350.000 euro, Euskadiko abere arraza garbien abeltzaintzako elkarte eta erakundeen jarduerak finantzatzeko (Gobernu Bilera 2021-2-9)

2021-02-09
  • Landa eremuen eta mendiko nekazaritzaren garapenean lagun dezaten, hori baita Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat
  • Dirulaguntzak ematen dira lehiaketak antolatu eta horietan parte hartzeko, liburu genealogikoak sortzeko edo mantentzeko, eta ganaduaren kalitate genetikoko edo errendimenduko probak egiteko 

2021ean Euskal Autonomia Erkidegoan abere arraza garbien elkarte eta erakundeak diruz laguntzeko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eman duen Agindua onartu du Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Guztira 350.000 euroz zuzkituko dira laguntzak, eta abeltzaintza lehiaketak antolatu eta horietan parte hartzeko, liburu genealogikoak sortu edo mantentzeko, eta ganaduaren kalitate genetikoko edo errendimenduko probak egiteko gastuak lagundu ahal izango dira diruz.

Erakunde onuradunak dira, batetik, liburu genealogikoak kudeatuz, hautaketa programak gauzatuz eta errendimenduak kontrolatuz ustiategiak modernizatzeko ahaleginak koordinatu eta bultzatzen dituztenak. Eta bestetik, lortutako emaitzen zabalkundea egin eta abereak eta abereen produktuak saltzen laguntzen dutenak, ekoizpen eraginkorragoa eta abeltzaintzako ustiategi errentagarriagoak lortzea ahalbidetzeko, programa berritzaileak eta teknologia berriak apurka-apurka aplikatuta. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko landa eremuak eta mendiko nekazaritzakoak garatzen eta bultzatzen laguntzen dute, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat baita.

Eskabideen aurkezpena

Deialdi honetako laguntzak eskuratzeko eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita. Bide elektronikotik aurkeztuko dira. Eskaera, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentuak izapidetzeko zehaztapenak helbide honetan daude eskuragarri:

Gaztelania: http://www.euskadi.eus/servicios/1046105 

Euskara: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1046105

Zuzkitutako 350.000 euroak diruz lagundu daitezkeen elkarte onuradun guztien gehieneko gastuetarako nahikoa ez badira, dirulaguntza hainbanatuko da Legean aurreikusitakoaren arabera.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko