Emakundek lagundutako ikerketa batek agerian uzten du emakumeek zailtasun handiagoak dituztela adikzioei aurre egiteko tratamenduak jasotzeko
- Azterlanak hobekuntzak proposatzen ditu genero-ikuspegia duen prebentzio-lanean
- Emakume asko mendekotasun-arazoa ezkutatzen saiatzen dira, zigor soziala saihesteko
Emakunde/Emakumearen Euskal Erakundeak azterlan hau aurkeztu du: "Aurkitzen al dute emakumeek oztoporik adikzioak tratatzeko baliabideetan sartzeko eta mantentzeko? Egungo egoeraren azterketa". Lana Emakundek urtero antolatzen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren arloko ikerlanetarako bekaren emaitza da.
Azterlana Nagore Orozek, Yolanda Cerverok eta Iosu Martinezek osatutako talde batek egin du, eta, urtebetez, mendekotasun desberdinak dituzten emakumeak eta haiekin zuzenean lan egiten duten profesionalak elkarrizketatu dituzte, EAEko egungo egoera aztertzeko. "Azterlan honekin, gizarte-egiturak emakumeen substantzien kontsumoaren analisian duen eragina nabarmendu nahi dugu, generoaren gizarte-egituraketa baitago fenomeno horren oinarrian", azaldu dute egileek.
Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, azterlanaren aurkezpenean adierazi duenez, “osasun eremuan, beste eremu guztietan bezala, oso garrantzitsua da genero ikuspegia kontuan izatea, baita adikzioen tratamenduetan, ez bakarrik emakume ta gizonen gorputzak ez direlako berdinak, horrekin batera ditugun lan eta bizi baldintzak, gure gain dauden agindu sozialak… ez direlako berdinak, eta ondorioz, izan ditzakegun arriskuak eta gaixotasunak ere ezberdinak izan daitezke, edo modu ezberdinetan bizi ditzakegu”.
Emakumeek eta profesionalek tratamendu-baliabideetan duten esperientzian sakontzeaz gain, prebentzioan eta baliabide horiek eskuratzean hobetzeko aukerak proposatzen ditu lanak. Eta, batez ere, errealitate bat ikusarazten saiatzen da "sistematik kanpo geratzen diren emakumeek generoaren berezko ezaugarrietara eta beharretara egokitutako tratamendua jasotzeko aukera izan dezaten".
Ikerketak 127 emakumeren esperientziak aztertu ditu. Emakume horiek tratamendu-etapa desberdinetan zeuden, edo, kasu batzuetan, ez zuten baliabiderik erabiltzen. Inolako laguntzarik jaso ez zutenen artean, asko zigor soziala saihestekon saiatzen ari zirela ikusi dute ikertzaileek.
Era berean, tratamendua jasotzen duen emakume batek tratamendua jarraitzearen edo bertan behera uztearen alde egiten duen arrazoietan sakondu du ikerketak. Ahaldunduago sentitzea edo osasuna hobetzea dira jarraitzeko eta amaitzeko arrazoi nagusiak. Hala ere, ikerketaren arabera, emakumeen erdiek aitortzen dute uzteko gogoa sentitu dutela, batez ere maskulinoa den talde bateko bizikidetzarekin zerikusia duten faktoreengatik, konfiantza faltagatik, eta askotan jarrera matxistengatik.
Genero-indarkeriako egoeretarako laguntza juridikoa eta psikologikoa eta emakumeekin soilik osatutako eta genero-ikuspegiarekin landutako taldeen eskaria dira azterlanean parte hartzen dutenek egiten dituzten eskarietako batzuk.
Profesionalen kolektiboa
Profesionalen esperientziei dagokienez, kontsultatutako kolektiboaren erdiak baino gehiagok onartzen du emakumeek, hala izateagatik, zailtasunak dituztela adikzioen aurrean tratamendu edo baliabide bat eskuratzeko. Eta oztopo objektiborik ez dagoela dioten arren, oztopoak genero-rol tradizionalei lotuta daudela: beste pertsona batzuen zaintzari edo estigma sozialari lehentasuna ematea, adibidez.
Familia-medikuntzako, erizaintzako, gizarte-hezkuntzako edo psikologiako profesionalek osatutako kolektiboaren ustez, droga-mendekotasuna duten emakumeek tratamenduetarako sarbidea izan dezaten, ezinbestekoa da eskuragarritasuna, bai ekonomikoa bai geografikoa, arreta espezifikoa eta generoari buruzko prestakuntza handiagoa izatea.
Hobetzeko proposamenak
Azterlana esku-hartze proposamen batzuekin amaitzen da. Hala, ikertzaile-taldeak hobekuntzak proposatzen ditu adikzioak prebenitzeko genero ikuspegia behar duen lanean, emakume gazteei eta nerabeei begira. Adikzioak dituzten emakumeentzako tratamenduetarako sarbidea errazteari dagokionez, proposatzen da ikuspegi feminista duten komunikazio-kanpainetan lan egitea, detekzio-protokoloak diseinatzea eta generoari buruzko prestakuntza zabala duten profesionalak izatea.
Emakumeek tratamenduekiko duten atxikimendua hobetzeko proposamenak ere egiten dituzte egileek, hala nola, elkarrizketa errazteko emakume-taldeak ezartzea, generoarekin zerikusia duten alderdietan gizonekin lan egitea eta familia tratamenduan zehar integratzea.