Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.546 isun jarri dituzte asteburuan Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik

2021-02-22

Joan den asteburuko hiru egunetan Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 1.546 isun jarri dituzte Euskadin, pandemiari aurre egiteko eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako osasun-arauei jarraituz.  Horietatik gehienak –1.034– zirkulazio-askatasunaren muga eta gehienez lauko taldetan elkartzekoa ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

 

Ertzaintzak eta udaltzaingoek asteburuan berriz egin dituzte kontrolak justifikatu gabeko joan-etorriak eragozten saiatzeko eta gainerako osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 1.546 isun bideratu dituzte ostiraletik, otsailaren 19tik, igandera, otsailaren 21era, bitartean. Horietatik gehienak, 1.034, alegia, mugikortasuna mugatzeko edo gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko murrizketak urratzeagatik bideratu dituzte. Zifra horretatik 504 isun gaueko ordutegian zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik jarri dituzte eta 211 norbera bizi den udalerriko sarrera-irteerak ez errespetatzeagatik. Beste 267 isun eremu publikoetan eta pribatuetan gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko muga ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 222 isun bideratu dituzte. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 143 isun-akta bete baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, ostalaritzan, jatetxeetan edo jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tarte fisikoa ez uztea,  kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 130 isun Araban, 1.031 Bizkaian eta 385 Gipuzkoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko