Eusko Jaurlaritzak kontserbazio naturalaren aldeko apustua egiten du, krisialditik suspertzeko erresilientzia-elementu gisa (Gobernu Bilera 2021-2-2)

2021-02-02
  • Gaur Hezeguneen Mundu Eguna da, nazioarte-mailan hezeguneak babesteko Ramsar hitzarmenaren sinaduraren omenez 
  • Euskadik 508 hezegune ditu, eta, haietatik, 6k garrantzia berezia dute nazioarte-mailan, eta Ramsar zerrendan jaso dira: Urdaibai, Laguardiako urmaelak, Txingudi, Salburua, Ulibarri-Ganboa eta Gesaltza Añana 
  • Eusko Jaurlaritzak Txingudiko eta Urdaibaiko hezeguneak proposatu ditu Next Generation proiektu gisa, eta jarduketa ekonomiko eraldatzaileen zerrendan sartzeko 

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak agerraldia egin du prentsaurrekoan, Hezeguneen Mundu Eguna dela eta –gaur da–, Ramsar hitzarmenaren sinaduraren omenez. Hitzarmena nazioarteko garrantziko hezeguneei buruzkoa da, eta haien kontserbazioa sustatzen du; hitzarmena Ramsar-en sinatu zen, Iranen, 1971ko otsailaren 2an. 

Akordio horrek nazioarte-mailan balio esanguratsua duten hezeguneen zerrenda sortu zuen, eta Euskadik Ramsarrek babesten dituen sei hezegune ditu: Urdaibai, Laguardiako urmaelak, Txingudi, Salburua, Ulibarri-Ganboa eta Gesaltza Añana. Guztira, 1.685 hektarea. Espazio horietan, biodibertsitatearen kontserbazioa, nekazaritza-jarduera eta erabilera publikoa primeran uztartzen dira

Horiek guztiak balio handiko ekosistemak dira, gizarteari ekartzen dizkioten “ekosistemen zerbitzu” ugariengatik; haietan izaten diren prozesuak, biodibertsitatea eta, oro har, fauna-aberastasuna eta, zehazki, aberastasun ornitologikoa kontserbatzeko gakoak, kate trofikoen mantentzea edo nutrienteen birziklapena, ur gezaren hornidura, besteak beste. Gainera, beste eginkizun hidrologiko batzuk ere betetzen dituzte, besteak beste akuiferoen karga, edo uholdeak eteten dituzte kasu batzuetan, eta klima-aldaketa arintzen. 

2030erako, garapen jasangarrirako helburuekin bat etorriz, beste bultzada bat emango da, ingurumen-estrategia zeharkako politika izateko, eta ingurumenaren defentsa espezie guztientzako eta gizakientzako oparotasun- eta ongizate-eragile gisa aurreikusteko. 

Eusko Jaurlaritzak kontserbazio naturalaren aldeko apustua egiten du, krisialditik suspertzeko erresilientziaren elementu gisa. Proiektu eraldatzaile ekonomikoei dagokienez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak proposatu du Txingudiko eta Urdaibaiko hezeguneak Next Generation proiektuak izatea.

Eusko Jaurlaritzak gobernu-ekintza 3 ardatzetan antolatzen du: natura-ondarean ezagutza hobetzea; biodibertsitatea kontserbatzea eta haren balioa nabarmentzea, eta natura-balio handiko ekosistemak eta habitatak leheneratzea. 2020-2026 urterokoetarako, honako kostu hau aurreikusten da: 102,5 M€; kopuru horretatik, Eusko Jaurlaritzak 18,5 M€ hartuko lituzke bere gain eta beste 84 M€-ak, Europako finantzaketak.

Zehazki, ekosistemen eta haien biodibertsitatearen kontserbazio- eta leheneratze-proiektuak, zeinak sustatuko baitu Txingudiko badiako inguruneko espazio naturalak leheneratzeko eta haietako konektibitatea hobetzeko gidari-plana, 27,3 M€ ditu. Bestalde, Urdaibaiko Erreserba Biosferaren leheneratze-, eraldaketa- eta erresilientzia-plana egiteko kopurua 35,6 M€-koa da.

Uraren eta lurraren arteko elkartzeek egiten dituzte leku horiek biodibertsitate handiko ingurune, eta, gaur, bizitza hori osoa ospatzen da, bai eta babesteko beharra ere.  Sailburuak esan duenez, “hezeguneak babestea erabakigarria da Euskadiko hezeguneetan biodibertsitatea leheneratzeko eta berreskuratzeko", eta, nabarmendu duenez, “administrazioen eta eragileen arteko ituntzea erabakigarria da ingurumena eta lurraldea berreskuratzeko lanean emaitza onak izateko”. 

Euskadik honako helburu nagusi hauek ditu hezeguneetarako: 

  • Hezegune bakoitzerako haietako balio naturalak, produktiboak eta zientifikoak eta kulturalak kontserbatzen direla bermatzea.
  • Hondatutako hezeguneetako natura-ingurunea hobetzeko, berreskuratzeko eta leheneratzeko aukera ematea.
  • Haietako natura-baliabideen balioa handitu ahal izateko ekintza-ildoak ezartzea.

 

2 iruzkin
  • 2021-02-02

    Biodibertsitate handiagoko ekosistemak kontserbatzea, hiriarena alde batera utzi gabe

  • 2021-02-02

    Conservar ecosistemas con más biodiversidad sin descuidar el urbano

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan