Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Jaurlaritzak defendatzaile lana egin eta legea betearaziko du”

2011.eko ekainak 26

Lehendakariak gogorarazi du Bilduk ETA desagerrarazteko lan egiteko “erantzukizuna” daukala

“Norbaitek demokrata dela esan nahi badu, arauak errespetatu behar ditu, gustatu nahiz ez”; mezu hori bidali dio lehendakariak Bilduri, talde abertzaleak bere gobernupeko erakundeetan banderak edota Erregearen argazkiak kentzeko asmoa duela adierazi ondoren. Lehendakariak, gainera, PSE eta EAJren arteko harremanari buruz esan du “hobe litekeela". Bere gobernuak zerbitzu publikoak eta gizarte-politikak “mantendu eta bermatzeko” lan egingo duela ziurtatu du, eta zergen arloko balizko erreformek ez dutela ez bata ez bestea murriztuko argitu du.

Berriro ere, lehendakariak ziurtatu du "ETA inoiz baino ahulago dagoela”. Lópezek erantsi du bi urtean aurrerapenak lortu direla zuzenbide estatuaren defentsan, indarkeria guztiaren aurreko zero tolerantzian, kaleak eta jaiak herritarrentzat berreskuratzeko, eta "orain ezin da atzera egin, ez dugu onartuko". Patxi Lópezek Bilduri gogorarazi dio erakunde batzuetara iritsi denez “ETA desagerrarazteko lan egiteko ardura duela”, “ez du balio ezkutatzea edo anbiguotasunen atzean babestea”. Lópezek ziurtatu du Bilduk ETA desagertzea nahi duen gizarte bat gobernatzen duela. “Proiektu totalitarioa, faxista, desberdin pentsatzen duten pertsonak akabatzearen aldekoa, Euskaditik desagertu behar da”.

Patxi López lehendakariari elkarrizketa bat egin diote Almudena Cachok Radio Euskadin aurkezten duen “Más que palabras” saioan. Ordu erdi inguru iraun duen elkarrizketa EITBk Bilbon duen egoitzan egin da, eta, bertan, lehendakariak Euskadiko politika-arloko gaur egungo egoeraren errepasoa egin du.

Patxi Lópezek onartu du EAJrekiko harremana “hobe litekeela”. Bestalde, lehendakariak gogorarazi du PSEk Euzko Alderdi Jeltzaleari akordio bat eskaini ziola euskal erakundeen gobernuak "printzipio demokratiko batzuk ez ezik, herrialdearen garapenerako proiektu bat ere komunean duten gehiengoek" osa zitzaten. Jaurlaritzaren buruak esan duenez, “EAJk ez zuen akordioan sartu nahi izan”, eta “nahiago izan zuen Bildu erakunde batzuen buruzagitzan egon zedila”, gehitu du. Lehendakariaren ustez, egoera horrek “zalantzan jar litzake proiektu horietako batzuk”.

Ekonomiaren hazkuntza, iruzur fiskalaren kontrako borroka eta behar besteko fiskalitatea izatea oinarrizkoak dira lehendakariarentzat, eta azken gai horri heltzeko, Patxi López EAEko hiru aldundietako ordezkariekin bilduko da, besteak beste. Lehendakariak uste du beharrezkoa dela zergak berreskuratzeko aukerari buruz hausnartzea, eta hobariak analizatzea “zentzua” duten ikusteko, baita helburuak betetzen ari diren egiaztatzeko eta PFEZaren tarteak egokiak diren aztertzeko ere. Lópezek uste du herrialdearen beharrizanetan pentsatuz “hausnartzen” bada, eta ez alderdiarenetan, “adostasun” batera irits daitekeela.

Lehendakariaren Administrazioan soldata-murrizketa gehiago egongo den galdetu diotenean gogorarazi du “aukera hori ez dela planteatzen”, baina une honetan “mahaigainean datu negatibo batzuk” daudela onartu du. “Diru-sarrerak ez dira uste genuena bezalakoak”, gehitu du. Hala eta guztiz ere, Patxi Lópezek ziurtatu du "zerbitzu publiko guztien kalitatea eta unibertsaltasuna mantendu eta bermatuko" dugula, eta "gizarte-politika guztiak ere mantendu eta bermatuko ditugu”, erantsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)