EIT Foodek Euskaditik bi programa abian jarri ditu, Europa Hegoalderako nekazaritza eta elikagaien sektoreko proiektu berritzaileen bila

2021-02-15
  • EIT Food Accelerator Network-ek (EIT FAN) ‘start-up’-en hazkuntza sustatzen du eta nazioarteko bultzada bat ematen die, eta Seedbed negozio-ideiak balioesten dituen inkubagailu bat da. Biak Eusko Jaurlaritzaren enpresa-sorkuntza estrategiaren barne daude.

  • Izena emateko epea otsailaren 14an ireki da eta apirilaren 10era arte egongo da zabalik. Bai 2019an, bai 2020an, Bilboko ‘campus’-ak Europako finalean irabazleak izan zituen.

  • Europa Hegoalderako EIT Fooden egoitzak, Bizkaian, 20 ‘start-up’ tutelatuko ditu -hamar programa bakoitzeko-, eta hainbat hilabetetan zehar formakuntza intentsiboa jasoko dute

 

EIT Food patzuergo europarra Europa Hegoaldeko nekazaritza eta elikagaien sektoreko ‘start-up’ nabarmenen bila dabil, hazten eta nazioarteko merkatuan leku bat aurkitzen laguntzeko asmoz. Helburu horrekin, atzo bi ekintzailetza-programa abian jarri zituen: lehenengoak, EIT Food Accelerator Network (FAN) deritzona, bere hirugarren edizioa hasiko du enpresa sortu berriei Europa mailan nabarmentzen laguntzeko; bigarrena Seedbed inkubatzailea da, eta negozio-ideia berritzaileak balioesten laguntzen du.

Biak EIT Foodek Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean duen egoitzatik abian jarri dira, Eusko Jaurlaritzak, bi proiektuetan parte hartzen duena, elikagaien arloan duen ekintzailetza-estrategiaren barne.

Bilbon ez ezik, Europako beste hiri batzuetan antolatu da programa. Azken urte hauetan, egoitza euskalduna ‘start-up’-en aldetik eskari gehien jaso dituena izan da, Euskadik eskaintzen duen enpresa- eta ekintzailetza-ekosistema dela eta. Izan ere, Europako 2020ko proiektu irabazlea Venture Summit sarietan Odd.bot Robotics izan zen, eta Trigger Systems 2019an, biak 'campus’ bizkaitarrean sortuak.

Bi programetarako izena emateko epea zabalik dago eta apirilaren 10ean itxiko da. Bien arteko ezberdintasuna ‘start-up’-en heldutasun mailan oinarritzen da.

Alde batetik, EIT FAN programa jadanik balioztatu den inpaktu handiko nekazaritza edo elikagaien teknologia erabiltzen duten ‘start-up’-ei dago zuzendurik; negozioa eta bezeroak zabaldu nahi duten ‘start-up’-ei. Deialdira aurkezten direnen artean (iaz 414 Europa osoan), 60ko talde bat osatuko da, eta sei herrialde ezberdinetan banatuko dira. Bilbo horietako bat izango da; besteak, Munich (Alemania), Haifa (Israel), Lausana (Suitza), Cambridge (Erresuma Batua) eta Helsinki (Finlandia) izango dira.

Behin ‘start-up’ egokienak aukeratuta, hamarrek Bilboko ‘campus’-ean hartuko dute parte. Sei hilabetetako segizio profesionala jasoko dute bertan, primerako adituen eskutik. Instalazioetara, bezeroetara eta finantziaziora sarbidea izango dute, eta merkatuan hazteko gaitasuna lortuko dute. Programaren eta eskaeren informazio guztia hemen dago eskuragai.

Ekintzaileek primerako mentorekin eta EIT Fooden kideekin batera (nekazaritzako elikagaien industriako firma handiak barne) lan egiteko aukera izango dute. Finantziazioan ere laguntza eskuratu ahal izango dute.

EIT Foodek bila dabilen profilen artean, honako hauek nabarmentzen dira: nekazaritza eta akuikultura jasangarrietarako teknologiak, nutrizio osasuntsua eta proteina alternatiboak. Honako hauek dira FAN programan parte hartzen duten kideak: Azti, Basque Culinary Center, Turingo Unibertsitatea (UNITO), Danone, PeakBridge, Grupo AN eta Neiker, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz gain.

Seedbed inkubagailua

Seedbed inkubagailuak ideia berritzaileak merkatuak baietsitako proposamen komertzialetan eraldatzen laguntzen du. Lehenengo fasetan dauden produktu edo zerbitzuak garatzen dituzten ekintzaileei dago zuzenduta. Sei hilabetetan zehar

programa intentsibo batean murgilduko dira, haien proiektuak etorkizuna duten enpresa bideragarrietan bihurtzeko helburuarekin.

Seedbed-en, EIT Foodekin lotura duten unibertsitate eta enpresa berritzailek haien esperientzia eskaintzen dute, negozio-ideia berri hauek osatzeko helburuarekin. Programaren amaieran, ekintzaileek haien proiektuak aurkeztuko dituzte, eta ahalezko bezeroekin haien ideia merkaturatzeko finantziazioa eskuratzeko aukera izango dute.

Inkubagailua Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parketik kudeatzen da. Aldez aurreko aukeraketa baten ondoren, 10 ekintzaile hartuko ditu bere baitan, online eta presentziazko formakuntza txandakatuz. Aldi berean, Iparraldeko Irlandan, Polonian, Dinamarkan eta Alemanian gauzatuko da.

Programa hiru talde nagusiei dago zuzendurik: haien berrikuntzaren ahalmen komertziala baietsi nahi duten ekintzaileei; teknologia baten irteera komertziala frogatu nahi duten ekintzaile zientifikoei (ikasleak, akademikoak edo langileak); edo sortu berriak diren enpresei (urte bat baino gutxiagokoak).

Ideia berritzaileak honako arlo hauetan bilatzen dira: nekazaritza eta akuikultura jasangarriak, proteina alternatiboak eta nutrizio osasuntsua, trazabilitate digitala eta elikadura zirkularraz gain. Seedbed programaren eta eskaeren informazio guztia eskuragarri hemen.

Programa honetan, Eusko Jaurlaritzaz gain, EIT Fooden kide ezberdinek hartzen dute parte: PepsiCo, University of Warsaw, Queens University, AZTI, DIL, Grupo AN, PeakBridge, University of Aarhus, Danone eta Döhler.

EIT Fooden inguruan

EIT Food elikagaien berrikuntzarako ekimen nagusia da Europan. Elikadura-sistema jasangarriagoa, osasungarriagoa eta konfiantzazkoagoa izan dadin lan egiten du 2008an berrikuntza eta ekintzailetza bultzatzeko sortu zen EBko erakunde independentea den Berrikuntza eta Teknologiaren Europako Institutuak (EITk) sortutako zortzi berrikuntza-erakundetako bat da.

Partzuergoak 100 erakunde baino gehiago ditu barne, haien artean industria nagusiak, sektoreko enpresa liderrak, ‘start-up’-ak, ikerketa-zentroak eta Europa osoko unibertsitateak. Europako hegoalderako egoitza Espainian dago (Madrilen eta Bilbon), eta bazkide espezifikoak ditu: Acesur, AIA, Angulas Aguinaga, AZTI, Caviro, Consiglio

Nazionale delle Ricerche, CSIC, Grupo AN, Granarolo, Hub Innovazione Trentino, Inalca, International Iberian Nanotechnology Laboratory (INL), Mondragon Corporation, PeakBridge, Strauss, Technion, la UAM, UNITO, Universidad de Bolonia eta Volcani Institute of Agricultural Research.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak