Berriak Segurtasuna
qrcode

Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.701 isun-proposamen egin dituzte asteburuan Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik

2021-02-15

 

Joan den ostiraletik igandera bitartean, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako agenteek guztira 1.701 isun bideratu dituzte Euskadin pandemiaren aurka borroka egiteko eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako osasun-arauak urratzeagatik. Isun gehienak, 1.002, alegia, zirkulatzeko askatasuna murrizteko eta gehienez lauko taldetan elkartzeko ezarritako mugak urratzeagatik jarri dituzte.

 

Joan den asteburuan, ostiraletik igandera bitartean, Ertzaintzak eta udaltzaingoek berriz ere hainbat eta hainbat kontrol egin dituzte osasun-araudia betetzen dela zaintzeko. Euskal Autonomia Erkidego osoan ezarritako zaintza-dispositiboetan erregistratutako arau-hausteen balantzeari dagokionez, guztira 1.701 isun bideratu dituzte. Arau-hauste horietako gehienak, zehazki 1.002, mugikortasunean ezarritako murrizketak eta gehienez lauko taldetan elkartzeko ezarritako mugak ez betetzearekin erlazionatuta daude. Zehatz-mehatz, 406 isun gauean zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik bideratu dituzte, 401 EAEko edo norbera bizi den udalerriko sarrera-irteeretarako ezarritako mugak urratzeagatik eta 195 eremu publikoetan nahiz pribatuetan gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko muga ez errespetatzeagatik.

Bestalde, maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik jarritako isunak 266 dira guztira. Kalean alkohola kontsumitzeari dagokionez, guztira 137 isun bideratu dituzte. Gutxiago dira ostalaritzan, jatetxeetan eta jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tartea ez uzteagatik jarritako isunak (80) edo eremu publikoetan pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzeagatik, edo, besteak beste, ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzeagatik, jarritakoak.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da bi polizia-kidegoen jarduera bateratua: 843 isun Bizkaian, 732 Gipuzkoan eta 126 Araban.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko