Gaztelagunen lehen bi urteetan 2.100 gazteren alokairua ordaintzen lagundu du Etxebizitza Sailak

2021-02-19
  • Gazteen emantzipaziorako programak 3,96 milioi euro bideratu ditu 2019 eta 2020 artean errentamendurako laguntzetara
  • Laguntza jasotzen duten pertsonen % 62 emakumeak dira, eta parte hartzen dutenen batez besteko errenta urteko 10.966 eurokoa da

 

Gazteen artean etxebizitza librea alokatzeko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak sustatzen duen laguntza-programa, Gaztelagun, 18 eta 35 urte bitarteko 2.100 gazteengana iritsi da 2019ko urtarrilean hasi zenetik 2021eko otsailaren erdialdera arte. Gaztelagunek areagotu egin du eskatzaileen eta emandako laguntzen kopurua 2019tik 2020ra, eta % 126,6ko igo da 2020ko abendura arte emandako laguntzen kopurua, aurreko urtearekin alderatuta, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak egindako ebaluazioaren arabera. Iñaki Arriola sailburuak gaur plazaratu ditu datuak Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkuran.

Etxebizitza Sailak abian jarritako jardunetako bat da Gaztelagun. Helburu du gazteen emantzipazioa sustatzea, hiru urtez etxebizitza librearen alokairua ordaintzen lagunduta. 2020ko abendura arte 2019ko abenduan zeudenen bikoitza baino gehiago zeuden, laguntza jasotzeko baldintzen aldaketa dela medio. Igoera hiru probintzietan izan da: Araban % 133,8ko igoera, Bizkaian (% 128,1) eta Gipuzkoan % 119,6.

Etxebizitza Sailak, lehen bi urteetan 3,96 milioi euro bideratu ditu Gaztelagunera, eta 2021aren itxieran 2.500 laguntza ematea du helburu. Laguntza jasotzeko, beste batzuen artean honako baldintza hauek bete behar dituzte gazteek: gutxienez urtebetez jarraian Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea eta 3.000 eta 18.000 euro bitarteko errentak jasotzea, eskatzaile indibidual baten kasuan, 3.000 eta 24.000 euro bitartekoak familia-unitateen kasuan eta 3.000 eta 28.000 euro bitartekoak familia ugarien kasuan.

Iñaki Arriola sailburuak azaldu duenez, 2020a “zgazteen emantzipazio-tasa baxuen jatorria arazo sakon eta konplexuak dira, batez ere lan-merkatuaren ezegonkortasunarekin zerikusia dutenak baina baita alokairuko etxebizitzen garestitasunarekin eta eskasiarekin ere”. Ildo horretan, defendatu du programa honek “gazteen premiekin eta kezkekin bat” datorrela, eta Gobernuak Gaztelaguni emandako babesa berretsi du: “esperientzia pilotu gisa sortu zen, baina bi urte hauetan sendotu egin da eta Sail honen apustua ez ezik, Gobernu osoarena ere bihurtu da eta Gobernu Programaren parte da orain”.

2020ko abenduan, laguntza aktiboen % 48 etxebizitza partekatzen duten pertsonei zuzenduta zeuden, eta % 52 banakako eskaerei. Gaztelagunek etxebizitza oso baten errentamenduaren % 50eraino edo partekatutako etxebizitzen % 60raino ordaintzen du, betiere hileko 250 euroko mugarekin: Etxebizitzaren Legean jasotako Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoaren (EPE) muga bera. Gehienez ere hiru urteko iraupenarekin, gaur egun abian dauden Gaztelagun laguntzen ia erdiak (% 47) gehieneko zenbatekoari dagozkio. % 20 hilean 201 eta 249 euro artekoak dira, eta % 19 hilean 176 eta 200 euro artekoak.

Onuradunen profila nagusiki emakumearena da: % 62,5 2020an eta % 65,9 2019an. Gaztelagunen parte hartzen duten pertsonen erdiak 25 eta 29 urte bitartekoak dira (% 46), eta % 45 30 eta 35 urte bitartekoak (batez besteko adina 29 urte da). Kasuen % 81etan, onuradunak bakarrik bizi dira, % 6,6 adingabeak dituzten familiak dira, eta % 5,8 guraso bakarreko familiak.

Diru-sarreren batez bestekoa urteko 10.900 euro da
Egungo onuradunen artean, laguntzen erdiak urtean 10.000 eta 15.000 euro arteko errentak dituztenek jasotzen dituzte (% 47), % 38k 10.000 euro baino gutxiago kobratzen dute eta gainerako % 15a 15.000 eurotik gora dago. 2020ko abenduan, Gaztelagun programan sartutako pertsonen diru-sarreren batez bestekoa urtean 10.966 euro zen. 2020an, eskatzaileen diru-sarrerak 2019koak baino handiagoak dira, Etxebizitza Sailak gazte berriak programan sartzen laguntzeko bultzatutako araudia malgutu egin delako.

Gaztelagun irekita dago errentamendu-kontratu baten titulartasuna —banakakoa nahiz partekatua— duten pertsonentzat, kontratuaren gehieneko zenbateko hauen arabera: 750 euro hilean EAEko hiru hiriburuetan, 650 euro Bilboko eta Donostiako eremu metropolitarretan edo 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, eta 600 euro gainerakoetan.

Programa horretaz gainera, Etxebizitza Sailak gazteen emantzipazioa bultzatzeko berariaz diseinatutako jardunak abiarazi ditu, hala nola kolektibo horri lehentasuna emanez alokatzeko zuzkidura-bizitoki berriak eraikitzea edo Alokabideko alokairuko etxebizitzen parkean % 40ra arte kupoak sortzea, gazteek bat egin dezaketen beste neurri orokor batzuen artean.

Gaztelaguni buruzko informazio gehiago: https://www.alokabide.euskadi.eus/gaztelagun/eu/

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak