Berriak Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena
qrcode

Euskadik sorkuntza berriztagarrien herritar kooperatibak sustatuko ditu, Ekiola sozietate berriaren bidez

2021-02-08
  • Aitzindaria den ekinaldi honek, gaur goizean, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko sailburuak eta Iñigo Ucín Corporacion Mondragoneko presidenteak aurkeztua, aukera emango die herritarrei parte hartzeko energia berriztagarrien sorkuntzan eta kudeaketan, udalerrietan eta eskualdeetan instalatuko diren eguzki parkeen bitartez
  • Ekiola lankidetza publiko-pribatuari esker eratu da, EEE Energiaren Euskal Erakundearen eta Corporación Mondragonen barneko KREAN ingeniaritza sustatzailearen artean, Euskadin energia berriztagarrien aldeko proiektu garrantzitsuetan bazkide direnak lehendik, hala nola Ekian eta Ekienea izenekoak, bertan sortutako eta ekonomikoki bideragarri diren energia baliabideak ustiatzen ari diren egitasmoak, hain zuzen ere

Eusko Jaurlaritzako eta Corporación Mondragóneko energia alorreko goi mailako ordezkariek ezagutzera eman dute gaur goizean, Txillida Lekuko Zabalaga baserrian, Ekiola Energia Sustapenak sozietatearen eraketa, energia iraunkorra sortzeko herritar kooperatiben sustapenari begirako sozietatea. Aurkezpenean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko sailburuak, Iñigo Ucín Corporación Mondragóneko presidenteak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta Jon Berbel Kreaneko zuzendari nagusiak hartu dute parte.

Energiaren Euskal Erakundearen eta Kreanen arteko bazkidetza honi esker, Euskal Autonomia Erkidegoan energia aldaketaren Europako Estrategia abiarazi eta aurrera eman ahal izango da, herritarren ahalduntzean oinarritzen dena, kontsumitzeko energia berriztagarrien sorkuntza eta kudeaketari dagokionez, kontsumitzaile aktiboa eta energia-erkidegoa izeneko figura berrien bidez. Izaera korporatiboko energia-erkidegoen eraketak, sistema elektrikoaren barruan jardun eta zeregin jakin bat izateaz gain, tokiko eta hurbileko administrazioen eskutik doazenak, ahalbidetu ahal izango du abian jartzea zenbait proiektu energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko instalazioen inguruan.

EEEren eta KREANen iritziz, Ekiola egitasmoa garrantzi handikoa da; izan ere, herritarren parte-hartzeari bide ematen dio. Integrazio eredu handi-handia eratzea lortu nahi da, ezarriko den udalerri bakoitzaren energia ikuskera aldaraziko duena, herritarrak autokudeaketa korporatiboaren errealitatean murgiltzeko xedez; beti ere proiektuokin bat egingo duten herritarren energia premiei erantzunez.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko sailburuak era honetan kalifikatu du ekinaldia “energia gobernantza berriko egitasmo bat da, Europako energia politikoen ildotik doana eta Euskadiko 2030 Energia Estrategian ezarritakoarekin bat eginik, energia autohornikuntza sustatzeko beharra azpimarratzen duena”, energia berriztagarrien aprobetxamendu eta energia autokontsumoa sustatzen dituzten sistemen bitartez.  

Iñigo Ucín Corporación Mondragoneko presidenteak hauxe adierazi du “sektore honetako kooperatiben eraketa Euskadiko idiosinkrasiarekin bat datorren formula bat da, dimentsio handiagoko egitasmoak gauzatzea ahalbidetzeaz gain, herritar ugari inplikaraztea dakartzatenak”. Halaber, modu horretan, kontsumitzaileen parte hartze zuzena bideratzen duen kooperazio proiektua da; udalen eta tokian tokiko administrazioen eta eragileen esku hartzea ere ahalbidetzen duena energia sortzeko instalazioen kontrolean.

Azpeitia izango da, luze gabe, lehen herria horrelako eguzki instalazio bat, bertan, martxan jartzeari begira urratsak egiten hasiko dena. Gainera, datozen egunetan, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek akordio bana sinatuko dute sozietatearekin, dagokien lurralde historikoan gisa horretako instalazioak sustatze aldera. Azpeitiko alkateak, Nagore Alkortak, parte hartu du ekitaldian, Josean Galera Arabako Ingurumen eta Herrigintza foru diputatuarekin eta José Ignacio Asensio Gipuzkoako Obra Hidraulikoarekin batera.

Energia kooperatibak

Kooperatiben eraketak, gure herriaren balio eta egitura ekonomikoaren ildo beretik joateaz gain, aukera ematen du dimentsio handiagoko proiektuak sortzeko, herritar askoren parte hartzea dakartzatenak. Dimentsio esanguratsua izango duten energia azpiegiturak izatea ekarriko du formula horrek (1 MW eta 5 MW arteko potentzia izango duten eguzki parkeak), hurbileko energia sortuko dutenak (0 kilometroa), kooperatiban parte hartuko duten pertsonen eta familien onura gogoan izanik: instalazio fotovoltaikoei lotutako ekonomiaren aprobetxamendua, instalazioak propioak bezala identifikatzea eta horien kontsumo elektriko osoaren baliokidea izango den energia kantitatea sortzea haietan. Proiektu horien kudeaketa eta bideragarritasunaren diseinuaren sistematika honako honetan datza: kooperatibaren jabetzaren zati bat eskuratzean kooperatibisten aldetik, hauen etxebizitzaren kontsumo elektrikoaren baliokidea eta faktura elektrikoan jasota geratuko dena.

Kooperatiba bakoitzak eraiki eta erabiliko ditu instalazioak sorkuntza-kostu egonkorrarekin, erabiltzeko edo jarduteko epe luze batez (25 urtez edo gehiago) eta pertsona edo familia kopuru handiarentzat kudeatuko dena. Hala, instalazio horiek dimentsio ertain-handia duen proiektu baten ekonomiaren parekoa izango dute. Etekinak edo emaitzak kooperatibistentzat izango dira, faktura elektrikoaren bidez. Hartara, bakoitzak bere instalazioaren sorkuntzaren emaitzak ikusi ahal izango du urtero, bai ekonomikoki, bai elektrikoki, eta, aldi berean, horien askotariko eragina ebaluatzeko moduan egongo da, hala nola ingurumen, iraunkortasun, tokiko aberastasunaren sorrera eta haren kontsumoaren ekonomiaren berari dagokionez. 

Dagoeneko, harremanak hasi dira udal eta administrazio batzuekin, aurrerapausoak eman ditzaten alor honetan, lehen kooperatiben eraketa 2021. urtean izateko asmoz.

0 kilometroko energia

Energia kontsumitzeko tokiko kooperatiben egitasmo horri esker, herritarrek ulertu ahal izango dute nola kontsumitzen duten energia eta beren instalazioek nola sortzen duten. Era horretan, kontsumo-estrategiak ezartzeko aukeraz baliatuta, ekonomiak doitze eta hobetze aldera, sortzeko eta kontsumitzeko era ahalik eta hurbilen egon dadin lortzeko. Kooperatiban partaidea izateak ekarriko du inbertsio bat egitea, instalazioa osatuko duten panelen erosketa egiteko. Oso funtzionamendu-epe luzea izango dute horrelako instalazioek (hasierako aurreikuspenen arabera, 25/30 urte, kooperatiba bakoitzak epe hori luzatzeko aukera izango badu ere), ia bizitza osorako irtenbidea izan litekeena.

 Inbertsio hori berreskuratzen edo itzultzen joango da pixkanaka-pixkanaka, proiektu bakoitzean pertsonalizatuko den berreskuratze planaren arabera. Aldi berean, urteroko fakturetan jasota geratuko dira sorkuntza elektrikoari lotutako emaitza ekonomikoak.

Horrenbestez, helburua da pertsona bakoitzak kontsumitzen duen adina elektrizitate berde sortzea, protagonista sentitzea etxeko premiak asetzeko moduari dagokionez, eta hartara, energia berriztagarriaren sorkuntzan parte hartzeko bideak zabaltzen edo jorratzen hasiko dira. Hori guztia, jakina, gertuen dauden administrazioen eta erakundeen laguntzaz, kudeaketa egoki eta zuzena ziurtatzeko; beti ere kooperatibismoaren ereduaren esparruan, prozesu osoaren protagonista izatea dakarrena.

 

2 iruzkin
  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2021-02-08

    Con posible apropiación red de distribución expropiada.

  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2021-02-08

    Desjabetutako banaketa-sareaz jabetzeko aukerarekin.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñigo Ucín (Mondragon Korporazioko presidentea); Jon Berbel (Krean erakundeko zuzendari nagusia)