaren, industriaren eta banaketaren prismetatik

2021-02-23

CA! 2021 Ekintzaileen Nazioarteko Foroa balio-kateko eragile guztien topagune eta elkarrizketa-gune izango da, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz azaleratu diren ahulgune nagusiei erantzuteko eta erresilientzia hobetzeko.

Sektoreko adituak eta liderrak bilduko dira gaur hasiera eman zaion Culinary Action! Ekintzaileen VIII. Nazioarteko Foroan.

Urte konplexu eta erabakigarria izan da 2020a, eta argi erakutsi du zaurgarria dela sektore gastronomikoaren balio-katea; 2021ean, berriz, erronka areagotzen ari da eragile guztientzat. 2021 Foroa balio-kateko eragile guztien topagune eta langunea izango da, COVID-19ak eragindako krisiarekin agertu diren ahulgune nagusiak indartzeko eta sistema gastronomikoaren erresilientzia hobetzeko.

Dani García (La Gran Familia Mediterránea) arduratuko da otsailaren 23an Foroa inauguratuko duen hitzaldia emateaz, honako gai honen inguruan: «Zein da gastronomiaren etorkizuna?». Horrez gain, bi mahai-ingurutan, gastronomiaren hainbat arlotako profesionalak bilduko dira; zehazki, Ekoizpen, Industria, Retail edo Horeca sektoreetakoak. Solasaldi horietan, eztabaidatuko dute nola definitu beharko liratekeen gastronomiaren erronka nagusiak, balio-kateak batera egin dezan lan; horrez gain, sistema gastronomikoak zientziaren, gastronomiaren eta gizarte-kontzientziaren arteko elkargunean duen posizioari buruzko ikuspegia partekatuko dute. Mahai-inguru horietan parte hartuko duten adituen artean, honako hauek egongo dira: Jorge Portillo (GreeMko), Jorge Mas (Crearmas), Javier Olleros (Culler de Pau), Bernat Añaños (HEURA) eta Nabila Rodriguez (Alchemist eta BCCko ikasle ohia). Lehen jardunaldi horri azkena emateko, Beatriz Romanos-ek (FoodTech Magazine) sektoreak dituen erronka handietarako erantzun nagusiak emango ditu, «Etorkizuna hemen dago jada» izeneko ponentzian.

Foroaren bigarren egunean, hainbat tailer praktiko egingo dira, eta sektoreko arlo bakoitzean jarriko dute arreta. Tailer horietan, balio-kateko hainbat eragilek hartuko dute parte, eta haien artean egongo dira Patrik Bergaretxe (Just-Eat), Xanty Elías (Finca Alfoiz), Josu Garaialde (HAZI), José Pablo Larrea (Baserria Km0), Inés Baigorri (Alava Wines), Xabier Alberro (Alberro Horticultura), Jon Torre (Petritegi) eta Maitane Alonso (Innovating Alimentary Machines). Bertan izango dira, halaber, Osigris, Zyrcular Foods, Kendu eta El Súper de los Pastores enpresen ordezkariak. Profesional horiek beren esperientziak, aholkuak eta ezagutzak partekatuko dituzte, eta sektorearen egungo premiei erantzun batzuk emango dizkiete, sektorean inspirazioa eta berrikuntza sustatzea xede duten hitzaldien bidez.

Informazio gehiagorako: https://culinaryaction.com/forum/viii-foro-internacional-de-emprendedores-2021

Foroak Onekin-en, HAZIren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren lankidetza instituzionala du, Mahou-San Miguel-en babesa eta Gastroeconomy-ren lankidetza.

Culinary Action!-i buruz

Basque Culinary Centerren Culinary Action! ekimenak ekintzailetza eta negozio berriak sustatzen ditu gastronomiaren eta elikaduraren arloan. 2014tik, espazio berean biltzen ditu ekintzaileak, ikasleak, enpresak eta industria, bai eta gizartea ere, gastronomiaren sektorean benetako inpaktu sozioekonomikoa eragiteko. Berrikuntza disruptiboa katalizatzen du, eta, horretarako, elikadura-sistemari erronka jotzen dioten startup eta proiektu jasangarriak sustatzen ditu, hala nola #foodtech, #restech eta #agrotech.

Gainera, gizarteari irekitako ekintzailetza-guneak sortzen ditu. Gune horiek komunitate ekintzailearen eta startup-en beharrak detektatzea ahalbidetzen dute, eta erantzun arin eta azkarra ematea, merkatuari irtenbide erabilgarria proposatzeko. Orain arte, bere azelerazio-programak (Culinary Action!-en azeleragailua) sektoreko 75 startup azeleratu ditu.

2021ean, Basque Culinary Centerrek 10. urteurrena ospatzen du. Sortu zenetik, Gastronomiaren 360º-ko ikuspegia landu du erakundeak, hainbat ekimen eta proiekturen bidez. Aurten, erakundearen balioetan (pasioa, bikaintasuna, berrikuntza eta gizarte-konpromisoa) oinarritutako lorpenak eta etorkizuneko erronkak goretsiko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak