Berriak Herrizaingoa

Ustez bikotekideak Durangon hil zuen emakumezko baten heriotza gaitzetsi du Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak

2011.eko ekainak 23

Atxilotua espetxeratu egin dute epailearen esku jarri ostean

Joan den asteburuan Bizkaiko herri horretan hil zen emakumearen kasuarekiko erabateko gaitzespena agertu du Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak; ustez bikotekidea izan zen hilketaren egilea. Era berean, biktimaren senide eta lagunei laguntza eta babesa eskaini dio Zuzendaritzak.

Emakumezkoen aurkako indarkeria, nolanahi egiten dela ere, biktimen oinarrizko eskubideen aurka doan atentatu larria da. Hortaz, jakitera eman behar dugu, beste behin, eskura ditugun baliabideekin beharrezko neurriak hartuko ditugula gaitz hau gure gizartetik desagertarazteko.

Horretarako, erakunde guztiek batera lan egin eta elkarri laguntzea ezinbestekoa da. Hori dela eta, gertakaria gaitzesteko egingo den ekitaldira bertaratzeko eskatzen diegu herritar guztiei. Datorren astelehenean (ekainak 27) izango da 20:00etan, Durangoko udaletxearen aurrean. Mariola Serrano, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria, ere bertan izango da Zuzendaritzaren ordezkari gisa.

Atxilotua espetxeratu egin dute

Bestalde, aipatutako hilketaren egilea delakoan Ertzaintzak atxilotu zuen gizonezkoa epailearen esku jarri dute gaur (osteguna) goizean Durangon. Atxilotua biktimaren bikotekidea zen eta Ertzaintzak gertakariaren ostean hasitako ikerketari esker atzeman zuten. Genero-indarkeria kasuez arduratzen den Instrukzioko 4.zk-ko Auzitegiko epaileak ustezko egilea espetxeratzeko agindua eman du arratsaldeko lehen orduan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko