Berriak Segurtasuna

Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.899 isun-proposamen egin dituzte asteburuan Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik

2021-02-08

Joan den ostiraletik igandera bitartean, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako agenteek guztira 1.899 isun bideratu dituzte Euskadin pandemiaren aurka borroka egiteko eta koronabirusaren hedapena geldiarazteko ezarritako osasun-arauak urratzeagatik. Isun gehienak, 1.086, alegia, zirkulatzeko askatasunean ezarritako murrizketak eta gehienez lauko taldetan elkartzeko muga urratzeagatik jarri dituzte.

 

Asteburuan, aipatutako bi polizia-kidegoetako agenteek hainbat eta hainbat kontrol egin dituzte berriz ere osasun-araudia betearazteko. Euskal Autonomia Erkidego osoan ezarritako zaintza-dispositiboetan erregistratutako arau-hausteen balantzeari dagokionez, guztira 1.899 isun bideratu dituzte. Arau-hauste horietako gehienak, zehazki 1.086, mugikortasunean ezarritako murrizketak eta gehienez lauko taldetan elkartzeko ezarritako muga ez betetzearekin erlazionatuta daude. Zehatz-mehatz, 407 isun gauean zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik bideratu dituzte, 357 norbera bizi den udalerriko sarrera-irteeretarako ezarritako mugak urratzeagatik eta 307 eremu publikoetan nahiz pribatuetan gehienez lau pertsonako taldetan elkartzeko muga ez betetzeagatik.

 

Bestalde, maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik jarritako isunak 330 dira. Kalean alkohola kontsumitzeari dagokionez, guztira 266 isun bideratu dituzte. Gutxiago dira ostalaritzan, jatetxeetan eta jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tartea ez uzteagatik edo eremu publikoetan pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzeagatik, edo, besteak beste, ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzeagatik, jarritako isunak.

 

Lurraldez lurralde, honela banatzen da bi polizia-kidegoen jarduera bateratua: 845 isun Bizkaian, 664 Gipuzkoan eta 390 Araban.

 

Isunak baimendu gabeko festak edo ospakizunak egiteagatik

 

Asteburuan osasun-araudia urratzeagatik gauzatu diren esku-hartzerik aipagarrienak Azkoitian, Lezon, Pasaian eta Bilbon gauzatu dira. Azkoitian Ertzaintzak larunbat iluntzeko zortzi eta erdiak aldera esku hartu zuen kalean maskararik gabe eta segurtasun-tartea utzi gabe zeuden eta kasu batzuetan alkohola edaten ari ziren ehun bat pertsona sakabanatzeko. Pertsona horiek zeuden lekura agertu ziren agenteek megafonia bidez eskatu zuten osasun-araudia betetzeko, eta jaramonik egin ez zieten 19 pertsona zehatzeko proposamenak bete zituzten. Bestalde, egun horretan bertan pertsona batek deitu zuen Jaizkibelgo jaitsieran ustez legez kanpoko karrerak egiten ari zirela esanez. Adierazitakoa egiaztatzera agertu ziren polizia-baliabideek ikusi zuten 17 pertsona zeudela bertan maskarak jantzi gabe eta udal-mailako itxiera perimetrala urratzen.

Aurreko egunean, Udaltzaingoak kalean urtebetetze bat ospatzen eta Covidaren aurkako neurriak urratzen ari ziren hamasei pertsona identifikatu eta zehatu zituen Pasaian. Ostiralean bertan 26 isun-proposamen jarri zizkieten Bilboko San Ignazio auzoan kalean alkohola edaten eta segurtasun-neurriak urratzen ari ziren hamalau pertsonari.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko