Kontroleko osoko bilkura (2021/2/19)

2021-02-19

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Biziberri III planaren inguruan.

Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, Bizi Berri III Planaren helburua da intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 60 kasutik behera kokatzea, Europa osoan ezarritako helburua, baita Euskadin onartutakoa ere. Lehendakariak zehaztu du Bizi Berri Planak LABI-ren Batzorde Teknikoaren adituen gomendioak hartu dituela kontuan eta posible ikusten du lehen fasean 300 kasutik jaistea. “Zuhurtziaz eta zorroztasunez jokatzen jarraitzen badugu 300 kasutik jaistea lor dezakegu”, gaineratu du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, ostalaritza-sektorearen egoerari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak erabakiak hartu dituela, osasun-agintarien gomendioak aintzat hartuta; topaketa eta mugikortasun soziala murrizteko erabakiak hartu dituela. Hala, esan du "neurriek gizarte osoari eragin diote. Ostalaritzan, arazoa da erabiltzaileok taberna eta jatetxeetan lasaitzen ditugula prebentzio-neurriak. Hau da arriskutsua. Saihestu behar duguna. Neurriak betetzea da sektore horiei laguntzeko modurik onena ". Gainera, ostalaritzarako laguntzen arloan lanean ari direla gogorarazi du. Lehendakariak dei egin die erabiltzaile guztiei erantzunkide izan daitezen eta neurriak bete ditzaten.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Polularra- Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzaren lema hartzeko eta haren politikak zuzentzeko asmoei bide emateko datari buruz.

Lehendakariak adierazi duenez, "haizea, olatuak eta ekaitzak gorabehera", Euskadik bere norabideari eusten dio, "ibilbide-orri bat, tripulazio bat eta lema sendo bat ditugu, eta ekaitzaren erasoak gainditu eta ontzi hori portu onera eramango dugu". "Egunero eta orduro, nire lana eta kezka da, erabaki bakoitzean, ahalik eta orekarik handiena bilatzea Osasun Publikoa bermatzeko lehentasunaren eta gizarteari ahalik eta inpaktu txikiena eragiteko helburuaren artean", azpimarratu du.

Lehendakariak azpimarratu du, "ekaitz honen erdian", gehienek laguntzeko jarrera dutela eta norabide berean arraun egiten dutela, baina, Urkulluren arabera, batzuek nahiago dute arazoak larriagotzen eta “tripulazioa desmoralizatzen jardun”. Ildo horretan, jarrera aldatzeko eta Euskadiko gehiengoaren norabide berean arraun egiteko deia egin du. "Aurrekaririk gabeko krisi sanitario, emozional, sozial eta ekonomiko honek oposizio eraikitzailea behar du", gaineratu du.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Kataluniako egoera politikoaren inguruan.

Lehendakariak adierazi du aro berri honetan Kataluniako erakundeen "egonkortasuna eta gobernagarritasuna bermatzea" nahi duela. Gainera, aurreko Generalitateko Gobernuak eta Espainiako Gobernuak Alderdien Mahaia berrindartzearen alde egin zutela gogorarazi du. "Ulertzen dut, beraz, lau alderdi horiek hauteskundeetan jasotako babes zabala elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko berme gisa interpreta daitekeela, mahai horrek aldarrikatzen dituen erakundeen esparruan akordioa lortzeko borondatearekin", adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak