Eusko Jaurlaritzak online ikastaro bat antolatu du museoetako langileak digitalizazio-prozesuetan trebatzeko

2021-02-02

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak digitalizazioari buruzko ikastaro bat antolatu du Euskadiko Museoen Erregistroan izena emanda dauden museoetako langileentzat. Guztira, zazpi online saio izango dira, eta museoetako langileek eremu digitalerako plangintza estrategikorako gaitasunak eta trebetasunak garatu ahal izango dituzte, modu teorikoan zein praktikoan. 

Halaber, izena ematen duten pertsonek ulertu ahal izango dute zer-nolako garrantzia eta eragina duen estrategia digitalak bildumak eta ezagutza publikoarekin konektatzeko, baliabideak optimizatzeko eta barne-prozesuak hobetzeko. Gainera, lan egiten duten museoan ikastaroaren ezagutza teoriko-praktikoak aplikatzeko aukera izango dute. 

Conxa Rodàk eta Clara Merínek emango dute ikastaroa. Museu Nacional d 'Art de Catalunyako eta Universitat Oberta de Catalunya-ko Kultura Erakundeentzako Estrategia Digitalaren graduondoko zuzendariordea da Rodà, eta graduondoko horretan bertan irakaslea da Merín. 

Online ikastaroan, besteak beste, gai hauek landuko dira: 

  • Estrategia digitalari buruzko teoria
  • Estrategia digitalek jendearengan duten eragina
  • Edukien estrategia
  • Kanal eta plataforma digitalak
  • Ekintza-plan digitala
  • Diagnostiko digitala
  • Estrategia digitalaren komunikazioa
  • Sare sozialetako estrategia 

Saioak otsailaren 12an hasiko dira eta otsaila eta apirila arteko zazpi ostiraletan egingo dira. Interesatuek otsailaren 5a baino lehen eman beharko dute izena, eta mezu elektroniko bat bidali beharko dute kultura-museoak@euskadi.eus helbidera, beren datu pertsonalak, zein museotan lan egiten duten eta zer funtzio dituzten adieraziz. Harremanetarako helbide elektroniko bat ere eman beharko dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak