Berriak Lehendakaritza

Euskadik 100.000 dosi baino gehiago eman ditu

2021-02-16

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Osasun sailburu Gotzone Sagarduirekin batera.

Osasun sailburuak azpimarratu duenez, Euskadin 100.000 dosi baino gehiago eman dira: 57.970 lehen dosi eta 43.682 bigarren dosi; eta, aste honetan, 14.700 txerto inguru ematea espero da. Honekin,  egoitzetako egoiliarrei zein profesionalei immunizazio osoa ematen jarraituko da, Osakidetzako profesional sanitarioen lehen lerroa amaituko da eta bigarren lerroarekin jarraituko da, klinika pribatuetako profesional sanitarioen lehen lerroarekin jarraituko da, eta oinarrizko beste kolektibo batzuekin hasiko da, hala nola Ertziantzarekin.

Era berean, Sagardui sailburuak jakinarazi ditu koronabirusak Euskadin izan duen eraginari buruzko datu eguneratuak, eta azpimarratu du, datuek diotenez, puntu batera iritsi ondoren, intzidentzia-kurbaren jaitsiera-fasea finkatu egiten dela. Nolanahi ere, sailburuak azpimarratu du erne egon behar dugula, 100.000 biztanleko 60 kasuren helburutik "urrun" gaudelako. "Ez da erlaxatzeko unea, erne egoteko unea baizik, datuak kezkagarriak baitira oraindik", adierazi du. Sagarduik babes neurriak betetzera deitu du beste behin.

Bere aldetik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren akordio garrantzitsuenen berri eman du.

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak onartu egin du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren, Sestaoko Udalaren eta Sestao Berri sozietatearen arteko lankidetza-hitzarmen berria, Sestaoko Txabarri-El Sol eremuan hiria berroneratzeko proiektuari integralari jarraipena emateko. Proiektuak babes publikoko etxebizitzen sustapen berri bat aurreikusten du, alokairu sozialeko 127 unitaterekin.

Bestalde, Gobernu Kontseiluaren onespenarekin, Emakundek, Emakumearen Euskal Erakundeak, 400.000 euroko diru-laguntzak bideratuko dizkie enpresei 2021ean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako diagnosiak eta planak egin ditzaten. Horrez gainera, 2021eko ekitaldirako diru-laguntzen deialdia ere onartu du, elkartegintza sustatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko eremu guztietan emakumeen parte-hartzea sustatzeko, 400.000 euroko balioarekin.

Gaurko bileran Gobernu Kontseiluak, Nazio Batuen Pertsona desgaituen eskubideei buruzko nazioarteko konbentzioak ezarritako gidalerroari jarraituz, larrialdietako plan bereziak moldatzeko erabakia hartu du, dibertsitate funtzionala duten pertsonen eta zaurgarritasun handiko kolektiboen arreta-zerbitzuak hobetzeko. Zupiria bozeramaileak azaldu duenez, dibertsitate funtzionala duten pertsonengana eta larrialdien aurrean zaurgarritasun berezia duten beste kolektibo batzuengana modu egokiagoan eta eraginkorragoan iritsi ahal izaten lagunduko dute larrialdi-planen moldakuntza hauek.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagokionez, arte eszenikoen ekoizpena suspertzeko, 2021erako diru-laguntzen agindua onartu du gaur Gobernu Kontseiluak; 1,38 milioi €, hain zuzen, produkzio eszenikoa ahalbideratzen duten prozesu desberdinak finantzatzeko. Gainera, aurrerago beste 330.000 €ko jarriko ditu Kultura Sailak arte eszenikoen ekoizpenak sustatzen eta zabaltzen laguntzeko. Bingen Zupiria sailburuak azaldu duenez, COVID19ak ekarri duen kontratazio-murrizketari aurre egiten laguntzeko helburuarekin, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak arte eszenikoetarako laguntzen guztizkoa % 8 handitzea erabaki du.

Kulturaren arloa, gainera, Gobernu Kontseiluak 2021eko kultura-arloko sorkuntza lanetarako diru-laguntzak arautzen dituen agindua onartu du gaur, 354.000 € dira guztira.

Gai zerrendatik kanpo, Zupiria sailburuak iragarri du Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak enpresei laguntzeko programen katalogoa aurkeztuko duela bihar. Pandemiak kaltetutako enpresei laguntzak emateaz gain, beste ikerketa eta garapen proiektu batzuk ere bultzatu nahi dira. Era berean, datorren astean hiru jardunaldi espezifiko egingo dira programa guztiei buruzko xehetasunak emateko: asteazkenean, otsailaren 24an, I+G eta ekintzailetzarako laguntzei buruzkoa izango da jardunaldia; ostegunean, otsailaren 25ean, industria, energia eta iraunkortasunari buruzkoa; eta ostiralean, otsailaren 26an, lehen sektoreko enpresei zuzendutakoa.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak