Eusko Jaurlaritzak 1,38 milioi erabiliko ditu arte eszenikoen ekoizpen profesionalak diruz laguntzeko (Gobernu Bilera 2021-2-16)

2021-02-16
  • Aurten Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bereiztu egingo du produkzioa eta ondorengo banaketa eta deialdi desberdin bitan banatuko ditu laguntzak

Gobernu Kontseiluak 2021. urtean arte eszenikoak ekoizteko diru-laguntzak emateko agindua onartu du gaur. Produkzio eszenikoa ahalbideratzen duten prozesu desberdinak finantzatuko dira. Helburua euskal konpainien sorkuntza-lana bultzatzea eta beraien ahalegina aitortzea da. Lanak beste merkatu batzuetara zabaltzeko aukera ere eskaini nahi zaie horrela beraien finantzabideak ugaritu ahal izateko.

Guztira 1.380.000 euroko diru laguntza onartu da gaur. Antzerki, dantza eta zirku ekoizpenak lagunduko dira. Gaur egun bizi dugun osasun egoerak nabarmen eragin du ikuskizun eszenikoen kontratazioen murrizketan eta hori dela eta, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bereiztu egingo ditu aurten ekoizpenen sustapenerako eta ondorengo banaketarako laguntzak. Datozen asteetan iragarriko dira banaketara bideratutako laguntza berriak. 330.000 euro izango dira guztira. Bi laguntzak kontutan hartuta 1.710.000 euro bideratuko dira arte eszenikoak bultzatzera, aurreko urtean baino ehuneko 8 gehiago.

Gaur onartutako laguntzetan lau modalitate daude:

  • Hitzartutako zirkuitua duten produkzioak egiteko laguntzak: 225.000 euro bideratuko dira 2021. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen edo hasten dituzten produkzioetara beti ere SAREA-Euskal Antzoki Sarearen antzokiren batean estreinatzen badira eta ondoren bira egiten badute.
  • Produkzioak I egiteko laguntzak: 175.000 euro erabiliko dira izaera profesionaleko lehen proiektuak, izaera berritzaile esanguratsua duten proiektuak eta berariaz ikerketara eta esperimentaziora bideratutako obrak laguntzeko.
  • Produkzioak II egiteko laguntzak: kalitatezko eta interesa duten proiektuak lagundu eta iraunkortasuna bultzatzeko asmoz 280.000 euro bideratuko dira diru-laguntzetara.
  • Bi urteko jarduera eszenikorako laguntzak: 700.000 euro bideratuko dira 2021-2022 urteetan estreinatuko diren ekoizpenak laguntzeko beti ere Euskal Autonomia Erkidegorako edo kanpoko merkatuetarako birako plana badute.

Eskabideak aurkezteko epea deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aurkeztu eta hurrengo egunean hasiko da. Ondoren Balorazio Batzorde batek aztertu eta ebaluatuko ditu eskabideak.

Iaz 39 proiektu  

  1. urtean Kultura eta Hizkuntza Politika sailak arte eszenikoen ekoizpenerako 39 diru laguntza eman zituen: hitzartutako zirkuituarekin egindako ekoizpenak egiteko 6 laguntza eman ziren; ekoizpen eszenikorako eta ondorengo banaketarako 26 proiektu lagundu ziren; eta beste 7 laguntza eman ziren bi urteko jardunetarako.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko