LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak arrakasta handia izan du Europako Batzordearen bisitan

2021-02-04
  • EAEko klima ekintzaren alorreko proiekturik garrantzitsuena da. Hogei bat erakunde daude inplikatuta, eta 19,8 milioi euroko aurrekontua du.
  • Europako Batzordeko ikuskatzaileak 2020an izandako aurrerapena baloratu du, pandemiak eragindako zailtasunak kontuan hartuta.
  • Aurten, besteak beste, honako jarduketa hauek egin dira: autokontsumoko energia berriztagarrien proiektuak, Artikutzako urtegia naturalizatzea eta Oberan (Donostia) basotu aurreko lanak; Gasteizko hiri inguruko lurzatien sailkapen agroekologikoa, eta Tonpoiko gune naturala berreskuratzea (Bermeo).

EAEko klima‑ekintzaren alorreko proiekturik garrantzitsuena hasi da lehen urratsak ematen. LIFE IP Urban Klima 2050 du izena proiektuak, eta klimaren ondorioetara egokitzeko eta ondorio horiek murrizteko 40 ekintza hartzen ditu barne. Ekintza horiek EAEko hiru eremu geografikotan gauzatzen dira: kostaldean, ibaietako arroetan eta hiri‑eremuetan. Duela egun batzuk, ekimenean parte hartzen duten 20 erakundeek (Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren zuzendaritzapean daude) osatutako partzuergoak, Europako Batzordeko ikuskatzaileak eta monitorizazio‑taldeko arduradunek bilera egin zuten. Izan ere, Europako LIFE programak ekimenaren % 52 finantzatzen du (19,8 milioi euroko aurrekontu osotik, 10 milioi euro inguru).

Proiektuaren EBko arduradunak erakunde kideek egin duten ahalegina baloratu du, COVID‑19ak sortutako zailtasunak kontuan hartuta. Diana Oanceak EASMEtik (Europako Batzordeko ETEentzako Agentzia Exekutiboa) gainbegiratzen du proiektua, eta adierazi du «Urban Klima 2050 proiektuaren bidez EAEko sektore‑politiketan klima‑aldaketa txertatzeko lana beste eskualde batzuetara transferi daitekeen jardunbide egokia dela».

LIFE Urban Klima 2050 proiektu integratua duela urtebete jarri zen abian, eta, pandemiaren ondorioz, aurreikusita genituen ekimen batzuk abiarazteko zailtasunak izan dira. Hala ere, plan alternatiboak garatu dira, eta lehen mugarrietako batzuk bete.  

Lehen urte honetan, hainbat ekintza aktibatu dira. Esaterako, Klima‑aldaketaren Euskadiko estrategiaren (KLIMA 2050) berrikuspenean aurrerapauso bat egin da. Azterketa hori, hain zuzen, oso baliagarria izango da 2021. urtean diseinatuko den Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Plana prestatzeko.

 

Esku hartzeko proiektu pilotuak

LIFE UP Urban Klima 2050 proiektuak jarduketa pilotuak gauzatzen ditu EAEko hiru hiriburuetan (Bilbon, Donostian eta Gasteizen), bai eta beste lau udalerritan ere: Bakion, Bermeon, Gernika‑Lumon eta Zarautzen.

Proiektuaren esparruan, EAEko kostaldea klima‑aldaketara egokitzeko esku‑hartzeak egiten ari dira; besteak beste, bideo bidezko monitorizazio‑sistema bana instalatu dira Kontxako badian eta Zarauzko itsas pasealekuan, denboraleetan itsasoak gainezka egiten baitu. Historian zehar izandako kalteen diagnostiko bat egin da, eta munduko beste toki batzuetako antzeko jarduketetan oinarritutako neurriak aztertzen ari dira.

Bestalde, irtenbide naturalak lantzen ari dira hiru lurraldeetan. Zenbait ekintza abiarazi dira, hala nola lurzatiak labore agroekologikoekin sortzeko aholkularitza ematea eta Gasteizko hiri‑inguruko eremuak lehengoratzea. Donostian, halaber, Artikutzako urtegiko eremua naturalizatu da, eta Oberan basotu aurreko lanak egin dira.  Bermeon, bestalde, Tonpoiko gune naturala berreskuratu da, eta oinezkoentzako pasealeku berri bat egin.

Horrez gain, udaletako larrialdi‑planetan, ur‑politiketan eta udaletako osasun‑politiketan ekintza klimatikoko irizpideak ezartzeko lan egiten ari da.

Beste ekintza espezifikoago batzuek helburu dute klima‑aldaketaren eta gaixotasunen bektore posibleen arteko lotura ezagutzea. Azken urtean, zehazki, intsektu batzuk identifikatzeko ikerketa bat egin da, bi eltxo espezie aurkitu baitira 18 udalerritan (Aedes albopictus eta Aedes japonicus).

Klima‑aldaketa murrizteko hainbat ekintza ere prestatzen ari dira. Adibidez, eskualde mailan berotegi‑efektuko gasen emisioak kalkulatzeko tresna. Proiektuaren esparruan garatu den tresna honek aukera emango die eskualdeko erakundeei beraien lurraldeko karbono‑aztarna eta berotegi‑efektuko gasen emisioak kalkulatzeko. Tresna egiteko, oinarritzat hartu da udalerriek Udalsarea 2030 programari esker erabiltzen duten tresna. Udalsarea 2030 jasangarritasunerako udalerrien euskal sarea da, eta 191 udalerrik osatzen dute.

Gainera, energiari lotutako proiektuak daude martxan, hala nola autokontsumoko energia berriztagarrien bost proiektu berriak (Donostian).

 

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua

EAEko ekintza klimatikoko proiekturik garrantzitsuenak euskal lurraldea eraldatuko du. Horretarako, klima‑aldaketara egokitzeko eta ondorioak murrizteko 40 ekintza koordinatuko ditu 2019‑2025 aldian. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Ihobe sozietate publikoak zuzentzen du proiektua, eta hogei erakunderekin batera egiten du lan. Erakunde horien artean, honako hauek daude: Eusko Jaurlaritzako bi arlo (Osasun Saila eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza), hiru foru‑aldundiak, Bilboko, Gasteizko, Donostiako, Bakioko, Bermeoko, Gernika‑Lumoko eta Zarauzko udalak, Eusko Jaurlaritzako bi sozietate publiko (EEE eta URA), teknologia eta ikerketa zentroak (AZTI, BC3, Neiker, Tecnalia eta Tecnun) eta Naturklima fundazioa.

Proiektuak 19,8 milioi euroko aurrekontua dauka, eta, horri esker, KLIMA 2050 Klima‑aldaketaren Euskadiko estrategia zabaldu ahal izango da.

5 iruzkin
  • @EVEuskadi
    2021-02-18

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: ℹ️LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak arrakasta handia izan du Europako Batzordearen bisitan⏩https://t.co/L3yOacLPqw
    ℹ️El proye…

  • @BK1_wazing
    2021-02-17

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: ℹ️LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak arrakasta handia izan du Europako Batzordearen bisitan⏩https://t.co/L3yOacLPqw
    ℹ️El proye…

  • @urbanklima2050
    2021-02-17

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: ℹ️LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuak arrakasta handia izan du Europako Batzordearen bisitan⏩https://t.co/L3yOacLPqw
    ℹ️El proye…

  • 2021-02-07

    Oraindik ere, diskriminaziozko diskurtsoak entzuten dira, laguntzen bila ote datozen, eta, era berean, ondorengoak ere izaten dira, baldin eta ez badakite aparatu elektronikoa herrialdeetatik atera dela eta, ondorioz, kutsatzaileagoak diren herrialdeek, gainera, emisioen merkatua erabiltzen dute.

  • 2021-02-07

    todavía se oyen discursos discriminatorios de si se viene a por las ayudas e igualmente se tiene descendencia cuando no saben que el aparato electrónico se ha sacado de países pueden acabar en conflicto del impacto medioambiental consumo desenfrenado países más contaminantes utilizan además el mercado de emisiones.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko