Zaintzak ikusarazi, baloratu eta gizarte osoaren artean banatzeko deia egiten du Emakunderen aurtengo martxoaren 8ko kanpainak

2021-02-24
  • "Nork zaintzen du?" galderaren bitartez kanpainak gogoeta bultzatu nahi du bizitzari eusteko zaintzak duen funtsezko garrantziari buruz.
  • Gizonek eta emakumeek, sektore publikoak eta pribatuak, erantzunkide izan behar dute gaur egun nagusiki emakumeek egiten dituzten lanetan.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dute Emakundek aurtengo Emakumeen Nazioarteko Egunerako prestatu duen kanpaina. Kanpainaren leloa da "Nork zaintzen du? Jar dezagun agerian. Egin dezagun dagokiguna" eta zaintza-lanak ikusarazteko, baloratzeko eta gizarte osoaren artean banatzeko beharra azpimarratzen du: emakume eta gizonen artean eta baita erakunde eta gizarte osoaren artean ere.   

Sailburuak azpimarratu duenez, bizi dugun pandemiak "inoiz baino nabarmenago utzi du zaintza-lanek bizitzari eusteko duten funtsezko garrantzia", eta "zaintzarekin konprometitzeko" beharra azpimarratu du, bai gizonezkoek, bai emakumezkoek, bai erakundeek eta, oro har, gizarteak.

Artolazabalek, halaber, Gobernuak zaintza erantzunkidearekin duen konpromisoa nabarmendu du, eta neurri batzuk aipatu ditu adibide gisa: "Guraso-baimen berdinak eta besterenezinak, neurri aitzindaria Estatuan; kontziliaziorako eta zaintzarako profesionalak kontratatzeko laguntzak; zainketa instituzionalak indartzea (sozialak, sanitarioak eta hezkuntzakoak) bizi-ziklo osoan zehar, zaintzaileei laguntzea barne; kontziliazio-planak eta berdintasun-planak enpresetan egitea bultzatzea; soldata-arrakalaren aurkako euskal estrategia; edo, bereziki, Berdintasun Legearen aldatzea".

Emakundeko zuzendariak, bere aldetik, zaintzarekin lotutako hiru alderdi azpimarratu ditu: bere garrantzia, "funtsezkoa baita gure biziraupenerako eta gizartearen funtzionamendurako" pandemian inoiz baino nabarmenago geratu den bezala; haren ikusezintasuna, kanpainako planteamendu grafikoan indartutako ideia bat, pertsonak agertu gabe zaintzarekin lotutako elementuak erakutsiz; eta emakumeen eta gizonen arteko zaintza lanen banaketa desorekatua. Banaketa desorekatu honek, esan du, " emakumeen desabantaila sozioekonomikoa indartzen du, hezkuntzarako, osasunaren arretarako, bizitza publikorako eta ordaindutako enplegurako duten sarbidea mugatuz”.

Landaidak azpimarratu duenez, "garapen ekonomiko, kultural eta ongizate sozial handiko gizarte batek ezin du onartu biztanleriaren zati batek, emakumeek, bere gain hartzea zaintza-lan gehiena, lan hori behar-beharrezkoa denean pertsona guztien ongizaterako eta jarduera sozial eta ekonomikoari eusteko".

Kanpainak azpimarratzen du, beraz, zaintzak ikusarazi behar direla, baloratu behar direla eta "emakumeen eta gizonen, erakundeen eta gizarte osoaren" artean banatu behar direla.

Landaidak gogorarazi du zaintza erdigunean jartzeko beharra feminismoaren aldarrikapen handietako bat dela, eta, era berean, zaintza horiek balioesteko eta modu orekatuan banatzeko beharra hainbat esparru programatikotan jasotako helburua dela, hala nola, , Nazio Batuek sustatutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan, edo EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean bertan, besteak beste.

Hala, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren 5.4. puntuan, botere publikoei eskatzen zaie "ordaindu gabeko zaintzak eta etxeko lanak aitortzeko eta baloratzeko".

Halaber, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean esaten da: "Zainketa-lanen hornidura Estatuaren, merkatuaren, familien eta gizarte zibilaren artean birbanatuko duen gizarte-antolaketa berri bat behar da. Horrek esan nahi du zaintza-lanak ez dituztela modu naturalean beren gain hartu behar emakumeek ".

Kanpainak kartelak, irrati-iragarkiak, bannerrak eta telebistako spot bat izango ditu eta otsailaren 24tik martxoaren 9ra bitartean egingo da kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan. Gainera, kartelak bidali dira erakundeetara, ikastetxeetara, osasun-zentroetara, elkarteetara, enpresetara, kultura-zentroetara eta liburutegietara. Era berean, sare sozialetan #CuidadosVisibles #ZaintzakAgerian traolak erabiltzera gonbidatuko dituzte herritarrak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak