
Kontroleko osoko bilkura (2021/2/5)
Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.
Galdera, Luis Javier Tellería Orriols Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, COVID-19ak eragindako epidemiaren ondorioz lehendakariak euskal gizarteari helaraz diezazkiokeen ikuspegiei buruz.
Iñigo Urkullu lehendakariak, azkeneko hamar hilabeteetan jasandako egoeraren aurrean gizarteak egindako ahalegina txalogarria nabarmendu du, eta, hemendik aurrera, jarrera bera mantentzeko deia egin du, hau da, “neurri guztiak zorroztasunez betetzen jarraitu behar dugu”, adierazi du.
Datozen hilabeteei begira, Lehendakariak esan du bi aldagaik baldintzatzen dutela pandemiaren bilakaera: birusaren aldaeren aldagai negatiboak eta txertaketaren eraginaren aldagai positiboak. “zalantzarik gabe, txertaketa pandemiaren aurkako estrategiaren funtsezko oinarria da eta izango da”, ziurtatu du.
Horrela, bi helburu partekatu ezarri ditu: batetik, intzidentzia-tasa metatua, 14 egunetan, 100.000 biztanleko 500 kasutik behera jaistea; eta, bestetik, tasa hori 60 kasura jaistea.
Galdera, Rebeka Ubera Aranzeta EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Osasuneko sailburuak dimisioa emateko beharrari buruz.
Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du Gotzone Sagarduik Legebiltzarraren gehiengoaren, Eusko Jaurlaritza guztiaren eta Lehendakariaren babes osoa daukala; eta azpimarratu du une oro egia osoa esan zuela, bai bere aurreneko agerraldian, urtarrilaren 20an eta baita bigarrenean ere, urtarrilaren 27an. “Arazoak ezagutu eta berehala neurriak hartu zituen, arduradunei kargua uzteko eskatuz. Berak eskatu zuen agerraldia eta informazio osoa eskaini zuen hemen. Ez zituen, inolaz ere, arazoak ezkutatu edo ekidin. Alderantziz, gaizki egindakoa onartu zuen eta antolakuntza neurri berriak aurreratu zituen berriro ere ez gertatzeko”, azaldu du. Hau horrela, Lehendakariak esan du sailburua bere karguarekin jarraitzeko moduan dagoela eta horrela egingo duela.
Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, SARS-CoV-2aren aurka txertatzeko prozesuari buruz.
Lehendakariak adierazi du Osasun sailak egindako azterketa eta emandako azalpenak azkarrak eta osoak izan direla. "Gertakarien arabera, bi irregulartasun larri izan dira, eta antzeman, argitu eta garbitu egin dira. Gertaerek erakusten dute erreakzioa berehalakoa, irmoa eta gardena izan dela. Horrela izaten jarraituko du ", gaineratu du.
Urkulluren esanetan, ez da akatsik edo disfuntziorik ezkutatu edo ukatu, eta ezin da bermatu etorkizunean akatsik ez izatea, ezta prozedura guztiak perfektuak izatea ere. Zentzu honetan, akatsik egonez gero, azkar erreakzionatuko dutela, gardentasunez jokatuko dutela eta, ekintza larriak izango balira, ardurak eskatu eta neurriak hartuko dituztela baieztatu du Lehendakariak.
Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Polularra- Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Osasun Sailak berak babestu dituen txertaketa irregularrarengatik larriagotu den krisiaz lehendakariak duen balorazioari buruz.
Lehendakariak ziurtatu du ez dagoela krisirik Osasun sailean eta Osakidetzan; birus suntsitzaile eta global batek eragindako krisia dagoela baizik, modu eraginkorrean aurre egiten ari zaio “covid krisia”, hain zuzen. "Osasun Sailean eta Osakidetzan “covid krisia"ren aurka egunero borrokatzen duten pertsona guztien balorazio oso altua dut. Lehendakariaren, Jaurlaritzaren eta Legebiltzar honen gehiengoaren konfiantza dute", berretsi du.
Osasun publikoarentzat hain zailak diren une hauetan, Osakidetzak herritarren konfiantza irabazten duela azpimarratu du Urkulluk. Horren harira, Osakidetza gehien baloratzen den erakundeetako bat dela azpimarratu du; izan ere, euskal herritarrak osasun-zentro edo ospitale batean sartzen direnean, esku onetan daudela sentitzen dute; "osasun publikoaren defentsan eta pandemiaren aurkako borrokan lan egiten duten profesional, arduradun tekniko eta zuzendariei esker", zehaztu du.
Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, erakundeen egonkortasunari eta herritarrek erakundeetan sinetsi beharrari buruz.
Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu du Osasun saila eta Osakidetza zorroztasunez eta planifikazioz jokatzen ari direla; une oro hartu dituzte neurriak, horien berri eman dute eta behar izan denean eguneratu dituzte, etorkizunean horrelakorik gerta ez dadin. Ildo horretan, azaldu du eguneratu egin dela erabiltzen ari zen txertaketaren barneko antolaketa-metodologia; orain, Osakidetzaren Asistentzia Zuzendaritzan zentralizatu da txertaketaren erantzukizuna, ESIekiko eta osasun-zentroekiko harreman-protokoloa eguneratu da, eta baliabideak eta kontrolak indartu dira halakorik berriro gerta ez dadin.
"Horrelako arazoak berriro ez errepikatzea nahi nuke. Nolanahi ere, berma diezazuket, zuri eta herritar guztiei, kontrolek funtzionatzen dutela eta Eusko Jaurlaritza gardentasunarekin eta zintzotasunarekin konprometituta dagoela ", adierazi du lehendakariak beste behin ere. Gainera, Osakidetza beharrta duten pertsona guztiak artatzen jarraituko duela eta txertaketa-egutegia planifikatuta dagoen bezala beteko dela ziurtatu du.
Galdera, Mikel Otero Gabirondo EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Zaldibarko hondamendiaren inguruko erantzukizunen inguruan.
Lehendakariak erantzukizunarekiko, zorroztasunarekiko eta gardentasunarekiko bere, eta Eusko Jaurlaritzaren, konpromisoa agertu du. Hala, Joaquin Beltran bilatzen jarraituko dutela ziurtatu du, operatiboaren segurtasuna eta osasun publikoa bermatuz, eta familiei informazioa emanez. Gainera, egia nagusitzeko eta gertakariak epaitzeko bideak ireki dituztela esan du, eta Gobernuak erantzukizun guztiak zorrotz eskatuko dituela gaineratu du. Azkenik, Eusko Jaurlaritza hondakinak eta zabortegiak kudeatzeko politikak hobetzeko lanean ari dela esan du. "Gure helburua kudeaketa hobetzea eta horrelakorik berriro ez gertatzea da", gaineratu du