Berriak Segurtasuna

Bi atxilotu Bilbon eta Urnietanagintaritzaren agenteen kontrako atentatuagatik osasun-araudia desobeditzearekin erlazionatuta

2021-02-14

Ertzainek bi pertsona atxilotu zituzten atzo arratsalde-gauean Bilbon eta Urnietan, agintaritzaren agenteen kontrako atentatuagatik. Bi kasuek pandemiarekin erlazionatutako osasun-araudia ez betetzearekin dute zerikusia.

 

Lehenengo pertsona atzo, larunbata, arratsaldeko lauak aldera atxilotu zuten Bilboko ostalaritza-establezimendu bateko terrazan. Agenteek atentzioa eman zioten maskara jantzi gabe zuen gizonezko bati eta jantzi beharra zuela esan zioten. Gizonezkoak ez zuen jantzi nahi izan eta agenteek, beraz, identifikazioa eskatu zioten, eta identifikatu ere ez zuen egin nahi izan. Desobedientziagatik atxilotuko zutela esan ziotenean, agenteak jotzen saiatu zen, eta, azkenean, atentatuagatik atxilotu zuten.

Urnietan, gaueko bederatziak aldera, agenteek kalean elkartuta zeuden hainbat pertsona identifikatu zituzten. Horietako batek, maskara jantzi gabe zuen gizonezko batek, agente bati eraso egin zion, eta atentatuagatik atxilotu zuten, beraz. Gertakari horretan beste bederatzi pertsona identifikatu eta zehatu zituzten osasun-araudia ez betetzeagatik.

BESTE GERTAKARI BATZUK

 

Ertzaintzak hainbat herritan esku hartu behar izan du osasun-arauak betearazteko. Horrela, gaueko bederatziak aldera, Irunen, ikastetxe baten inguruan, alkohola edaten ari ziren hamaika pertsona identifikatu eta zehatu zituzten. Gaueko hamaika eta erdiak aldera Tolosan etxebizitza batean urtebetetze bat ospatzen ari ziren sei pertsona identifikatu zituzten. Bilboko etxebizitza batean, berriz, bederatzi pertsonari jarri diete isuna goizaldeko ordu bata aldera festan aritzeagatik. Gaueko hamabi eta erdiak aldera agenteek zortzi pertsona harrapatu zituzten Lazkaoko garaje batean botiloia egiten. Bilbon ere, goizeko hiruak aldera, zazpi pertsona aurkitu zituzten garaje batean, eta hamabost isun-akta jarri zizkieten.

Ertzaintzaren azken esku-hartzea goizaldeko ordu bata aldera hasi da Abadiñoko etxebizitza batean. Hainbat patruila hurbildu dira bertara ustez festa bat egiten ari zirenez. Etxean zeuden pertsonek ez dute atera nahi izan, eta bertan egon dira goizeko bederatziak arte. Ordu horretan ireki dute atea eta zortzi pertsona identifikatu dituzte, eta agenteek egiaztatu dute haietako inor ez zegoela etxean erroldatuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko