Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Udazkena baino lehenago, lau herritarretatik hiruk erregistro zibiletan inskripzioak euskaraz egiteko aukera izango dute

2011.eko ekainak 26

Oraingo urtera arte, aukera hori bakarrik zegoen 14 barruti judizialeko buruetan, Euskadiko 14 erregistro zibil nagusietan

Justizia eta Herri Administrazio Sailak, Justizia Sailburuordetzaren bitartez, bere berehalako helburuen artean EAEko erregistro zibil guztietan inskripzioak euskaraz egiteko aukera du. Aurreikuspenaren arabera, aurtengo uda bukatu baino lehen lau herritarretatik hiruk eskubide horietaz baliatu ahal izango dute. Geroago, proportzio hori igotzen joango da, ondorengo hilabeteetan biztanle guztiengana heldu arte.

Oraingo urtera arte, aukera hori bakarrik zegoen 14 barruti judizialeko buruetan, Euskadiko 14 erregistro zibil nagusietan. Egoera horrek euskal herritarren erdia ekainaren 22ko 1272005 Legeak onartutako eskubide batez baliatzeko aukerarik gabe uzten zuen, alegia, Euskadiko edozein hizkuntza ofizialetan erregistro-inskripzioak egiteko eskubideaz. Lege horrek Erregistro Zibilari buruzko 1957ko ekainaren 8ko Legearen 23. artikulua aldatu zuen eta, aldaketa hori, azken urrats arauemailea izan da erregistroei buruzko legedian izandako garapen ibilbidean eta, haren bitartez, azken ondorioetaraino eraman dira gaztelaniaz gain beste hizkuntza bat duten autonomia erkidegoetan koofizialtasuneko irizpidea.

Euskadin, 14 erregistro zibil nagusi horietaz gain, beste 200 baino gehiago eskuordetutako erregistro zibil daude. Horiek, dauzkagun 236 bake-epaitegietan daude, gehienak udal-instalazioetan daudenak, izan ere, udalak dira horien euspen-ardura dutenak. Jaiotzak, heriotzak eta ezkontzak euskaraz inskribatzeak teknikoki behar duena bake-epaitegi horien guztien gaikuntza telematikoa da, erabilera horretara Justizia Ministerioak zuzenduta duen informatika tresna den Inforeg izenekoa instalatu ahal izateko. Eta Eusko Jaurlaritzak 2010eko urrian lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen Ministerioarekin eta Red.es sozietate publikoarekin, Euskadin tresna horri buruzko prestakuntza emateko eta bertan ezartzeko, Avanza Planaren barruan dagoen 'On-line Erregistro Zibila' izeneko programa garatzeko.

Hitzarmen horren babesean, Justizia Administrazioa Eraberritzeko Zuzendaritzaren bitartez, 2011. urtearen hasieran zenbait ezarpen egin ziren, proba moduan, Lazkao, Errenteria, Legazpi, Aretxabaleta, Ibarra eta Zumarragan. Horren berehalako ondorioz, otsailaz geroztik inskripzioak euskaraz egiten ari dira erregistro horietan.

Saiakuntza pilotuen ostean, Inforeg tresnaren hedapenari ekin zaio lehenbiziko bake-epaitegietan, Justizia Sailburuordetzak irizpide soziolinguistiko eta biztanleriakoen arabera ezarri duen egutegiari jarraituz. Lehenengo prestakuntza-saioak maiatzaren laugarren astean hasi ziren, Pasaia eta Ondarroan. Hurrengo astean etorriko dira Usurbil eta Markina Xemein. Hedapena hiru probintzietan aldi berean egiteko programatuta dago, horietako bakoitzak dituen ezaugarri eta berezitasun ezberdinek ezartzeko protokoloak eta prozesuak horiei doitu beharra ekarri badute ere.

Justizia Ministerioarekin eta Red.es sozietatearekin egindako lankidetza-hitzarmenaren osagarri gisa, Justizia Sailburuordetzak 600.000 euroko kopuruarengatiko laguntza-programa bat prestatu zuen 2010ean, instalazioak beharrezkoak ziren informatika ekipoekin hornitzeko.

Justizia eta Industria, Merkataritza eta Turismo ministerioek Red.es bidez bultzatutako 'On-line Erregistro Zibila' izeneko programak erregistro zibil guztiak informatizatu eta konektatu ditu 1950. urteaz geroztik gaurdaino eskuz idatzitako liburu guztiak digitalizatzeko. Ekimen horrekin lortu nahi dena erregistro zibilek eta bake epaitegiek emandako zerbitzua bizkortzea da eta, gainera, haren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea IKTek eskaintzen duten ahalmena erabiliz. Halaber, espero da lagungarria izatea Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko Legean ezarritakoa betetzeko.

'On-line Erregistro Zibila' 2006ko maiatzean jarri zen martxan eta Espainian dauden 8.109 erregistroetarako zuzenduta dago. Horietatik erregistro zibil nagusiak 432 dira eta 7.677, aldiz, bake epaitegietan eskuordetutako udal-erregistroak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko