Berriak Segurtasuna

Josu Erkorekak eta Gorka Urtaranek Ertzaintzaren eta Euskadiko Udaltzaingoaren lehenengo prestakuntza-ikastaro bateratua inauguratu dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian

2021-02-23
  • Ikasleen % 31 emakumeak dira, eta proportzioa oraindik ere txikia bada ere, jauzi kualitatibo bat da emakumeek Euskadiko polizia-kidegoetan gaur egun duten presentzian
  • Izangaien % 90ek euskara eskakizunen bat egiaztatu dute
  • Prestakuntza erronka bat izango da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarentzat antolaketaren eta logistikaren ikuspegitik, COVID-19ak eragindako osasun-murrizketen ondorioz

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Andrés Zearretak eta EUDELen lehendakari Gorka Urtaranek gaur inauguratu dute Ertzaintzaren eta Euskadiko Udaltzaingoaren lehengo prestakuntza-ikastaro bateratua. Ekitaldi ofizialari hasiera eman aurretik, minutu bateko isilunea egin dute orain dela 21 urte hil zituzten Fernando Buesa politikariaren eta haren bizkartzaina zen Jorge Díez ertzainaren omenez.

Ikastaroari iaz deitutako eta egindako hautaproba guztiak gainditu dituzten 853 pertsonarekin emango diote hasiera, eta gaurtik aurrera 9 hilabeteko nahitaezko prestakuntza-aldia hasiko dute plaza lortu duten polizia-kidegoan sartu aurretik. Hautaketa-prozesu honetan 5.989 pertsonak eman zuten izena, eta horietatik 700 hautatu dituzte Ertzaintzako agente izateko eta 153 Euskadiko udaltzaingoetako agente izateko.

Horrela, hasi duten prestakuntza-aldi honetan ikasleek lansaria jasoko dute eta Euskal Poliziako agente gisa hasiko duten karrera profesionalari aurre egiteko beharrezko trebakuntza eskuratuko dute. Bederatzi hilabeteko ikastaro hau gainditzen dutenean, agente berriek praktikaldia hasiko dute plaza lortu zuten polizia-kidegoan. Sartzen diren polizia-kidegoko oinarrizko eskalaren arabera ordaindutako praktikak izango dira. Beste 12 hilabeteko iraupena izaten du praktikaldi horrek, eta gaindituz gero, agenteak karrerako funtzionario izatera pasatuko dira.  

IKASLEEN PROFILA

Ikastaroa 853 pertsonak hasiko dute, eta horietatik 262 emakumeak dira eta 591 gizonak. Emakumeen proportzioa, % 31koa, oraindik ere txikia da, baina jauzi kualitatibo bat da emakumeen presentzian; izan ere gaur egun emakumeek Ertzaintzan duten presentzia % 14 ingurukoa baino ez da.

Lurralde historikoen arabera, Akademian prestakuntza hasiko duten gehienak bizkaitarrak dira (% 62), ondoren gipuzkoarrak (% 22) eta arabarrak (% 11). Gainerako % 5a Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikasleak dira.

Ikasle gehienek, % 90ek, hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatuta dute: B1 (% 3,7), B2 (% 62,3) edo C1 (% 23,2), eta datu horiek erraztu egiten dute Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburu estrategikoa, hau da, euskara harremanetarako ohiko hizkuntza izatea bai lanean bai herritarrei arreta ematean.

COVID-19

Gaur hasiko den ikastaroa pandemia globalaren ondorio diren prebentzio-neurriek markatuko dute. Berez, bai hautaprobak bai prestakuntza-aldia atzeratu egin ziren iaz pandemiaren ondorioz.

Ikastaroa erronka berezia izango da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarentzat, kutsatzea saihesteko protokolo zorrotzak sortu baitira. Esate baterako, ikasleak gehienez 20 pertsonako 39 taldetan banatuko dira. Arkauteko egoitzan presentzia fisikoa txandatu egingo da astero, eta presentziala ez den astean, beraz, taldeak online jasoko du prestakuntza.

Gainera, COVID-1ak Akademiaren aurrekontua 3,2 milioi euroan gehitzea eragin du prestakuntza-aldian pertsonen lansariei aurre egiteko, obrak egiteko eta guneak higienizatzeko beharrezko materiala erosteko, azpiegiturak distantzia berrietara egokitzeko, prestakuntza-gela birtualak abian jartzeko, eta abar.

BELAUNALDIEN ARTEKO TXANDA

Eusko Jaurlaritzak hitzeman du urtean hautaketa-prozesu bat deituko duela XII. Legegintzaldiko lau urteetan. Helburua Euskadiko poliziak ematen duen oinarrizko zerbitzu publikoa behar bezala betetzeko beharrezko eta behar adinako baliabideak bermatzea da. Gaur hasiko den ikastaro honekin aurrera egingo da Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako erroldak gaztetzeko eta belaunaldien arteko txanda bermatzeko konpromisoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran (Presidente de Eudel)