La Ertzaintza identifica a 59 personas que participaban de un botellón en Santurtzi
Ertzaintzak botiloi bat sakabanatu zuen atzo, larunbata, arratsaldean, Santurtzin, eta 59 pertsona identifikatu zituen bertan. Gainera, gauean hainbat etxebizitza eta lokaletan ere esku hartu du COVID-19ari aurre egiteko osasun-arauak ez betetzeagatik.
Ertzaintzak arratsaldeko zortziak baino lehentxeago jakin zuen ustez botiloia egiten ari zirela Santurtzin, Serantes mendirako igoeran. Bertan ehun bat gazte aurkitu zituzten segurtasun-tarteak gorde gabe eta alkoholdun edariak kontsumitzen. Patruilak iritsi zirenean, bertan zeudenetako batzuek alde egin zuten, eta, azkenean, 59 pertsona identifikatu zituzten eta osasun-araudia ez betetzeagatik isuna jartzeko proposamenak bete zizkieten.
Bestalde, agenteek atzo arratsaldean Gernikan esku hartu behar izan zuten Auditoriumaren inguruan hainbat pertsona elkartu zirenez. Elkarretaratuak sakabanatzen hasi zirenean, patruilei irain egiten eta objektuak botatzen hasi ziren, eta agenteek, beraz, hainbat pertsona identifikatu zituzten eta biri espedientea ireki zieten agenteei errespetua galtzeagatik.
Urnietan ere Ertzaintzak arratsaldean esku hartu behar izan zuen sagardotegi baten atzeko aldean egiten ari ziren eta jende asko zegoen festa batean. Establezimenduaren arduradunari isun-proposamena bete zioten.
Bestalde, goizaldean Ertzaintzak legez kanpoko hainbat festa hauteman ditu Bilboko, Donostiako, Barakaldoko… etxebizitza eta lokaletan, eta amaitutzat emateko esku hartu du eta dagozkien isunak jarri dizkie horietan parte hartzen ari zirenei.