Berriak Osasuna

Osakidetzak Covid-19-aren aurkako txertaketa hasi du adineko pertsonen kolektiboan

2021-02-19
  • 100 urtetik gorako 1.800 pertsonei dei egingo die, datorren astean hitzordua eskaintzeko 25 txertaketa-guneetako batean  
  • Osasun Sailak sentsibilizazio-kanpaina bat abiarazi du, txertaketa “Txertatu zaitez – Babestu nazazu” ideiarekiko ekintza solidarioa dela ohartarazteko

Euskadik COVID-19aren aurkako txertaketa-prozesuarekin jarraitzen du, eta dagoeneko 113.000 dosi eman ditu. Aste honetan, egoitzen kolektiboa immunizatzen jarraitu da eta Osakidetzako eta sare pribatuko osasun-profesionalen artean dosiak eman dira, baita funtsezkotzat jotzen diren langileen artean ere: asteazkenean, 55 urtetik beherako ertzainen txertaketari ekin zitzaion (55 urtekoak barne), eta gaur, berriz, profesionalen txertaketa hastekoa da eguneko zentro batzuetan.

Datorren asteko nobedadea izango da Osakidetza adineko pertsonak txertatzen hasiko dela. 80 urtetik gorako pertsonen kolektiboa oso zabala da Euskadin: 160.000 lagun baino gehiago. Hori dela eta, txertoa adin tarteen arabera mailakatuko da, eta zaharrenetatik hasiko da: 100 urtetik gorako pertsonak. Euskadik 1.800 pertsona inguru ditu adin tarte horretan.

 

100 URTETIK GORAKOEN TXERTAKETA

Nola emango diegu hitzordua?

Osakidetza telefonoz jarriko da harremanetan pertsona horiekin, osasun-zentroen bidez, hitzordua planifikatzeko. Kanal hori ohikoa izaten da herritarrekin harremanetan jartzeko garaian.

Non jarriko zaie txertoa?

Osakidetza lanean ari da erreferentziazko txertaketa-puntuak ezartzeko. Asmoa da erakunde sanitario integratu bakoitzeko behinik behin 2 egotea. Gutxienez 25 izango lirateke Euskadin, Osakidetzaren sareko osasun-zentroetan.

Nola jarriko dugu txertoa?

Hitzordua jaso ondoren, ahal duten pertsonak txertaketa-gune horietara hurbilduko dira eta han jarriko zaie txertoa.

Baina, zailtasunak dituzten edo ezin duten pertsonen kasuan, Osakidetza haien etxera hurbilduko da. Hurbiltasun- eta ekitate-kontua da. Hala ere, ahal dela, txertaketa-guneetako aurrez aurreko txertaketa kudeatuko da, dosiak manipulatzea delikatua delako eta ezin delako bat bera ere alferrik galdu.

Zer egingo dugu etxez etxeko txertaketekin?

Denak aprobetxatuko dira. Horrek esan nahi du Osakidetzak 100 urtetik gorako pertsona bilatuko duela eta, dosi bat bera ere alferrik ez galtzeko, gainerakoak ingurunean bizi den kolektibo bereko pertsonei (80 urtetik gorakoak) emango zaizkiela. Pertsona guztiei jakinaraziko zaie eta hitzordua emango zaie. Une honetan planifikatzen ari den zerbait da.

 

SENTSIBILIZAZIO KANPAINA: “Txertatu zaitez – Babestu nazazu”

Kanpaina honen leloa da “Txertatu zaitez – Babestu nazazu”, eta ideia hau helarazi nahi du: zeure burua babesten baduzu, besteak babesten ari zara, eta alderantziz.

Kanpainan, pertsonak beren begiraden bidez erretratatzen dira, hori baita, hain zuzen ere, geure burua erakusteko eta harremanetan jartzeko dugun era aspaldi honetan. Horrek esan nahi du prebentzio-neurriekin jarraitu beharko dugula, hala nola maskararekin.

 

Gasteiz, 2021eko otsailaren 19a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Koldo Cambra, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea