Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Radio Euskadin

2021-02-10

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa egin diote gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan. Bertan, berretsi du berak zuzentzen duen sailaren helburua ikasturtea aurrez aurre amaitzea dela. Ildo horretan, nabarmendu du gelen % 98,70 irekita eta aurrez aurreko  lanean ari direla gaur egun, hezkuntza-komunitate osoa egiten ari den ahalegin handiari esker.

Era berean, Hezkuntza Saila ere ikastetxeei baliabideak eta materialak emateko egiten ari den lana nabarmendu du Bildarratzek, gorago aipaturiko helburu hori egia bihur dadin, eta daturik esanguratsuenak eman ditu: une honetan, Hezkuntza Saila 115 milioi euro inguru inbertitzen ari da soilik Covidaren aurkako neurrietan (errefortzuko irakasleak, garbiketako edo jantokietako langileak, garbiketa eta segurtasun materialak, itunpeko ikastetxeei dirulaguntzak, edo udalentzako laguntzak –EUDELen bidez- ikastetxeen garbiketarako)

Udalaguntza eta karpak finantzatzea

Udalerriekiko lankidetza estu horretan kokatzen da Hezkuntza Sailaren Udalaguntza deialdia ere. Aurten, udalek Haur eta Lehen Hezkuntzako udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan instalatutako karpak finantzatzeko aukera ematen du deialdi honek. Jokin Bildarratzek azaldu duenez, 110 karpa instalatzeko eskaerak jaso dira, 53 udaletatik. Hezkuntza Sailak % 90ean finantzatuko ditu karpa horiek, Udalaguntza deialdiaren bidez.

Sare publikoko irakasleen ordezkapen kopuruari dagokionez, Bildarratzek azpimarratu du Sailak 19.378 ordezkapen egin dituela ikasturte hasieratik urtarrilaren amaierara arte, iaz baino % 23 gehiago. Sailburuak datu hori normaltzat eta logikotzat jo du,  egungo pandemia-egoera aintzat harturik, baina era berean, Hezkuntza Saila egiten ari den ahalegina erakusten duen datutzat ere jo du, horrek ikastetxeei eragiten dien ahalegin gehigarria azpimarratzeaz bat.

Azkenik, eta 2021-2022 ikasturterako aurrematrikula-prozesuko eskatzaileen zerrendak argitaratzeko gutxi falta den honetan, sailburuak aurreratu du 2 urteko geletarako matrikula-eskaeren kopurua % 9 jaitsi dela aurreko urteko prozesuarekin alderatuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak