Euskal Autonomia Erkidegoa 2.000 etxebizitza sozialen portaera energetikoa aztertzen ari da, etxebizitza-parke publikoan energia aurreztea bultzatzeko

2021-02-17
  • e-lagun proiektuan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak, AVSk eta Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzaren arloko erakunde sozial nagusiek: Alokabide, Donostiako Etxegintza, Sestao Berri eta Bilboko Udal Etxebizitzak
  • Laguntza energetikorako zerbitzu aitzindari bat sortu da, maizterrei elektrizitatearen eta berokuntzaren edo gas naturalaren fakturarekin lotutako alderdi guztiak berrikusten laguntzeko, eta kontsumo-ohitura efizienteagoei buruzko aholkuak emateko
  • Lehen laguntzetan antzeman da lau familiatik hiruk behar baino 100 eta 120 euro artean gehiago ordaintzen dutela urtean

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan kudeaketa publikoko 25.000 etxebizitza baino gehiago daude alokairu sozialera zuzenduta. Etxebizitzen bolumen handi hori lurralde osoan dago banatuta, eta oso ezaugarri heterogeneoak ditu, bai arkitekturaren aldetik, bai antzinatasunaren, irisgarritasunaren edo energia-horniduren aldetik.

Hain zuzen ere, azken alderdi hori —horniduren eta energia-efizientziaren arloa— ari dira sakonean aztertzen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetza, Etxebizitza eta Lurzoruaren Kudeatzaile Publikoen Elkartea (AVS) eta Euskadiko Etxebizitzako gizarte-erakunde nagusiak (Alokabide, Donostiako Etxegintza, Sestao Berri eta Bilboko Udal Etxebizitzak). Horiek, elkarrekin, e-lagun jarri dute abian. Proiektu pilotu horren helburua da energiaren kudeaketa integralerako eredu bat lortzea Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza publikoan, dauden baliabideak optimizatzea eta maizterrak ahalik eta kostu txikienean erosoago egon daitezen bermatzea.

Etxebizitza baten energia-hornidurako mixak aukera ematen du eskari guztia estaltzeko, besteak beste, argiztapenari, etxetresna elektrikoei, klimatizazioari eta ur beroari dagokienez. Baina merkatu elektrikoa hain da konplexua, ezen, askotan, kontratatutako ereduak ez baitira egokitzen ez jabeen, ez erabiltzaileen beharretara.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza eta etxebizitza sozialeko erakundeak beren jabetzako ia 2.000 etxebizitzaren portaera energetikoa aztertzen ari dira. Etxebizitza horiek elementu komunen 500 hornidura-puntutan multzokatuta daude —garajeak, igogailuak, eskaileraren argia, etab.—, eta Barakaldon, Bilbon, Donostian, Sestaon eta Gasteizen kokatutako 150 eraikinetan banatuta. Alokabide Etxebizitza Sailaren mendeko sozietate publikoak egin du ekarpen handiena (1.000 etxebizitza). Ondoren datoz Bilboko Udal Etxebizitzak (458 etxebizitza eta 37 lokal) eta Donostiako Etxegintza eta Sestao Berri (200 lokal bakoitza). 

Eraikin publikoen hornidura komunei buruzko analisia erdibidean dago jadanik: 240 kontratu aztertu dira eta urteko 60.000 euroko aurrezkiak antzeman dira. Horietan, kontratuak hobetzeko eta optimizatzeko tramiteak bultzatu dira, eta ondorengo zaintzari eutsi zaio, kontsumo-desbideratzeak edo litezkeen bestelako hobekuntzak hautemateko.

Era berean, etxebizitza publikoetan bizi diren familiei lagun egiteko zerbitzu bat jarri da abian, eta “energia-kudeatzailea” izeneko figura sortu da, elektrizitatearen eta berokuntzaren edo gas naturalaren fakturarekin lotutako alderdi guztiak berrikusten laguntzeko eta eskura dituzten baliabideen berri emateko —esaterako, energia-bonu soziala—.Era berean, jokabide-profil bat egiten da, eta aurrezteko eta efizientzia lortzeko jarraibideak jasotzen dituen eskuliburu bat ematen zaie, kontsumo-ohitura efizienteagoak har ditzaten.

Lehenengo jardunetan ikusi da 4 familiatik 3k behar baino gehiago ordaintzen dutela. Gainera, batez beste, urteko 100 eta 120 euro artean gehiago ordaintzen dute. Laguntza orain hasten ari da, eta dagoeneko Bizkaiko eta Gipuzkoako 180 etxebizitzarekin sustatu da. Horrekin batera, beren kontratuak hobetzeko eta egoera bakoitzera egokitzeko urratsak eman dira dagoeneko. Adjudikatu berri diren etxebizitzen kasuan, maizterren % 90ek —50 etxebizitza— energia-kudeatzaileen esku-hartzea onartu dute. Hain zuzen, haiek jartzen dira harremanetan familiekin prozesua hasteko, hornidurak kontratatzeko eta fakturan prezio doituak lortzeko.

Ekimen aitzindaria sektore publikoan

Etxebizitza Sailak, AVSk eta Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzako gizarte-erakunde nagusiek bultzatutako energiaren arloko laguntza ekimen aitzindaria da. Izan ere, gaur egun sektore publikoan ez dago hasieratik energia-horniduren azken tramitaziora arte lagun egiteko zerbitzurik.  Doako zerbitzua da eta alokairuko etxebizitza-parke publikoaren erabiltzaileen eskura jarriko da, energiak familiengan duen ekonomia- eta ingurumen-eragina zaintzeko, kostua ahalik eta gehien murriztuta eta erabiltzailea deribatu energetiko guztien aurrean ahaldundu dadin bultzatuta. Maizterrak hala eskatzen badu, ordezkaritza-lanak ere egiten ditu hornidurak kontratatzeko, baita erreklamazioak eta egokitzapenak ere kontratu horietan edo energiari lotutako laguntzen kudeaketan.

Ekimenaren helburua da, batetik, alokairu sozialeko etxebizitza baten erabiltzailearentzat ahalik eta erosotasun handiena lortzea, energia-kostu txikienarekin, eta, bestetik, sozietate jabeek energia-kontratuak efizientzia eta kontrol handiagoarekin kudeatu ahal izatea.

Azken batean, e-lagun proiektua aztertzen ari da etorkizunean ateak irekitzea alokairu publikoaren sustapenetan kudeaketaren beraren beste edozein kontzeptu gisa energia gehitzeko aukerari, horrek dakartzan ondorio teknikoei, operatiboei eta legalei erreparatu ondoren. Asmoa da, hala badagokio, energia garbiaren hornidura eta kostu-baldintza onenak ziurtatzea tresna publiko berrien bidez (energiaren kudeatzaile publikoa) edota lehendik dauden edo suspertu behar diren tresna pribatuen bidez (kudeatzaile pribatu lehiakorrak). 

2 iruzkin
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2021-02-17

    Errorea aldi berean hainbat kontsumo-aparatuk kontsumitutako orduko kilowatt kopurua handitzen dutenean, potentzia gehiago kontratatu behar izatearekin batera, eta etengabe konektatutako aparatuak uztearekin batera kontsumo txikia baina kontua.

  • 2021-02-17

    Error simultanear a la vez varios aparatos de consumo elevan los kilovatios hora consumidos a la vez de necesitar contratar más potencia y dejar aparatos conectados permanentemente también consumo ínfimo pero cuenta.

Ekitaldiko kargudunak