Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak epaitegira bidali du Mungian izandako desordenen atestatua, eta hamabi pertsona daude ikertuta

2021-02-13

Desordenak urtarrilaren 16an gertatu ziren, eta gazte bat atxilotu zuten agintaritzaren aurkako atentatuagatik

Ertzaintzak epaitegira bidali du Mungian izandako desordenen atestatua, eta hamabi pertsona daude ikertuta

Hamabi gaztek agertu beharko dute agintari judizialaren aurrera, agintaritzari aurre egiteagatik eta desordena publikoengatik ikertu gisa. Desordenak Mungian gertatu ziren urtarrilaren 16an. Egun hartan Ertzaintzak eta Udaltzaingoak osasun-araudia betetzen ez zelako esku hartu zuten, eta agenteei aurre egin zien eta agente bati eraso egin zion gazte bat atxilotu zuten. Gainerako inplikatuek indar egiten aritu ziren agenteen aurka, eta iraindu ere egin zituzten.

Gainera, atzo gauean Ertzaintzak Erandion botiloia egiten ari ziren 25 lagunei  salaketak jarri zizkien covidaren aurkako segurtasun-neurriak urratzeagatik.

Ertzaintzak, Mungiako Udaltzaingoarekin elkarlanean, egindako ikerketari esker hamabi gazte identifikatu ahal izan dira, guztiak gizonezkoak, urtarrilaren 16an izandako gertakarietan ustez inplikatuta egoteagatik. Egun horretan poliziek Aita Elorriaga kalean esku hartu zuten, hainbat pertsona taberna baten inguruan baitzeuden COVID-19ak eragindako pandemiari aurre egiteko beharrezko osasun-neurriak urratzen.  

Gertakarietan gazte talde batek aurre egin zien agenteei eta polizia-lana oztopatzeko ahaleginak egin zituen, eta 19 urteko gazte bat atxilotu zuten agintaritzari aurre egitea eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatuta. Gainerako inplikatuek etengabe urratu zituzten covidaren aurkako segurtasun-neurriak, eta agenteak iraindu eta jo zituzten atxilotzeko prozesua oztopatzeko.

Polizia-eginbideak amaitzean, atestatua Gernikako Epaitegira bidali dute, eta bertara agertu beharko dute hamabi ikertuek dei egiten zaienean.

Botiloia Erandion

Beste aldetik, atzo gaueko hamaikak aldera Ertzaintzak Erandioko Astrabuduako instituto alboan botiloi egiten ari ziren pertsona talde bat aurkitu zuen. Taldeko 25 pertsonei 94 isun, guztira, jarri zizkioten osasun-araudia urratzeagatik, hau, da,  gehienez lauko taldetan elkartzeko ezarritako muga ez betetzeagatik, kalean alkohola edateagatik, ezarritako ordutegia urratzeagatik eta, gainera euretatik 19 lagun udal mailako itxiera perimetrala urratzeagatik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko