Berriak
Eu

Egonkortasuna, produktibitatea bultzatzea, elkartasuna eta kohesioa dira 2012ko aurrekontuen helburuak

2011.eko ekainak 28

Eusko Jaurlaritzaren ahaleginen ardatzak enpleguaren sorrera eta gastuaren austeritatea izango dira

Datorren urteko aurrekontuek lehenetsiko dituzten politikak “enplegua sortzeko gai” den ekonomia produktiboagoaren oinarriak jartzen laguntzen dutenak eta elkartasuna indartzen dutenak izango dira, krisiak gehien kolpatu dituen herritarrak lagundu ahal izateko. Jaurlaritzak ezarritako jarraibideen artean, azpimarratzekoa da pertsonalaren alorreko gastuei dagokiena: horiek “ezin izango dira igo Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legean ezarritakoa baino gehiago”, pertsonalaren plantillari dagokionez; beraz, plantilla hau “izoztuta” geratuko da eta ez da inola ere igoko. Gainera, 2012rako konprometitutako kredituei aurre egiteko beharrezkoak diren zenbatekoak bideratuko dira, baina “murriztu egingo dira inbertsioekin zerikusia duten konpromiso berriak”.

Gaurko Gobernu Kontseiluak onartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrak prestatzeko jarraibide ekonomikoak; “Euskadi krisitik irteten ari bada ere”, gastuaren alorrean Jaurlaritzak ezarri dituen lehentasunen asmoa da ekonomia sendotzea eta egonkortzea, enplegua sortzea eta gizartea kohesionatzea, solidarioagoa izan dadin, hori guztia austeritatea lematzat hartuta.

Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak agerraldia izan du gaur goizean Lehendakaritzan (Vitoria-Gasteiz), Idoia Mendia Jaurlaritzaren eledunarekin batera, Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan. Aguirrek azaldu du zein diren Eusko Jaurlaritzaren datorren urteko aurrekontuen ildo nagusiak. Eledunak, berriz,  Arnaldo Otegik Audientzia Nazionalean atzo egindako adierazpenen inguruan kazetariek egindako galderei erantzun die.

Beharrezkoa da inbertsio publikora doan gastua arrazionalizatzea, eta, hortaz, konpromiso berriak murriztu egingo dira; dena dela, 2012rako konprometitutako kredituei aurre egiteko beharrezkoak diren zenbatekoak bideratuko dira.

Pertsonalari dagokionez, Administrazio Orokorraren, Erakunde Autonomoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren gainerako Erakundeen ordainsariak  ezin izango dira igo Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legean ezarritako zenbatekoa baino gehiago. Aurrekontu-plantilla ez da igoko 2011ko abenduaren 31n guztira zegoen plaza kopurutik.

Arnaldo Otegiren adierazpenak

Idoia Mendia Jaurlaritzaren eledunak esan du “Gobernu honi” gustatuko litzaiokeela Arnaldo Otegik bere defentsaren testuinguruan egindako adierazpenak “orain dela urte batzuk egin izana”.  Mendiaren esanetan, adierazpen horiek “ez dute ezer berririk ekartzen, funtsean”.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.06.28)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-06-28n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)