Euskadik politika industrialari buruzko aholkularitza emango dio Europako Batzordeari datozen lau urteetan

2021-02-02

 

  • Europako Batzordeak Euskadi aukeratu du Vanguard Initiative eskualde-sarearen ordezkari izan dadin bere Foro Industrial berrian

 

  • Europako Batzordeak SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendari Cristina Oyón hautatu du datozen lau urteetan Foro horretan parte har dezan

 

2020ko martxoan, Europako Batzordeak Europarako estrategia industrial berria onartu zuen, Foro Industrial bat sortuko zela iragarriz. Foro Industrial horrek ekosistema industrial desberdinen azterketa sistematikoa egiten lagunduko dio Europako Batzordeari, eta industriak trantsizio jasangarri eta digitalean dituen arriskuak eta premiak ebaluatuko ditu. Era berean, Foro Industrialak ahaleginak koordinatuko ditu COVID-19aren ondorengo suspertze fasean, eta EBko herrialdeen eta industriaren arteko jardunbide egokien trukea ahalbidetuko du, ekosistema industrialak eraldatzeko.  

Foro Industriala 55 adituk osatzen dute, denak ere EBko 27 estatu kideen, ekosistema industrial anitzen, mundu akademikoaren eta gizarte zibilaren ordezkariak. Enpresa elkarteek, agente teknologikoen eta Europako klusterren sareek, Europako sindikatuen elkarteak eta Vanguard Initiative eskualdeen sareak lankidetzan jardungo dute datozen 4 urteetan, konponbideak elkarlanean diseinatzeko berrikuntza-politiken testuinguru zabal batean, hots, muga sektorial tradizionaletatik harago.

Euskadi Vanguard Initiative sarearen ordezkari izango da Foro Industrialean, sarearen fundatzaile eta zuzendaritza-batzordeko kide izaki. Vanguard Initiative sareak Europako hogeita hemeretzi eskualde biltzen ditu, guztiak oso industrializatuak eta konpromiso politiko bera partekatzen dutenak: euren espezializazio adimenduneko estrategiak baliatzea hazkunde berri bat bultzatzeko, bai enpresetako berrikuntzaren bidez eta baita ere industria berrituz Europako industriarentzat lehentasunezkoak diren eremuetan.

Foro Industriala otsailaren 1ean abiatu da. Lehen bileran parte hartu dute Europako Batzordeko Ekonomiako presidenteorde exekutiboak, Valdis Dombrovskis Merkataritzako komisarioak, Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehiaren presidenteorde ekonomikoak eta Thierry Breton Barne Merkatuko komisarioak.

Europako Batzordeak SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendari Cristina Oyón aukeratu du datozen lau urteetan Foro horretan parte hartzeko Vanguard Initiative sarearen ordezkari gisa. Europako Batzordeak 2018an ere hautatu zuen Cristina Oyón 20 adituen taldean parte hartzeko eta Europako industriaren 2030erako ikuspegiaren definizioan aholkatzeko. Izendapen horren bidez aitortza egiten zaio Euskadik arlo industrialeko politika arrakastatsuen definizioan duen esperientziari.

Adituen foroak Europako Batzordearen Industry Days jardunaldian -otsailaren 23tik 26ra- ekingo dio bere aholkularitza jarduerari

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko