Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko laguntzak onartu ditu itsasertzeko eremuak sustatu eta garatzeko (Gobernu Bilera 2021-2-9)

2021-02-09
  • Ekonomiarako eta biztanleriarako oinarrizko zerbitzuak ezartzea eta itsasertzeko ondarea kontserbatzea bultzatzen da
  • Azken hiru deialdietan 25 proiektu finantzatu dira guztira, 1,4 milioi euro ingururekin 

Eusko Jaurlaritzak, otsailaren 9an egindako kontseilu bileran, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindua onartu du. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak sustatu eta garatzeko laguntzen deialdia egiten da 2021erako (ITSASPEN programa), laguntzak gehienez ere 500.000 euroz zuzkituta.  

Agindu honek bi laguntza ildo arautzen ditu:

  • Ekonomiarako eta biztanleriarako oinarrizko zerbitzuak ezartzeko laguntzak.

Hartzaileak: udalerriak, zuzenean edo beren erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen, sozietate publikoen, fundazio publikoen, nortasun juridikoa duten udal partzuergoen, mankomunitateen eta eskualdeen bidez. 

  • Itsasertzeko ondarea kontserbatzeko eta hobetzeko laguntzak. 

Hartzaileak:  Administrazio publikoez gain, laguntzak zuzenean edo beren organismo autonomoen edo fundazioen bitartez eskuratu ahal izango baitituzte, laguntzen onuradunak izan daitezke, halaber, irabazi asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuak eta pertsona fisikoek edo juridikoek, publikoek zein pribatuek, eratutako taldeak, bai eta nortasun juridikorik eduki ez arren diruz lagundu daitezkeen jarduerak garatu ditzaketen ondasun erkidegoak ere. 

Eskabideak eta epeak

2021erako eskabide eredua webgune honetan dago eskuragarri:

Gaztelaniaz: http://www.euskadi.eus/servicios/0113707

Euskaraz: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0113707

Eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira, agindua argitaratu eta hilabeteko epean, eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari zuzenduko zaizkio. 

Aurreko deialdiak 

Laguntza hauen aurreko hiru deialdietan guztira 25 proiektu izan dira onuradun, eta 1,4 milioi euro inguru jaso dituzte guztira 3,75 milioi euroko inbertsioak egiteko.

2018an, 11 proiektu onartu ziren, ia bi milioi euroko inbertsioak egiteko aurreikuspenarekin, eta 573.000 euroren laguntza jaso zituzten Itsaspenetik.

2019an zazpi proiektu onartu ziren, eta horiek 482.300 euro jaso zituzten 800.000 eurotik gorako inbertsioetarako; eta 2020an ere zazpi eskaerek jaso zuten oniritzia, eta 483.000 euro guztira, proposatutako 987.000 euroko gastuetarako. 

Proiektuen tipologiari dagokionez, hona hemen adibide batzuk: 

  • Oinezkoentzako pasabide irisgarria eraikitzea, Elantxobeko portu eremu osoa eta hirigune osoa lotuko dituena.
  • Herrerieta kalea berrurbanizatzea Getarian.
  • Gazte Gune eraikina egokitzea Lekeition, musika eskola erabilerarekin bateragarri egiteko.
  • Mutrikuko itsasertzeko ondarea berreskuratzea.
  • Leioako bidegorrien konexioa.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko