Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Euskal herritarrek oso positibotzat jotzen dute Osakidetzatik koronabirusaren aurrean jasotzen duten arreta

2021-02-05
  • Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek pandemiari buruz dituzten pertzepzioak eta jarrerak ezagutzeko egindako azken zundaketa argitaratu du Eusko Jaurlaritzak
  • Gehiengo handi batek (% 75) txertoa hartzera joango dela dio
  • 3tik 2k uste dute 2022ra edo 2023ra arte ez garela itzuliko pandemiaren aurreko agertokira

Euskal herritarrek oso positibotzat jotzen dute Osakidetza Covid-19 gaitza duten pertsonei ematen ari zaien osasun-arreta, batez beste 7,6 puntu lortzeraino. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak urtarrilaren amaieran pandemiaren inguruan Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek dituzten pertzepzioak eta jarrerak ezagutzeko egindako galdeketaren datuak dira.

Ikerketak agerian uzten du biztanleriak kezka handia duela koronabirusaren hedaduragatik, baita krisiak familia-ekonomian eta Euskal Autonomia Erkidegoan izan ditzakeen ondorioengatik ere. Hala, “okerrena iristear” dagoela uste dute % 45ek.

Pandemiari aurre egiteko hartutako neurriei dagokienez, gehiengoaren iritzia da biztanleak gizalegez eta elkartasunez erantzuten ari direla.

Gainera, inkestatutako pertsonen % 40k uste dute neurri murriztaileagoak ezarri beharko liratekeela, pandemiaren egungo bilakaera kontuan hartuta. Beste etxe-konfinamendu bat ezartzeko aukera biztanleen % 45ek babesten dute. % 52, berriz, horren aurka daude.

Lanak egiaztatzen du, halaber, euskal herritar gehien-gehienek kutsatzeko arriskuaren pertzepzio txikia dutela. Hala, % 71k uste dute, beren jarduerak, kontaktu pertsonalak eta hartzen dituen prebentzio-neurriak kontuan izanda, ez dutela arriskurik edo arrisku txikia dutela koronabirusaz kutsatzeko.

Gehien-gehienek txertoa hartuko lukete

Azterlan horren arabera, EAEko herritar gehien-gehienak (% 75) txertoa hartzera joango dira horretarako aukera ematen zaienean. Aldiz, % 19k oraindik ez dute segurtasunik, eta % 5ek ez dutela hartuko adierazi dute.

Azkenik, etorkizuneko itxaropenei dagokienez, galdetutako 3 pertsonatik 2k uste dute 2022ra arte, edo 2023ra arte ere, ezingo garela berriro bizi pandemiaren aurreko antzeko egoera batean.

Informazio gehiago

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko