Berdintasuneko sailburuak gogorarazi du indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko lana “talde-lana” dela

2021-02-13

900 840 111

  • Beatriz Artolazabal eta Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria, kontzentrazioan izan dira azken hilketa matxista gaitzesteko
  • Eusko Jaurlaritzak “adi” egoteko eskatu dio gizarteari, eta 900 840 111 telefonoaren erabilgarritasuna baloratu du prebenitzeko eta arreta emateko baliabide gisa

Sestao, 2021/02/13

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak gaur adierazi duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak joan den azaroaren 25ean egin zuen bezala, “indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko lana talde-lana da”. Sestaoko Kasko plazan egin du adierazpen hori. Bertan, gaur eguerdian elkarretaratzea egin da Euskal Autonomia Erkidegoan bikotekideak hildako azken emakumearen omenez. Elkarretaratzean, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendari nagusiarekin batera izan da.

Hilketa atzo izan zen Sestaon. Bertan, 56 urteko emakume bat bere etxean hilda aurkitu zuten, indarkeria-zantzuekin. Horri buruz, “biktimaren senide eta lagun maiteekiko Eusko Jaurlaritzaren txera eta hurbiltasuna” azaldu du sailburuak.

“Indarkeria matxistak bere aurpegirik krudelenarekin jo gaitu”, azpimarratu du. “Herritarrei adi jarrai dezagun eskatzen diet. Guztiok hauteman ditzakegu indarkeria-egoerak, eta erakundeok hainbat tresna gaituta ditugu emakume horiei laguntzeko. 900 840 111 telefonoa 24 orduz zabalik dago eta baliabide egokia da egoera horiei aurre egiteko”, nabarmendu du.

Indarkeria jasan duten edo jasaten ari diren emakumeei ere zuzendu zaie Artolazabal: “Administrazioek haien esku jartzen dituzten zerbitzu eta baliabideetan konfiantza izan dezaten eskatzen diet”. Amaitzeko, hau esan du: “Datozen hilabeteetan Eusko Legebiltzarrak berdintasunerako euskal lege berri bat onartuko du. Lege horretan, indarkeria matxistaren aurkako tresna berriak aztertuko dira, emakumeen hilketak gure gizartearen egiturazko desberdinkeriaren adierazpenik krudelena direla egiaztatu baitugu”.

2 iruzkin
  • 2021-02-13

    Politikan kaskarkeriak agintzen duela uste duenik badago, zailagoa da.

  • 2021-02-13

    Cuando haya quien crea que manda la mediocridad en política es más difícil

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak